Diputatu nagusiak eta lehendakariak eman diote hasiera ARABA 4.0 jardunaldiari, zeinak apustu berritzaile horretan esanguratsuak diren eragileak eta 600 lagun baino gehiago bildu baititu
Ramiro González diputatu nagusiak eta Iñigo Urkullu lehendakariak eman diote hasiera Araba 4.0 jardunaldiari Europa Biltzar Jauregian, zeinak gaurko eguna hartuko baitu, eta bertan izango dira 4.0 industriaren ezarpenean ezagunenak diren eragileetako zenbait eta gai horrekiko interesa duten 600 lagun baino gehiago. “Arabak aberastasuna sortzen jarraitzeko eta munduan, berme guztiarekin, lehiakor izaten jarraitzeko, gure gaitasuna ere hobetzen jarraitu behar dugu. Une honetan erronka horri zenbait eratara esaten diogu: ekoizpen aurreratua, ekoizpen adimenduna, ekoizpen digitalizatua, 4.0 industria”, azaldu du foru ordezkari gorenak 600 lagun baino gehiagoren aurrean.
Jardunaldia Araba 4.0 lantaldeak bultzatu du, zeinetan biltzen baitira Arabako Foru Aldundiak sustatutako Agora ekimenaren barruan dauden Arabako enpresa, gizarte eragile eta prestakuntza zentro nagusiak. Eta, foru ordezkari gorenak zehaztu duenez, 4.0 industriaren errealitatea azaltzeko helburuarekin sortu da, alegia,
“nola eragiten dion gizarteari, nola enpresei, nola hezkuntzari, zergatik den hain garrantzizkoa Arabarentzat, zer ekimen ari diren abian jartzen, zer aplikazio garatzen eta zer enplegu kualifikatu berri sortuko diren”.
Ramiro Gonzalezek nabarmendu du garrantzitsua dela halako erronkari era proaktiboan ekitea, aukeratzat hartuta. “Benetan uste dut era horretara badihardugu, 4.0 industriak aukera ugari eskainiko diola Arabari. Eta aukera horiek baliatzeko gogor, koordinatuta, egin beharko dugu lan; gainera etorriko zaigun errealitate horri erantzun egokia eman beharko diogu denon artean, horrela lehiakorragoak izango baikara eta aberastasuna eta kalitatezko enpleguak sortuko baititugu”, adierazi du, eta zera gaineratu du: “Uste osoa daukat dagoeneko hasiak garela erantzun hori antolatzen”.