Oinarri teknologikodun edota berritzaileak diren enpresen enpresen inbertsioak 26 milioi eurorekin finantzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak
Berritzaileak diren eta/edo teknologia-oinarria duten enpresen aktibo finkoetan egindako inbertsioei laguntzera bideratuta daude laguntza horiek. Laguntzak aurrerakin itzulgarri moduan emango dira, inbertsioa egiteko 3 urtera arteko epeak emanez, eta 10 urte artekoak aurrerakina itzultzeko. Laguntza lor dezaketen proiektuek 120.000 euroko gutxieneko inbertsiora iritsi beharko dute, eta gutxienez 3 lanpostu sortu beharko dituzte 36 hilabeteko epean. Programa horren helburua 50 proiekturi laguntzea da, 100 milioiko inbertsio induzitua eta 500 lanpostu inguru sortuz.
Eusko Jaurlaritza, 2012/03/06
Eusko Jaurlaritzak bere Kontseiluaren bidez onartu du laguntzen bidez 26 milioi euroko diru-kopurua bideratzea teknologia-oinarriko ETEen eta/edo berritzaileen inbertsioak bultzatzeko. Estrategia horren helburua gure produkzio-sarearen lehiakortasuna sustatzea da, gainera enplegua sortzen duten inbertsioak bultzatuz.
GAUZATU-Industria programa ETEetara bakarrik bideratuta dago. Teknologia-oinarriko eta/edo berrikuntzako maila handia duten enpresetan ekintzailetzarako eta arriskuak bere gain hartzeko ahalmena bultzatzen duten baldintzak ezarri eta bultzatu nahi ditu. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren asmoa da enpresek, teknologiaren eta berrikuntzaren bitartez, produktu berriak garatzea edo produktu tradizionalak merkatu berrietan sartzea, edota fabrikazio-prozesuetan hobekuntza teknologikoak lortzea euskal enpresen produktibitatea handitzeko. Ildo horretan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) egindako inbertsioak ere barne hartuta daude.
Gauzatu-Industria programak babestutako proiektu guztiek 120.000 euroko gutxieneko inbertsiora iritsi beharko dute, eta gutxienez 3 lanpostu sortu beharko dituzte 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak enpresa berri horiei emango dien laguntza gehienez ere inbertsioaren % 35 izango da, eta proiektu bakoitzari gehienez ere 1,5 milioi euroko emango zaizkio.
Laguntza horiek lor ditzaketen erakundeak erauzketa, eraldakuntza eta produkzio prozesuei lotuta dauden ETE industrialak dira, eta informazioaren eta komunikazioaren gizarteko ETEak.
Jaurlaritzak programa horrentzat ezarri duen helburua 50 proiekturi laguntzea da, 100 milioiko inbertsio induzitua eta 500 lanpostu inguru sortuz.
Eusko Jaurlaritza finantzaketa-formula alternatiboak bultzatzen ari da, Euskadi barruan ekonomia-jarduera sortzeko baliabideak lortzeko garaian enpresek dituzten zailtasunen aurrean. Gauzatu-Industria programak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2012rako ezarritako bi lehentasun biltzen ditu, hau da, gure ETEei finantzaketa erraztea eta merkatura bideratutako teknologian inbertsioak bultzatzea. Bi horiek Euskal Herriaren lehiakortasuna hobetzea dakarte.