Progenika Biopharma euskal enpresa bioteknologikoaren kapitalaren %60 eskuratu du Grifolsek

Bizkaia

 

Progenika espezialista da test genomiko eta proteomikoak diseinatzen eta ekoizten, in vitro diagnosia, gaixotasunen pronostikoa, erantzun-iragarpena eta terapia farmakologikoaren monitorizazioa egiteko. Gainera, punta-puntako enpresa da diagnostiko molekularrerako teknologiaren garapenean.

Eragiketa 37 milioi eurokoa izan da. Ordainketa eskudirutan (%50) eta botorik gabeko Grifolsen akzioetan (B motakoak) egin da.

 

 

Plasmatik eratorritako sendagai biologikoak ekoizten munduko hirugarren konpainia eta garapen zientifiko eta sozialerako aukera terapeutikoen ikerketa eta garapenean talde aitzindaria den Grifolsek (MCE:GRF, MCE:GRF.P eta NASDAQ:GRFS) Progenika Biopharma euskal enpresa bioteknologikoaren %60 eskuratu du 37 milioi eurogatik. Salerosketa-prezioaren %50 eskudirutan ordaindu da eta gainontzeko %50a botorik gabeko Grifolsen akzioetan (B motakoak).

Progenika espezialista da medikuntza pertsonalizatuko teknologia garatzen eta test genomiko eta proteomikoak diseinatu eta ekoiztera bideratzen du bere jarduera, in vitro diagnosia, gaixotasunen pronostikoa, erantzun-iragarpena eta terapia farmakologikoaren monitorizazioa egiteko. Halaber, teknologia propioak garatu ditu diagnosi eta iragarpen molekularreko testak ekoizteko eta nazioarteko konpainiarik aurreratuenetako bat da alor horretan. Izan ere, Progenika munduko aitzindaria da bateragarritasun transfusionaleko azterketak gauzatzeko erabiltzen diren biologia molekularreko testak garatzen.

Erosketa horren bidez Grifolsek Progenikak abiarazitako proiektuen bideragarritasuna sendotzeaz gain, bere Diagnostic dibisioak ikerketarekiko eta garapenarekiko duen konpromisoa indartu du, inmunohematologia alorraren produktu sortari teknologiarik berritzaileena gehitzearekin batera. 2010. urtetik aurrera Grifolsek eskubidea du Progenika BLOODchip® odol-genotipaziorako testa nazioartean banatzeko (Mexikon izan ezik). Test horri esker emailearen eta hartzailearen artean bateragarriak diren odol-unitateak erabiltzeko aukera errazten da eta isuraldatzeetan segurtasuna areagotzen.

Gaur egun, Progenikak erreferentziazko laborategia du Bostonen (Massachussets, Estatu Batuak), odol-genotipazioan espezialista dena.

Grifolsek eta akziodun saltzaileek gainontzeko kapital soziala ordezkatzen duten akzioak erosteko eta saltzeko aukera-eskubideak eman dizkiote elkarri eta eskubideok 3 urteko epean erabil daitezke. Erosi eta saldu egin daitezkeen akzioen salerosketa-prezioa eta ordaindutako prezioa berbera izango da, gehi urteko %5eko interes bakuna.

Azkenik, Euskadiko enpresa- eta ekonomia-ehunaren elementu nabarmen gisa Progenikak duen identitateari eusteko asmoarekin, Grifolsek eta Progenikak adostu dutenez, EKARPEN SPE, S.A. inbertsio-bideak –bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, Caja Laboral-Euskadiko Kutxa, Lagun Aro eta EAEko Foru Aldundiek– Progenika eta bere kontrol-akziodun berria laguntzen jarraituko du Grifolsen zati den etapa berrian. Ekarpenek, gainera, Progrenikaren Administrazio Kontseiluko kide den aldetik beteko du eginkizun hori.

Eragiketa gauzatzeko kontuan hartu da BBVAren eta Osborne Clarke abokatu-firmaren aholkularitza.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk