Ramiro Gonzálezek uste du “genero rola alde batera uzteak” bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen laguntzen duela

Albisteak, Araba

Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8aren harira egin duen ekitaldi instituzionalean, enpresa arloari lotutako bi emakume ingeniari eta matematikari bat omendu dira

 “Funtsezkoa da gure gazteentzat eredu eta aldaketarako eragile izango diren erreferentziak ikusaraztea. Emakumeek zeharkatutako kristalezko sabaien haustura irudikatzen duten emakume arabarrak dira, enpresa espazio maskulinizatuetan erantzukizuneko postuak betez”. Hitz horiek esan ditu Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, gaur goizean, Arabako Foru Aldundiak Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian antolatu duen ekitaldi instituzionalean.

Ekitaldiak erakundeen, alderdi politikoen, emakume taldeen eta emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko taldeen ordezkariak eta enpresa arloko erakundeak bildu ditu Artium Museoan, Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8a ospatzeko abian jarri dituen ekimenen barruan.

Aurten, foru erakundeak ikusarazi nahi dituen emakume profesional zientifiko eta teknologikoak nabarmendu ditu. “Juntas fuimos, somos y seremos más fuertes. Indartsuagoak izan ginen, gara eta izango gara” da kanpainarako aukeratutako leloa, zeinak nabarmendu baitu enpresa eta ekintzailetza eremuan ere gertatzen den sororitatea, zehazki, esparru horietan karrera profesionalak egiten dituzten emakumeak.

Hori dela eta, ekitaldi instituzionalean energia eta ingurumen sektoreetan aditua den Kristina Apiñaniz Sáez de Maturanak parte hartu du; izan ere, hitzaldi bat eman baitu arlo zientifikoteknologikoetan diharduten emakumeen enpresa ibilbideei buruz.

Ondoren, beren esparruetan erreferente diren Arabako hiru emakume aintzatetsi dira. Hauek izan dira omenduak: Charo Resano, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako lehen emakumezko zuzendaria; Asun Eguren, industria ingeniaria eta Bodegas Eguren enpresako zuzendaria; eta Cristina Ortega, aeronautika ingeniaria, Espazioko zuzendaria AVSn.

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “emakume horiek guztiek antzeko oztopoak gainditu dituzte beren bizitza profesionalean, eta bidea ireki dute emakume gazteen belaunaldi berriek zientziara eta teknologiara sarbidea izan dezaten beren gaitasunen arabera, genero baldintzapenak alde batera utzita”.

Gogoratu duenez, “emakumeei zaintza lanetan genero rola esleitzea eta bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzeko zailtasunak oztopo dira oraindik ere emakume askoren garapen profesional eta enpresarialerako. Errealitate horri arreta osoa jarri behar diogu”.

Alde horretatik, Ramiro Gonzálezek nabarmendu du Arabako Foru Aldundia duela bost urtetik egiten ari den lana, INSPIRA Steam programa bultzatzeari dagokionez. “Araba apustu argia egiten ari da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten politiken alde, belaunaldi gazteenei zuzendutako ikuspegi propio batekin, eta, orain, are beharrezkoagoa, bokazio zientifiko teknologikoak sustatzeko gure gazterian”.

Azpimarratu duenez, “Estatuko lurralde industrialena gara, BPGaren % 33 sektore horretatik baitator, eta esportatzaileena da, hemen ekoizten denaren ia % 60 esportatzen baita. Hau da gure oraina, baina gure etorkizuna izaten jarraitzea nahi dugu. Eta zientziak eta teknologiak zerikusi handia dute etorkizun hori eraikitzeko lanekin”, esan du amaitzeko.

Ukraina Arabako agintariak bere hitzaldian adierazi duenez, “Errusiak Ukraina legez kanpo inbaditzearekin, gerra eragin baitu Europaren bihotzean. Nazioarteko zuzenbidearen urraketa hau, giza eskubideen urraketarekin eta biztanleria zibilaren aurkako erasoekin batera doa. Gure bihotza gaur, momentu latz hauetan ukrainarrekin dago”.

Partekatu

Beste berri batzuk