NEIKERek mami moreko eta horiko klonak lortu ditu, balio nutrizional handikoak eta gaixotasunekiko erresistenteak

Araba

. Ezaugarria da oso produkzio ona dutela tuberkuluen neurriari eta kopuruari dagokienez

. Ikusgarriak izanik, oso produktu erakargarria da profesionalentzat zein amaierako kontsumitzaileentzat

 

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak lau patata klon berri sortu ditu, eta beraien ezaugarriak dira antioxidatzaile kantitate handia dutela, produkzio ona dutela tuberkuluen neurriari eta kopuruari dagokienez, eta labore horretan ohikoak diren gaixotasunekiko erresistenteak direla. Klonak metodo naturalak erabiliz lortu dira, Hego Amerikatik datozen aldaerak eta Europan erabiltzen diren aldaera komertzialak gurutzatuz. Emaitza haragi moreko hiru klon eta oso haragi horiko klon bat izan da. Ale horien ikusgarritasuna eta balio nutrizionala dela eta, oso produktu preziatua dira gastronomiaren profesionalentzat eta publikoarentzat oro har.

Klonak sortzeko lana Neiker-Tecnalia Patataren Hobekuntza Genetikorako garatzen ari den Programaren barruan kokatzen da. Ikerketa Raquel Lopez ingeniari agronomoak gidatu du, eta Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu duen doktore tesiaren oinarria izan da. Espezialista horren helburua zen Hego Amerikako pataten ezaugarriak izango zituzten patatak lortzea –usainari, patogenoekiko erresistentziari eta ezaugarri nutrizional eta organoleptikoei dagokienez–, gure inguruetan erabiltzen diren aldaera komertzialen ezaugarriekin uztartuta, batik bat produkzio handiari begira.

Neiker-Tecnaliako ikerlariek 37 aldaera ekarri zituzten Perun dagoen Paparen Nazioarteko Zentrotik. Hegoamerikar aldaera horiek eta aldaera komertzialak berotegian gurutzatu ziren, prozedura naturalen bitartez. Ezaugarririk onenak zituzten aleak hautatu eta gurutzatzearen ondorioz aipatutako lau klonak sortu dira. Oraingoz, klon aurreratuak dira, hau da, ez dira aldaera komertzialak, oraindik ez direlako Landare Aldaeren Espainiako Bulegoan (OEVV) eta Europako Landare Aldaeren Bulegoan (OCVV) erregistratu.  Erregistratzeko prozesua oso luzea da, 15 urte inguru iraun ohi baitu.

Perutik inportatutako aldaerek oso produkzio eskasa izaten dute gure latitudean, bai neurriari dagokionez, bai tuberkulu kopuruari dagokionez. Aitzitik, hautaketa gurutzaketa prozesuaren bitartez amaierako klonek oso produkzio onargarria izatea lortu da.

Balio nutrizionala eta patogenoekiko erresistentzia

Lortutako lau klonen ezaugarria osagai antioxidatzaileen presentzia handia da eta, ondorioz, nutrizioaren ikuspegitik oso erakargarriak dira. Haragi morea duten hiru klonek antozianina kantitate handia dute –oso pigmentu preziatua da balio erantsi handiko elikagaiak lortzeko–, eta mami horia duenak ohiko aldaera komertzialek baino karoteno gehiago du –dietan funtsezko elementu kimikoa da–.

Lortutako beste ezaugarri bat gaixotasunekiko erresistentzia da. Lau klonek aztertutako patogenoekiko erresistentziaren bat erakutsi dute, horien artean egonik patataren “Y” birusa, edo Pectobacterium atrosepticum bakterioa; gaitz horiek landarea ahultzen dute eta produkzioa nabarmen murrizten.

Raquel Lopez ikerlariak hauek bezalako klonak lortzearen garrantzia azpimarratu du. “Europako ekoizleentzat interesgarria da kontinenteko egoera klimatologikoetara egokituko diren patata moreko aldaerak izatea. Gainera, material horiek osagai antioxidatzaile naturalak dituzte, eta oso erakargarriak dira nutrizioaren ikuspegitik zein bistaren ikuspegitik, bai sukaldaritzaren arloko profesionalentzat bai amaierako kontsumitzaileentzat”.

 

Partekatu

Beste berri batzuk