PCR bat, muskuilu bat esaten duen tokikoa dela ziurtatzeko

Albisteak, Bizkaia

AZTI zentro teknologikoak muskuiluen jatorria bermatzen duen metodo genetiko berri baten garapenean parte hartu du

Ikerketaren helburua da iruzurraren aurka borrokatzea eta kontsumitzaileak kontzientziatzea arrantza-produktuen etiketen eta trazabilitatearen garrantziaz

Garatutako teknikak SEATRACES proiektu europarraren esparruan gauzatu dira. Proiektu hori Europar Batasunaren INTERREG programak finantzatu du eta CSICek Vigon duen Itsas Ikerketen Institutuak koordinatu du

PCR probak (polimerasaren kate-erreakzioa, ingelesezko sigletan) oso formula eraginkorra dira gaixotasun infekziosoak diagnostikatzeko, eta gaixotasunak eragiten dituzten patogenoen material genetikoa detektatzean oinarritzen dira. Test mota hau gure egunerokotasunaren parte bihurtu da Covid-19aren detekzioan duen garrantziagatik, baina bere erabilgarritasunak osasun arloa gainditzen du.

AZTI zentro teknologikoak esperientzia handia du itsas espezieen ikerketa genetikoan, eta PCR tekniketan oinarritutako metodo genetiko berri baten garapenean parte hartu du, penintsulako Atlantikoan landatutako akuikulturako muskuiluen trazabilitatea eta jatorri geografikoa ziurtatzeko.

«Ikuspegi genetikoak oso lagungarriak izan daitezke Europako Batasunean gehien lantzen diren espezieetako bat den muskuiluaren moduko itsasoko produktuen jatorria arakatzeko, eta haien trazabilitatea bermatu ahal izateko, merkataritza-iruzurra saihesteko, itsas baliabide hori babesteko eta azken kontsumitzailearen segurtasuna bermatzeko», azaldu du Ane del Rio AZTIko doktoretza aurreko ikertzaileak eta ikerketa honen arduraduna.

Metodologia berri hori diseinatzeko, ikertzaileek milaka markatzaile genetiko identifikatu zituzten lehenik, eta, ondoren, Atlantikoko, Mediterraneoko eta hego-ekialdeko Ozeano Bareko laborantza-eremuetatik bildutako muskuiluen laginen karakterizazio geografikorako erabilgarritasuna ebaluatu zuten.

Adituek muskuilu mediterraneoaren espeziean (Mytilus galloprovincialis) jarri zuten arreta, hau da, azterlanean sartutako eremuetan gehien landatzen den espeziean.

«Emaitzek argi eta garbi bereizi zituzten Atlantikoan landatutako muskuilu mediterraneoko populazioak eta Mediterraneoan landutakoak, eta horretaz gain alde nabarmenak ikusi ziren Mediterraneotik eta Hego-ekialdeko Ozeano Baretik etorritakoen artean», gehitu du Rio-k.

Aurkikuntza horiei esker, esleipen geografiko zehatz eta errentagarriko metodologia bat garatu da Europako eremu atlantikoan merkaturatutako muskuiluak identifikatzeko eta, horrela, itsasoko produktuen trazabilitatea eta elikagaien segurtasuna ziurtatzeko.

Kontrol-tresnaren garapenak Ane del Rio-ri emandako Eusko Jaurlaritzaren doktoratu aurreko bekaren babesa izan du, eta Europako SEATRACES proiektuaren esparruan gauzatu da. Proiektu horren helburua da merkataritza-iruzurraren aurka borrokatzea eta arrantza-produktuen ekoizpen-, eraldaketa- eta merkaturatze-sektoreak nahiz kontsumitzaileak berak kontzientziatzea etiketen eta trazabilitatearen garrantziaz.

Europar Batasuneko INTERREG programak finantzatua eta CSICeko Itsas Ikerketen Institutuak koordinatua, SEATRACES proiektuak, 2023an amaituko denak, eremu atlantikoko arrantza eta akuikultura babestu eta balorizatzea du helburu.

Partekatu

Beste berri batzuk