OWLek gibeleko gaixotasun larria jasateko arriskua duten pazienteentzat diagnostiko-soluzio ez-inbaditzailea aurkeztu du
Euskadiko enpresa bioteknologikoak test bat garatu du, esteatohepatitis ez-alkoholikoa izanik zirrosia edo gibeleko minbizia jasateko probabilitate gehien duten pazienteak identifikatzeko
Enpresak teknologia hori “The Digital International Liver Congress 2020” zientzia-biltzarrean aurkeztu du
OWL Euskadiko konpainia bioteknologikoak diagnostiko-soluzio ez-inbaditzailea sortu du, esteatohepatitis ez-alkoholikoa (NASH) izanik zirrosia edo gibeleko minbizia jasateko probabilitate gehien duten pazienteak identifikatzeko; esteatohepatitis ez-alkoholikoa mendebaldeko herrialdeetan prebalentzia handiko minantz hepatikoa da.
Teknologiaren izena OWLiverF2+ da, eta honako honetan datza: metabolomikan oinarritzen den testa; odol-plasmaren lagin sinple baten bidez, NASH duten pazienteetan fibrosi esanguratsuko kasuak detekta daitezke. Hori gibeleko gaixotasun larriagoetan gara daiteke, besteak beste zirrosian edo minbizian.
“NASH gibel koipetsu ez-alkoholikoaren gaixotasuna da eta, bertan, koipeaz gainera, inflamazioa eta gibeleko lesioa daude; helduetan, % 3ko prebalentzia du. Gainera kalkulatzen da NASH pazienteen % 20k zirrosia garatzen duela 10 urtera, eta, haietatik, laurden batek kartzinoma hepatozelularra jasan dezakeela. Hori dela eta, pronostiko txarrena duten pazienteak sasoiz diagnostikatzea funtsezkoa da, gaixotasuna bilaka ez dadin”, esan du Pablo Ortiz doktoreak, OWLeko CSOak.
Soluzioak zehaztasun diagnostiko handia eskaintzen du, eta gibel koipetsuaren egoerari buruzko informazio oso zehatza ematen du; izan ere, koipea dagoela, esteatohepatitisa dagoen ala ez eta fibrosiaren formazioa dagoeneko esanguratsua den ala ez adierazten du.
Beste abantaila bat ere badu: proba ez da inbaditzailea; proba egiteko odola ateratzea besterik ez dago. Gaur egungo prozeduran, berriz, biopsiak egin behar dira. Gainera, prozedura horren ezaugarrien ondorioz, denbora-tarte laburretan egin daiteke, eta, halakorik egonez gero, gaixotasunaren bilakaera eraginkortasunez detektatzeko aukera ematen du.
Teknologia hori OWLek metabolomikaren eta gibel koipetsuaren eremuan duen ezagutza sakonari esker garatu da; ezagutza horri esker, OWLiverF2+ sistema garatu dute. Sistema MASEF (Metabolomics-Advanced StEatohepatits Fibrosis Score) izenez aurkeztu dute The Digital ILC 2020-an.