Neiker-ek bi substratu mota garatu ditu araztegiko lohiekin eta metalurgiako hondakinekin

Bizkaia

Neiker-Tecnalia, 2012/03/06

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak bi teknolur mota berri garatu ditu –lur artifizialak– berotegiko laboreetan substratu gisa erabiltzeko. Substratuak egiteko hondakin urak araztetik eratorritako lohiak erabili dira, biomasa errekuntzako errautsak, siderurgia eta metalurgiako hondakinak eta garagar lastoa. Substratu berriek erakutsi dute laboreak hazteko ezaugarri egokiak dituztela, horien artean nutriente mailak (nitrogenoa, fosforoa eta potasioa), azidotasun egokia eta nahasketen materia organikoaren egonkortasuna. Ikerketa Nekazaritzako doktorea den Fenxia Yaok egin du, orain dela gutxi aurkeztu den bere doktore tesiaren lanaren barruan, zeina Espainiako lehenengo doktore tesia den teknolurren ikerketari buruz.

Baratzeko eta basoko produkzio sistemetan, edukiontziko landareen ekoizpenak garapen ikusgarria izan du azken urteotan, zuzenean ereiteari buruz edo landarea soroan ekoizteari buruz duen abantailagatik. Kalkulatzen da EBn urtero kontsumitzen diren labore bitartekoen bolumena 20 eta 30 milioi m3 dela, eta turbak asetzen ditu merkatuaren beharren %85-90. Turba material organiko baliotsua denez eta ez denez berriztagarria, interesgarria da hiri eta industri prozesuetatik datozen hondakin produktuen nahasketak bilatzea, turba ordeztu ahal izateko eta, aldi berean, baliabideen erabilera eraginkorra bultzatzeko.

Neiker-Tecnaliako ikerlariek, Santiagoko Unibertsitatearekin lankidetzan, bi teknolur mota berri garatu dituzte berotegiko laboreetan substratu gisa erabiltzeko. Bi lur motak egiteko erabili ziren osagaiak hauek dira: hondakin uren araztegiko lohiak (EDAR), galdategiko area berdea (metala urtzeko industrian erabiltzen den hondarra, urtutako metala isurtzeko moldeak egiteko), Linz-Donawaitz zepa (altzairua fintzetik datorren zepa), garagar lastoa ea biomasaren errekuntzako errautsak. Desberdintasunaren arrazoia erabilitako lohi mota da: anaerobikoa, aerobikoa eta karez tratatutako aerobikoa; eta nahasketetan erabilitako material inorganikoen eta organikoen proportzioak ere garrantzitsuak izan dira: %5 galdategiko area, %10 altzairutegiko zepa, %2 garagar lastoa, %23-%33 errekuntzako errautsak, eta %50-%60 araztegiko lohia.

Emaitzek erakutsi dutenez, lohi aerobiko horietatik abiatuta landutako teknolurrek nutriente primario gehiago dituzte, hau da, nitrogenoa, fosforoa eta potasioa, baita karbono organiko gehiago ere; karearekin nahasten baziren, ordea, fosforoaren bioerabilgarritasun txikiagoa zuten. Bi teknolurrek ezaugarri egokiak dituzte azidotasunari dagokionez, eta hori interesgarria da metal astunak finkatzeko eta laboreak garatzeko. Horrez gain, biek materia organikoaren egonkortasuna sustatzen dute, eta ondorioz substratuek gehiago irauten dute.

Landareen errendimenduari dagokionez, emaitzek erakusten dute produkziorik handienak karez tratatu gabeko lohi aerobikoa erabiliz egindako nahasketen teknolurretan lortzen direla. Hori bat dator nahasketa horietan erabilgarri dauden nutrienteekin.

Ikerketa zientifikorako bide bat

Ikerketa Fenxia Yao Nekazaritzako doktoreak egin zuen; Yao andreak Shenyangeko (Txina) Nekazaritzako Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Fenxia Yao Espainian teknolurrei lotutako lehenengo doktore tesia aurkeztu duen lehendabiziko pertsona da. Tesia Marta Camps eta Felipe Macias doktoreen zuzendu dute, eta Santiagoko Unibertsitatean defendatu da, joan den urtarrilaren 31n. Oso bide garrantzitsua irekitzen du teknolurren azterketa zientifikorako eta horien aplikazioetarako.

Teknolurrak ekarpena garrantzitsua dira ingurumenari dagokionez. Laboreetarako substratu gisa erabiltzeaz gain, mineral erauzketengatik, herri lanengatik eta abarrengatik degradatu diren guneak lehengoratzeko ere erabil daitezke. Aldi berean, material berrerabiltzeko ere balio dute, izan organikoak zein mineralak, gai horiek bestela zabortegietara joango baitira.

Partekatu

Beste berri batzuk