Parke Teknologikoan dauden Petronorren egoitza eta Energy Intelligent Center Ezkerraldeko-Meatzaldeko hidrogeno berdez hornituko dira

Albisteak, Bizkaia

Hidrogenoa Petronorren ekoitziko da 2,5 MWko elektrolizatzaile batekin, eta Parkean instalatuko den Euskadiko lehen hidrogenera elikatuko du

Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikoan dauden Petronorren egoitza eta Energy Intelligent Center hidrogeno berdez hornituko dira. Hidrogeno hori Petronorren ekoitziko da, 2,5 MW-ko elektrolizagailu batekin, eta Parkean bertan instalatuko den Euskadiko lehen hidrogenera elikatuko du.

Lehen elektrolizatzaile hori Abanto Zierbenako udalerriko Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikoa amaitzearekin batera jarriko da martxan, eta ekoizten duen lehen hidrogeno berdeak, parkean bertan egongo den mugikortasun-plataforma logistikoko lehen autobusak eta ibilgailu arinak hornitzeko ere balioko du; plataforma horrek Euskadiko lehen hidrogenera izango du. Hori guztia EEEk eta Repsolek bultzatuta.

Hidrogeno berdea sortzeko elektrolizagailuak kontsumituko duen energia berdea Repsolek hornituko du. Modu berean, Petronorretik Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikora hidrogenoa eramateko eta hidrogenoa banatzeko behar diren hodi eta azpiegitura guztiak Nortegasek egingo ditu.

Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiaren ustez, “Petronor Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikora iristeak sinergia handiak sor ditzake jarduera ekonomiko berritzaileak garatzeko, eta elementu eragilea izango da”.

Hidrogeno berriztagarria CO2 isurketarik gabeko iturrietatik datorren energia da. Nagusiki, uraren elektrolisiari esker sortzen da, hau da, jatorri berriztagarriko energia elektrikoa aplikatuz ur-molekula hidrogenoan eta oxigenoan bereizteari esker.

Elektrolizagailu hori martxan jartzeak eta hidrogeno berriztagarria ekoizteko eta banatzeko beharrezko azpiegiturak 8,9 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute.

 

Partekatu

Beste berri batzuk