REEMAIN proiektuak industriaren C02 igorpenak murrizten lagunduko du

Araba

  • IK4-IKERLAN 10M€-ren aurrekontua duen Europako proiektu honetan parte hartzen ari da, energia kudeatzeko tresnak garatzeko
  • Fabriken eraginkortasun energetikoa hobetzea ahalbidetuko da, kontsumoa %20 ere murriztuta
  • Garatutako teknologiak ehungintza, elikagai eta metalurgiako lantegi banatan probatuko dira 

Ikerlan_webIK4-IKERLAN energia kudeatzeko hainbat tresna garatuko dituen Europako REEMAIN proiektuan parte hartzen ari da, industri sektoreari igorpenak eta kontsumo elektrikoa murriztea ahalbidetzeko. Ekimen honetan garatuko den tresna nagusia software bat da, fabrika batean energiaren kudeaketari lotutako xehetasun guztiak aztertuko dituena, eta datuak simulazio prediktiborako programa baten bitartez prozesatu eta gero hobekuntzak proposatuko ditu, instalazioaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko.

Proiektuak 9,8 milioi euroko aurrekontua dauka, eta bere helburua da Europako industriaren eraginkortasun energetikoa hobetzen laguntzea eta jarduera horrek sortzen dituen CO2 igorpenak murriztea. Helburua lortzeko, aipatu programa garatzeaz gain, fabrikazio prozesuetan sortutako hondakinak modu jasangarrian kudeatzea eta energia berriztagarriak aprobetxatzea bultzatuko da, gailu eraginkorragoak sortzeko aukera emango duten berrikuntza teknologikoak garatuz. Tresna horiek hiru enpresatan jarriko dira proban: Bossa ehunak, Gullon galletak eta SMC galdategia.

Simulaziorako tresnek hainbat eremu izango dituzte, eta horietan funtsezko informazioa sartu beharko da, hala nola aztertu nahi den lantegian dagoen energi kontsumoa (eta, dagokionean, energi sorkuntza ere), fabrikan egiten diren produkzio prozesuak, energi kontsumoa guztira, dauzkan tarifak, makineria mota eta horien kokapena, energia sortzeko edo biltegiratzeko instalazioren bat dagoen (esaterako, plaka fotovoltaikoak eta bateriak), etab.

Programak datuak analizatuko ditu, horietan oinarritutako simulazio bat egingo du eta hainbat irtenbide eskainiko ditu ekoizpen eraginkorragoa lortzeko. Makinen errendimendua optimizatzeko neurriak proposatuko ditu, adibidez, baliagarrien gertatu daitezkeen lekuetan energia berriztagarriak erabiltzea, energia baterietan biltegiratzea, komeni denean erabiltzeko, edo baita ere alferrik galtzen den energia aprobetxatzea.

Iñigo Gandiagak, REEMAIN proiektuak IK4-IKERLANen duen arduradunak, azken kasu horren adibide bat azaldu du: “galleta fabrika baten produkzio prozesuaren fase batean hondar beroa askatzen bada, softwareak bero hori berreskuratzeko sistema bat erabiltzea proposatuko du, beste prozesu batean erabiltzeko, esaterako, txokolatea egoera likidoan mantentzeko, eta horrek alferrikako gastua aurreztea ahalbidetuko du”.

Softwareaz gain, REEMAINen esparruan eraginkortasun energetikoari lotutako beste bi lan gauzatuko dira, eta horiek izango dira eguzki kontzentragailuen (eguzki kolektore mota bat) eraginkortasuna eta kontrola hobetzea, eta energia elektrikoa biltegiratzeko sistema bat garatzea, litio-ioi baterietan oinarrituta; azken zeregin horretan jardungo du hain zuzen IK4-IKERLANek.

Baterien sistemaren eginkizun nagusia energia berriztagarrien erabilera adimenduna egitea izango da, fabrikazio prozesuen eraginkortasun energetikoa hobetzeko helburuarekin. Hau da, berriztagarrien gailuek ekoitzitako energia biltegiratzeko balioko dute, beharrezkoa denean erabili ahal izateko.

“IK4-IKERLANek biltegiratze elektrikoaren arloko abangoardiako garapenak jarriko ditu, energiaren kudeaketa industrialaren jauzi kualitatiboa ekarriko dutenak”, adierazi du IK4-IKERLANeko Energia eta Mikrosistemen unitateetako zuzendaria den Fran Blancok.

Lortutako emaitza teknologikoak Fraunhofer IWU ikerketa institutuaren demostrazio planta batean baliozkotuko dira lehendabizi, eta ondoren hiru arlo desberdinetan diharduten benetako hiru lantegitan probatuko dira. Horrenbestez, programak ahalik eta moldagarritasunik handiena eskaini dezan lortu nahi da. Aipatutako probak ehungintzaren sektorean diharduen Bossa enpresaren lantegi batean egingo dira (Turkia); beste proba bat elikagaiak lantzen dituen Gullon galleta fabrika (Espainia) eta, azkenik, metalurgiaren sektoreko SMC fundizioan (Italia).

Gandiagak adierazi duenez, “industri produkzioan energiaren kontsumoa eta horri lotutako CO2 igorpenak murrizteko marjina handia dago, eta ekimen honetan etorkizuneko fabrika diseinatzen lagundu nahi dugu”. Ikerlariak gehitu duenez, “IK4-IKERLANentzat, REEMAIN proiektua aukera bikaina da hainbat industri sektoretako fabrikazio prozesuen gaineko datu errealak lortzeko eta energiari dagokionez ekoizpen eraginkorragoa lortzeko aukerak aztertzeko”.

Proiektua bat dator Horizon 2020 programaren helburuekin, energiaren eremuan, eta bere xedea da CO2 igorpenak %20 murriztea, energia berriztagarrien kontsumoa %20 handitzea eta energiaren erabileraren eraginkortasuna %20 handitzea.

REEMAIN orain dela gutxi abiarazi da eta 2017an amaituko da. Aurrekontua 9,8 milioi eurorena da, eta horren zati bat Europar Batzordearen ‘Factories of the Future’ programak finantzatuko du; zehazki, ekimen hori EBren VII. Esparru Programaren zati bat da, eta bere bitartez teknologia iraunkor berrien garapena sustatu nahi da Europako enpresentzat.

IK4-IKERLANez gain, ekimen honen partzuergoan bost herrialdetako beste 15 enpresa, ikerketa zentro eta unibertsitateek parte hartzen dute: horiek dira Cartif zentro teknologikoa (proiektuaren liderra), Integrated Environmental Solutions Ltd, De Montfort University, Galletas Gullon SA, Bossa, EURAC, R2M Solution SRL, Dr. Jakob Energy Research, Fraunhofer, Youris.com, Solera, Est Enerji, CRIT, SCM Group SPA eta AENOR.

Partekatu

Beste berri batzuk