NEIKERek fitosanitarioen erabilera murrizteko teknikarik berritzaileenak erakutsi dizkie mahastizaintzako profesionalei
Helburua da mildiuaren eta oidioaren aurka borrokatzea, ohiko plagizida gutxiago erabilita
Fitosanitarioak aplikatzeko makinak prest jartzeko beharraren inguruan aritu dira nagusiki Zarautzen eta Guardian egin diren jardunaldiak
Egindako topaketa profesionalak Europar Batzordearen LIFE programa barruko FITOVID proiektuaren zatia dira
NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea hainbat topaketa profesional egiten ari da mahastizaintzan produktu fitosanitarioen erabilera murrizteko teknikarik berritzaileenak erakusteko xedearekin. Topaketak FITOVID proiektuak bere baitan hartzen dituen ekintzetako bat da. FITOVID proiektua, berriz, Europar Batzordearen LIFE programaren zati da, eta bere helburua da erakustea posible dela mahastietan kalteak eragiten dituzten mildiu eta oidio patologia nagusien tratamenduan fitosanitario gutxiago aplikatzea.
Prestakuntzako azken saioak Zarautzen (Gipuzkoa) eta Guardian (Araba) egin dira duela gutxi, eta bertan produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoak ikuskatzeko prozesuen erakustaldiak egin dira. Topaketei esker, mahats eta ardo sektorean dihardutenei jakinarazi ahal izan zaie mahastiek izan ohi dituzten gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen diren makinak kalibratu eta ikuskatu egin behar direla, eta lan horiek zein garrantzitsuak diren. Jardunaldietan profesional ugari elkartu dira, tartean mahastizainak, upategietako teknikariak, produktu fitosanitarioen aholkulariak eta hiru foru aldundietako teknikariak.
Produktu horien erabilera murriztea oso garrantzitsua da, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntutik. Horrela jakinarazi zuen Emilio Gilek, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Nekazaritzako Makinak irakasgaiko irakasleak, fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduak egoera onean eduki beharra dagoela azpimarratzeaz gain.
Makinak derrigor ikuskatu beharra
Makinek ondo funtzionatzen laguntzeko, NEIKER-Tecnaliako teknikariek fitosanitarioak aplikatzeko hainbat makinari aurretiazko ikuskapena egingo diete; zehazki, ehun makinari Arabako Errioxan, eta berrogeita hamarri Gipuzkoan. Proba honekin makinen parkearen egoera ezagutuko dugu, eta makinen jabeek derrigorrezko ikuskapena egin aurretik makinei dagozkien zuzenketak egitea lortuko da.
Horrelako makinen ikuskapenak derrigorrezkoak dira, produktu fitosanitarioen erabilera iraunkorraren gaineko Europako Direktiba argitaratu zenetik. Espainian, azaroaren 19ko 1702/2011 Errege Dekretuak arautzen du prozesu hori, eta, bertan xedatzen denaren arabera, fitosanitarioak aplikatzeko ekipamendu guztiei ikuskapena egin beharko zaie, eta egiaztatutako ikuskapen unitate batek egin beharko du. Ikuskapena egiteko azken eguna 2016ko azaroaren 27a da.
Araudiari buruzko inkesta
Mahastizainek fitosanitarioen aplikazioari buruz dauden araudi guztien gainean zenbat dakiten ezagutzeko asmoarekin, Zarauzko eta Guardiako jardunaldietan inkesta bat banatu zen bertaratuen artean. Galderak, nagusiki, gai hauen gainean ziren: erabilitako ekipamenduen ezaugarrik, dauden araudien gaineko ezagutza, eta makinak kalibratzeko eta ikuskatzeko prozesuak.
Galdetegian lortutako emaitzek erakusten dutenez, bertaratuen portzentaje handi batek ez zuen produktu fitosanitarioen erabilera iraunkorrari buruzko Europako Direktiba ezagutzen, ez eta produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoak ikuskatzeko prozesua ere. Emaitzek agerian uzten dute, halaber, gehienek ez dituztela ezagutzen edo ez dituztela kontuan hartzen produktuak zuzen aplikatzeko funtsezkoak diren alderdiak, esaterako, jito txikiko pitak erabiltzea giroko baldintza desegokietan, edo gehiegizko presioekin lan egitea.Laburbilduz, inkestak erakusten du zein premiazkoa eta garrantzitsua den teknikarien eta nekazarien artean zabaltzea bai produktuen aplikazio egokirako funtsezkoak diren alderdiak, bai produktuen aplikaziorako makinen ikuskapenerako prozedura eta bere alde onak.
NEIKER-Tecnaliak bazkide koordinatzaile lanetan dihardu FITOVID proiektuan, eta beste bazkideak hauek dira; AZTI, Tecnalia Research & Innovation, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa.