Sektore-elkarte eta kluster gehienek beren esportazioak mantentzea edo hobetzea espero dute 2013an

Gipuzkoa

  • Industri Abagunearen Behatokiak egiaztatu du nazioartekotze maila handiena duten eta teknologian gehien inbertitu duten sektoreak direla etorkizunerako perspektiba onenak dituztenak.

Krisi ekonomikoa gorabehera, Euskadiko enpresa eta kluster gehienek espero dute beren esportazioak handituko dituztela 2013ko lehen seihilekoan. 21 enpresa eta klusterretatik 16k espero dute atzerriko salmentak mantendu edo hobetuko dituztela eta horrek argi erakusten du nazioartekotzen jarraitzeko ahaleginari eutsi behar zaiola, horixe izan delarik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lehentasunetako bat. Hain zuzen, nazioartekotze maila handiena lortu duten eta teknologian gehien inbertitu duten sektoreak dira etorkizunerako perspektiba onenak dituztenak. Iaz esportazioek errekorra lortu zuten Euskadiren historian, 21.000 milioi eurotik gorakoak izan baitziren.

Baina, gaur Miñaoko Teknologi Parkean eginiko Industri Abagunearen Behatokiko osoko bilkuran, fakturazio eta enplegu arloetako arazoez mintzatu dira: enpresen ia erdiak enplegua murriztea espero du eta herenak berriz uste du fakturazioak behera egingo duela.

Perspektiba onenak dituzte nazioartekotze maila handiena lortu duten sektoreek eta teknologi maila handiena dutenek, esaterako aeronautikak, biozientziek edo itsas industriak. Hala, aeronautikaren sektoreak uste du eskaerak eta fakturazioa igoko direla eta enplegua mantenduko dela; itsas industriak aurreikuspen hobeak dauzka, espero baitu eskaerak, esportazioen fakturazioa eta enplegu sorkuntza ere igoko direla. Zenbait sektorek, hala nola nekazaritza eta elikadurak, ekipo ondasunek, energiak eta ingurumenak uste dute fakturazioa eta enplegua mantenduko dituztela. Aurreikuspen txarrenak ikus-entzunezkoen, siderurgiaren eta galdaragintzaren sektoreetakoak dira.

Industri Abagunearen Behatokia Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta bere menpeko SPRI taldearen (euskal enpresa sareari laguntzeko sozietate publikoen multzoa) ekimen bat da. Sei hilean behin osoko bilkura bat egiten duen Behatoki honetan elkartu dira Bernabé Unda sailburua, Saileko goi-karguak eta Euskadiko industri sektoreko elkarte eta klusterretako idazkari nagusiak, zuzendariak edo kudeatzaileak. Bileran sektore bakoitzaren egoera azaltzen da eta partaide bakoitzak lehiakortasun faktoreen inguruan dituen kezkei buruzko eztabaida bat egiten da.

Bestalde, kluster eta elkarteek oso positiboki baloratu dute Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak urte hauetan egin duen politika, indartu egin duelako kluster eta elkarteek euskal ekonomia suspertzeko duten eginkizuna, eta gainera adierazi dute finantza erakundeek kapital-ekarpenak egin beharko lizkieketela enpresei, negozio proiektuak aurrera atera ditzaten.

Datuak sektoreka:

Sektore aeronautikoa eta espaziala: Hegan elkartean 3.888 lagun enplegatzen dituzten 38 konpainia biltzen dira. 2011n 687 milioi euro fakturatu zituzten, 2010ean baino %3,61 gehiago eta aurten hazkunde handixeagoa izatea espero dute. Enplegua ere %3,9 hazi da Euskadin.

Ikus-entzunezkoen sektorea: Eiken klusterrean 1.544 lagun enplegatzen dituzten 38 enpresa biltzen dira eta 2011an 93,9 milioi euroko fakturazioa izan dute.

Automobilgintzaren sektorea: 292 enpresa biltzen ditu eta 2011n 10.000tik gora milioi euro fakturatu zituen, 2010ean baino %5 gehiago. Aurreikuspenen arabera, negozioa moteldu egingo da. Enpleguari dagokionez, 34.000 lanpostu baino gehiago daude.

Ekipo ondasunak eta energia: 22.000 lagun enplegatzen dituzten 90 enpresa biltzen ditu eta 40.000 milioi euroko fakturazioa izan dute. Eskaera-zorroari erreparatuz gero, ikus daiteke ez dela hobekuntzarik espero datorren urterako.

Biozientziak: 1.300 lagun inguru enplegatzen dituzten 45 enpresa biltzen ditu eta 268 milioi euroko fakturazioa izan dute. I+G-ko inbertsio zifrak (30 milioi inguru 2012an) mantendu egin dira eta enpresa gehienetako langile kopurua ere bai.

Eraikuntza: Eraikune klusterrean 11.500 lagun enplegatzen dituzten 80 enpresa daude eta 720 milioi euroko fakturazioa izan dute.

Etxetresna elektrikoak: 3.525 lagun enplegatzen dituzten 7 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 1.735 milioi euroko fakturazioa izan dute 2011n. Abagune ekonomiko txarrak etxetresna elektrikoen fabrikatzaileak kaltetu ditu gehien eta neurri txikiagoan bada ere osagai fabrikatzaileak ere bai, nahiz eta hauek fakturazioa mantendu duten.

Elektronika eta telekomunikazioak: 11.400 lagun enplegatzen dituzten 267 enpresa daude Gaia klusterrean eta 2.911 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurten ordea negozio zifra apur bat jaitsi da.

Esku-erreminten fabrikatzaileak:  1.876 lagun enplegatzen dituzten 26 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 200 milioi euro inguruko fakturazioa izan dute. Esportazioei esker, guztizko fakturazioa ez da izan nazio mailako fakturazioa bezain negatiboa. %15 jaitsi da.

Galdaragintza: 2.522 lagun enplegatzen dituzten 14 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 337 milioi euroko fakturazioa izan dute 2011n. Globalki, irailean, %7 jaitsi da fakturazioa.

Itsas industria: Euskal Herriko Itsas Foroaren klusterrak 322 enpresa biltzen ditu, 2010ean baino 6 gutxiago. Enpresa horiek 6.293 langile enplegatzen dituzte eta 880 milioi euroko fakturazioa izan dute. 2012an 2011ko fakturazio maila bera mantentzea espero dute, eta 2013an sektoreko fakturazioa hobetzea.

Makina-erreminta: Euskadin 5.557 lagun enplegatzen dituzten 99 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 910 milioi euro fakturatzen dituzte. Iaz %20 inguruko hazkundea lortu zuten negozioan eta esportazioetan. Makina fabrikatzaileen eta osagai fabrikatzaileen elkarteak erakunde bakar batean elkartu dira 2011n eta beren estrategiak indartu dituzte.

Ingurumena: Aclima klusterrean 2.867 lagun enplegatzen dituzten 84 enpresa daude eta 1.645 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa %2 hazi zen 2011n.

Partekatu

Beste berri batzuk