NEIKERek mahatsondoen hazkundea kalkulatu du erradiazio infragorriaren igorpena neurtzen duen sistema berritzaile batekin

Bizkaia

Kamera batek landareek eguzki erradiazioaren ondorioz igortzen duten erradiazio infragorria neurtu du

Ikerketa Gernikako Itsasmendi upategiko mahasti batean egin da

Emaitzek praktika agronomikoei buruzko erabakirik egokienak hartzea ahalbidetzen diote upategiari

NEIKER 1Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak sistema berritzaile baten eraginkortasuna egiaztatu du, mahatsondoen hazkunde begetatiboari dagokionez, landareen erradiazio infragorrien emisioa neurtuz. Metodoari Begetazio Diferentzial Normalizatuaren Indizea esaten zaio, (NDVI, ingelesezko sigletan), eta landareen hazkunde begetatiboa kalkulatzen du, hurbileko infragorriari eta gorriari dagokion espektro elektromagnetikoaren bandan landareek islatzen duten eguzki erradiazioa neurtuz.

Hazkunde begetatiboaren mapa zehatzak lortzea guztiz funtsezkoa da upategientzat, baita ere, indarrari dagokionez, diferentzia horiek eragiten dituzten kausak ezagutzea, horien artean egonik lurraren propietateak. Azterketa Gernikan  (Bizkaia) dagoen Itsasmendi upategiaren mahasti batean egin da, nekazaritza berritzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Saileko Berriker deialdian finantzatutako proiektu baten barruan. Ateratako ondorioei esker, bizkaitar upategiak bere plantazioari buruzko ezagutza zehatza eduki ahal izango du, beste onura batzuen artean. Informazio hori oso garrantzitsua da hainbat prozesu erabakigarriri ekiteko orduan, esaterako, landuko diren ardoak egiteko mahats motak aukeratzeko orduan.

Ikerketa egiteko, NEIKER-Tecnaliako espezialistek kamera multiespektral bat erabili zuten, eta neurketak egin zituzten aztertutako lursail osoan barrena. Ekipamenduak mahatsondoek hurbileko infragorrian eta gorrian islatzen dituzten banda elektromagnetikoak jasotzen ditu eta, formula baten bitartez, landarearen egoera kalkulatzen du. Lortutako datuetatik abiatuta, teknikariek aztertutako lursailaren ‘indarraren mapa’ egin zuten, eta hiru gune bereizi zituzten, NDVI indizearen arabera.

Ikerketaren hurrengo urratsa izan zen aztertzea ea alderik zegoen mugatutako hiru guneen errendimenduari eta kalitateari dagokionez. Horrenbestez, egiaztatu ahal izan zen NDVI indizearen arabera indartsuena zen guneko mahatsondoek ahulenek baino %40 gehiago ematen zutela. Kalitateari dagokionez, berriz, ikusi zen hazkunde begetatibo handieneko guneko mahatsak azidotasun handiagoko eta gradu gutxiagoko muztioa ematen zuela. Gainera, egiaztatu zen gunerik sasoitsuenean inausketatik egur gehiago ateratzen zela.

Begetazio, produkzio eta kalitatearen inguruko alde horien oinarrian daude, haien handi batean, lurraren propietateak, batez ere kasu honetan, izan ere, landare materiala, klima eta praktika agronomikoak antzekoak dira lursail osoan. Beraz, lurra aztertzean, ikusten da gunerik indartsuenak lurraren aireztapen hobea duela eta, ondorioz, garapen erradikular handiagoa gertatzen denez, garapen begetatibo hobea lortzen dela, batez ere plubiometria altuko urteetan.

Lortutako emaitzek NDVI indizearen eraginkortasuna erakusten dute, mahatsondoen hazkundea neurtzeari dagokionez. NEIKER-Tecnaliaren ikerketari esker, upategiak gaur egun hobeto ezagutzen du bere mahastia, bai landareari dagokionez bai horri eusten dion lurrari dagokionez. Horrek lagundu egingo dio praktika agronomikoen inguruan erabaki egokiagoak hartzen, eta mahatsa kalitateen arabera sailkatzen, zentzuz eta eraginkortasunez.

Partekatu

Beste berri batzuk