Nesplora-k eskolako jazarpena prebenitzeko bideojoko bat sortu du

Gipuzkoa

Oinarri zientifiko-teknologikoko Nesplora enpresa gipuzkoarrak Monité sortu du, eskolako jazarpenari aurre egitea helburu duen eta 6-11 urte bitarteko neska-mutikoei zuzenduta dagoen bideojokoa. Joko berri hori Urkide hezkuntza arloko berrikuntza zentroarekin eta Daniel Nesquens idazlearekin batera diseinatutako proiektu baten barruan dago, eta irakasle, terapeuta eta familientzako gidekin batera.

NesploraMonité deitzen da bideojokoko protagonista. Planetaz planeta bidaiatzen du erronkak gaindituz eta SMD doktorearen gaiztakeriei aurre eginez. Hala, haur ipuin modura kontatzen ditu enpatiarekin, bakardadearekin, adiskidetasunarekin eta errespetuarekin lotutako hainbat egoera. Bideojokoa Monité proiektuaren barruan dago, zeinaren helburua baita eskolako jazarpena prebenitzea. Jokoak inplizituki lantzen ditu egoera horiek, tresna ludiko bat erabiliz ikasleekin errazago konektatzeko.

Monité proiektua hiru zutabetan oinarritzen da eta bideojokoa da horietako bat. Beste biak familia, irakasle eta terapeutentzako gidak eta ikasgelan egiteko jarduera koaderno bat dira. Material horiek erabiliz, guraso eta irakasleek aukera dute bideojokoan planteatzen diren ikasgaiak lantzeko eta eskolako jazarpenarekin lotutako kontzeptuen inguruan hausnartzeko.

Monité proiektua bi erakunde hauen arteko lankidetzaren emaitza da: Nesplora enpresa gipuzkoarra, teknologien bitartez (adibidez errealitate birtuala, bideojokoak eta aplikazioak) gizakion portaerak ebaluatzen eta tratatzen dituena; eta hezkuntza arloko Urkide berrikuntza zentroa. Haur literaturan espezializatutako Daniel Nesquens idazle zaragozarrak sortu du Monitéren istorioa.

Familiei eta irakasleei eskolako jazarpenarekin lotutako egoerak lantzeko baliabideak eskaintzea da proiektu honen helburua, eta 6 urtetik aurrerako neska-mutilei zuzendurik dago, haurrak errespetuan, enpatian eta gatazkak konpontzeko baloreetan hezteko eta jazarpen egoerak prebenitzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk