Oinarri eta Euskadiko Software Libreko enpresen elkarteak akordioa sinatu dute

Araba

  • Akordio honi esker, Euskadiko software askeak bere finantzaketa hobetu du Oinarriren eskutik

Oinarri elkarren bermerako sozietateak –ETE eta ekonomia sozialeko enpresen finantzaketan espezialista– lehentasunezko finantzaketa-akordio berria sinatu du, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartean bildutako enpresen onurarako. Akordio horren bertutez –azken urtean izenpetu duen hamargarrena–, Oinarrik finantza-aholkularitzako doako zerbitzua eskainiko die aipatu elkarteko kideei.

Oinarriko zuzendari nagusi Elena Zárragak berriki sinatu du lankidetza-hitzarmena David Olmos Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko (ESLE) presidentearekin. Horren bidez, Oinarri SGRk lehentasunezko baldintzak, bai kostuari bai epeei dagokienez, eskainiko dizkie elkartekideei, euren hedapena eta hazkundea hobetze aldera.

Hitzarmenak –azken urtean hamar izenpetu ditu jada Euskadiko beste hainbat enpresa-erakunderekin– hasiera batean urtebete iraungo du. Akordioari esker, ESLEko bazkideek banku-finantzaketa lortzeko baldintza hobeak izango dituzte. Izan ere, une honetan enpresek arazo larriak dituzte euren bazkideentzako finantzaketa-bide berriak eskuratzeko.

ESLEko bazkideen nazioartekotze-planak edo I+G+B programak finantzatzeko aukera emango du lerroak, bai eta ETEen eskura jarritako ICO lerroak nahiz CDTIren laguntzak finantza-baldintza hobeetan bermatzeko. Halaber, eraberritzeak eta egokitzapen-obrak egiteko balioko du, altzari, makineria edo aparatuak erosteko eta ESLEko bazkideek garatutako ondasun higiezinak eskuratzeko, Euskaditik kanpo gauzatzen badira ere.

Era berean, Oinarrirekin sinatutako finantza-akordioaren bidez, diruzaintzako behar koiunturalak (zirkulatzailea) finantzatu ahalko dira, bai eta ESLEko enpresa askok une honetan bereziki behar dituzten berme teknikoak ere. Gainera, kreditu-kontu bereziak jasotzen dira, nola mikroenpresentzat hala autonomoentzat. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako lerro zirkulatzailerako sarbidea izango dute, non Oinarri biziki aktiboa izaten ari baiten.

Horrez gain, hitzarmenak jasotzen duen moduan, Oinarrik doako finantza-aholkularitza zerbitzua eskainiko du, batetik, finantzagarriak diren operazioekin amaitzeko eta, bestetik, ESLEren arduradunek egoki irizten dituzten aholkularitza-jarduera edo prestakuntza-jardunaldietarako.

Oinarrik nabarmendu duenez, “etorkizunerako erronka oso garrantzitsuak dituen eta euskal erakundeen babesa duen enpresa-talde batekin lankidetzan arituko gara”. Bestalde, ESLEko presidente David Olmosen iritziz, finantza-lerro berriak “bazkideen garapen eta lehiakortasunari mesede egingo dio, horixe baita elkarteak helburutzat hartu dituen erronketako bat”.

Partekatu

Beste berri batzuk