Oinarri SGRk berehalako finantzaketarako bi lerro plazaratu ditu, 200.000 eurorainokoak
Oinarri berme-elkarteak berehalako finantzaketa eskaintzen duten bi lerro plazaratu berri ditu ETE eta autonomoentzat, oso baldintza onetan (Euriborra + % 1etik aurrera). Halaber, berme-elkarteak 3.500 enpresa bazkideren marka gainditu berri du.
Oinarri SGRk bizkortu egin du bere merkataritza-jarduera urtearen amaieran, berehalako finantzaketa eskaintzen duten bi lerro plazaratuta. Biek ala biek finantzaketa azkar ematen dute eta baldintza oso onuragarrietan (Euriborra + % 1etik aurrerako tasak eskaintzen dituzte).
Lehen lerroak 40.000 eurorainoko finantzaketa berria eskaintzen du, eta bigarrenak, berriz, 200.000 eurorainokoa. Berehalakoak dira, izan ere, eskariak aztertu eta erantzuteko epe laburrak agindu baitituzte Oinarriko arduradunek: 48 ordukoa lehen lerroaren kasuan eta 5 egun baliodunekoa bigarrengoan.
Enpresa txiki eta ertainei zein autonomoei bideratutako bi lerroon xede izan daitezke inbertsio berriak finantzatzea (berritze-lanak, instalazioak, makinak …), likidezia lortzea (negozioaren hazkundea bideratzeko edo maniobra-fondoa hobetzeko), edo balantzea berrantolatzea, enpresa-proiektua egonkorra izan dadin epe ertainera eta luzera.
Oinarriren lorpen garrantzitsu berriak
Produktu berriak plazaratzearekin batera, bere historian garrantzitsuak diren bi lorpen izan ditu Oinarrik. Batetik, 3.500 enpresa bazkideren marka gainditu berri du elkarrekiko berme-elkarteak.
Hirugarren hiruhilekoaren amaieran 3.515 enpresa bazkide izatera iritsi da, ekitaldiaren hasieran baino ia 120 gehiago. Sozietate horiek, guztira, 92.500 langile inguru hartzen dituzte, horietatik % 90 Euskadin.
Era berean, duela 19 urte sortu zenetik formalizatu dituen abaletan 900 milioi euroko zenbatekoa gainditu berri du Oinarrik (902 milioi irailaren bukaeran). Zenbateko horren arabera, EBEak sektoreko bosgarrena izaten jarraitzen du Estatuan, onartutako arriskuari dagokionez.