NEIKER aurrera doa landareetan oinarritutako teknologia batean, lurzoru kutsatuak garbitzeko eta bitartean balio erantsia sortzeko

Albisteak, Araba, Bizkaia

Fitokudeaketa lurzoruak garbitzeko teknologia bat da, ekonomiarako eta ingurumenerako jasangarria, ingurunean ahalik eta inpakturik txikiena eraginez, beste metodo batzuek ez bezala

Lurzoruak garbitzearen batera, egurra, erretxina, bioenergia, olio esentzialak, ekokatalizatzaileak eta abar lortu daitezke

NEIKER irtenbideak bilatzen ari da Europako hegoaldean (Espainia, Frantzia eta Portugal) kutsatutako kokaguneak lehengoratzeko, fitokudeaketako estrategiak erabiliz. Teknologia horrek landareak erabiltzen ditu balio erantsiko produktuak sortzeko –esaterako, egurra, bioenergia, olio esentzialak edo ekokatalizatzaileak– eta ekosistemen zerbitzuak sortzeko –esaterako, karbono bahiketa, higadura kontrolatzea edo biodibertsitatea mantentzea–, lurzorua deskutsatzen den bitartean.

Fitokudeaketak kutsatutako lurzoruak deskutsatzeko teknologia tradizionalen alternatiba izan nahi du, azken horiek eskuarki kostu ekonomiko handiko teknika fisiko-kimikoetan oinarrituta egoten direlarik, eta sarritan ekosistemari ondorio negatiboa eraginez. Horregatik, azken hamarkadetan, teknologia biologikoen erabilera sustatzen ari da lurzoruak deskutsatzeko, merkeagoak direlako eta ekosistemaren osotasuna zaintzen dutelako.

Lurzoruaren garrantzia

Lurzorua baliabide natural bat da, funtzio gakoak betetzen dituena gure biziraupen eta ongizaterako, izan ere, elikagaia, zuntza eta erregaia sortzen ditu; materia organikoa deskonposatzen du; ura arazten du; karbonoa bahitzen du; biodibertsitatea mantentzen du, etab. Horregatik, Nazio Batuen Erakundeko (MBE) Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan onartutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak, zuzenean edo zeharka, lurzoruaren babesari lotuta daude.

Iraganean ingurumena batere zaindu ez duten giza jardueren ondorioz, gaur egun kokagune ugari ditugu degradatuta, lurzoruak kutsatuta daudelako, eta horrek galarazi edo mugatu egiten du nekazaritza edo basogintzarako erabili ahal izatea, parke publikoak sortzea, industri jarduera berriak ezartzea, etab.

Phy2SUDOE proiektua

NEIKER Europako Phy2SUDOE-Interreg proiektuaren esparruan ari da teknologia hori garatzen, haren helburua izanik kutsatutako hainbat kokagunetako biodibertsitatea kontserbatzeko estrategiak ezartzea (adibidez, metalekin oso kutsatutako lurretan hazteko gai diren landareen bidez), bai berez duten balio kontserbazionistagatik, bai aplikazio bioteknologikoetarako baliagarriak direlako.

Hasi berria del Phy2SUDOE proiektua PhytoSUDOE-Interregen jarraipena da, zeinean 8 kokagune autokudeatuko sare bat sortu baitzen Europako hegoaldean. Horrenbestez, Phy2SUDOE proiektuaren asmoak dira aurreko proiektuan osatutako sarea sendotzea; sarea beste 7 kokagune osagarrirekin zabaltzea, kutsadurako beste kasuistika batzuekin eta fitokudeaketako estrategia berritzaileekin; eta metalekin kutsatutako meategi guneetan dagoen biodibertsitate endemikoaren kontserbazioa bultzatzea.

Phy2SUDOEren alderdi berritzaile bat da tipologia askotako bazkideak daudela: unibertsitate eta I+G zentroez gain, kokaguneetako enpresek, administrazioek eta kudeatzaileek parte hartzen dute, eta horrek lagundu egiten du irtenbideen sorreraren eta kudeatzeko estrategien arteko loturak egiten.

NEIKERek esperientzia handia du kutsatu edo degradatutako lurzoruen fitorremediazioan eta fitokudeaketan, eta, zehazki, horien efikaziaren ebaluazioan, lurzoruaren osasunaren adierazleak erabiliz. Esperientzia horren erakusle da ezagutza sakona duela kutsatutako lurzoruen erremediazio biologikorako estrategiei eta lurzoruaren osasuna ebaluatzeko parametro fisiko, kimiko eta biologikoei buruz.

 

Partekatu

Beste berri batzuk