Sei enpresa berrik euren jarduera aurkeztu dute Euskadiko Parke Teknologikoko enpresak konektatzeko K·business ekimenean

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, K·business

Ghenova, Hazi Fundazioa, Mobility LAB Vitoria-Gasteiz, Petronor, Robotekin eta Woza Labs dira azken hilabeteetan Euskadiko Parke Teknologikoko Campusetan ezarri diren eta topagune horretan parte hartu duten erakundeetako batzuk

Euskadiko Parke Teknologikoak Campusetan ezarri berri diren enpresa taldeko sei erakunde berri aurkeztu ditu gaur K·business topaketan. Ghenova, Hazi Fundazioa, Mobility LAB Vitoria-Gasteiz, Petronor, Robotekin eta Woza Labs enpresa berriek euren jarduerak, produktuak eta zerbitzuak azaldu dituzte, kontaktua, lankidetza eta negozio garapena bultzatzea helburu duen Euskadiko Parke Teknologikoko erakundeen arteko topagunean.

Dagoeneko 18 edizio bete dira. Edizio horietan 300 erakunde baino gehiagok hartu dute parte eta aldebiko 600 bilera baino gehiago egin dira. Horren ondorioz merkataritza-akordio ugari lortu dira.

Aurkezpen-erronda

Ekimenean 34 pertsonak hartu dute parte, eta enpresa bakoitzaren aurkezpen-erronda bat eta aldebiko 36 topaketa izan dira, inskribatutako erakundeen arteko harremana, lankidetza-aukerak eta negozio-garapena errazteko.

Ingeniaritzako eta aholkularitzako diziplina anitzeko zerbitzuak ematen dituen nazioarteko Ghenova enpresak 1.000 profesional baino gehiagoko plantilla du eta 8 herrialdetan dago. Bere hedapen- eta hazkunde-plana sendotzen jarraitzen du, eta, horretarako, bulego berria ireki du Zamudio/Derio Campusean. Sektore hauetan eskaintzen ditu bere zerbitzuak: ontzigintzan eta defentsan, energian eta industrian, arlo digitalean, zibersegurtasunean, itsasoko energia berriztagarrietan eta portuen elektrifikazioan.

Hazi Fundazioak EAEko nekazaritzako elikagai eta basogintza sektoreei laguntzen die. Eusko Jaurlaritzaren fundazio publikoa denez, bere eginkizuna proiektu estrategikoak koordinatzea eta katalizatzea da, elikaduraren eta basogintzaren balio-katearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko, bai eta Euskadiko landa- eta itsasertz-ingurunea dinamizatzea ere. Hiru lurralde historikoetan dago. HAZI duela gutxi sartu da Donostia Campusean.

Mobiliy LAB Vitoria-Gasteiz hiri-mugikortasuneko eta logistikako berrikuntza-gunea da, soluzio berriak probatzeko eta Arabako egitura ekonomikoaren lehiakortasuna bultzatzeko. Duela gutxi sartu da Vitoria-Gasteiz Campusean. Hiri mugikortasunaren eta logistikaren arloko soluzio berritzaileak identifikatzea eta testatzea du helburu, Gasteizek eta Arabak duten enpresa- eta ikerketa-ekosistema berezia aprobetxatuz.

Petronor, Repsolen (% 85) eta Kutxabanken (% 15) partaidetza duen enpresa, garraiorako erregaietan espezializatuta dago. Gaur egun, eraldaketa-proiektuan murgilduta dago, 2050ean Zero Emisio Garbiko enpresa izateko. Horretarako gakoak teknologia eta berrikuntza industriala dira, energia anitzeko (hidrogenoa, e-fuelak, bioerregaiak, etab.) produktu deskarbonizatuen zorro berria sortzeko. Abanto Campusetik bultzatuko ditu proiektu horiek.

Robotekin-ek (Robotika eta Automatizazioaren Euskal Elkartea) Vitoria-Gasteiz Campusetik lan egiten du robotikaren eta automatizazioaren sektoreari lotutako enpresen eta eragileen artean Araba eta Euskadi talentua, inbertsioa eta kalitatezko enplegua bultzatzeko nazioarteko jomuga gisa kokatzeko ekosistema sortzeko, euskal industria lehiakorragoa bihurtuz eta robotizazio inklusiboa sustatuz.

Woza Labs-ek, zientzia geoespaziala, urruneko informazioa, AA eta analisi prediktiboa uztartzen dituen tresna multzo osoa eskaintzen du Donostia Campusean dituen instalazioetatik, enpresei eta gobernuei soluzioak emanez jasangarritasun, plangintza eta arriskuen arintze helburuetan.

K·business Euskadiko Parke Teknologikoko Networking zerbitzua da. Enpresei inguruko beste enpresa eta eragile batzuekin elkar ezagutzen eta harremanetan jartzen laguntzea du helburu, lankidetzarako eta negozioa garatzeko aukerak identifikatuz eta sortuz.

K·business zerbitzua Euskadiko Parke Teknologikoaren BEParke ekimenaren barruan dago. Ekimen horren helburua enpresa-proiektuen beharrei erantzutea da, zerbitzu espezializatuen katalogo berriaren bidez. Horrela, K·business Neworking zerbitzuaz gain, PARKE markak beste lau zerbitzu berri ditu: K·talent, K·impulse, K·future eta K·media, garapen enpresariala, profesionala eta pertsonala bultzatzeko pentsatuak https://parke.eus/eu/zerbitzuak/

Partekatu

Beste berri batzuk