Sener eta Tecnalia soluzio teknologiko aurreratuak garatzeko eta industriarako eskalatzeko elkartu dira

Albisteak, Bizkaia

Berrikuntza-arlo hauetarako egin dute hitzarmena: energia, azpiegiturak, mugikortasuna, merkatu aeroespazialerako eta defentsarako soluzioak eta deskarbonizazioa

Sener ingeniaritza- eta teknologia-taldeak eta Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko Espainiako zentrorik handienak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, ikerketan, garapen teknologikoan eta berrikuntzan dituzten gaitasunak sendotzeko. Hitzarmenaren bidez, lankidetza-esparru bat sortu dute, zeinaren bidez bizkortu nahi baitituzte soluzio teknologiko aurreratuen berrikuntza-zikloa eta eskalatze industriala.

Hitzarmenak zenbait arlo teknologikotan lankidetza eraginkorra lortzeko oinarriak ezartzen ditu, hala nola ikerketa aplikatuan, prestakuntzan eta langileen gaitasun teknologikoen garapenean. Eta zenbait helburu espezifiko ditu; nagusiki, hauek: berrikuntza irekiko estrategiak sustatzea, nazioarteko plataforma teknologikoekiko lankidetza indartzea eta I+Gko eta berrikuntzako baterako proiektuak kontzeptualizatzea eta garatzea.

Hitzarmena berrikuntza-arlo hauetarako egin dute: energia, azpiegiturak, mugikortasuna, merkatu aeroespazialerako eta defentsarako soluzioak eta deskarbonizazioa. Tecnaliak zeharkako teknologietan eta teknologia espezializatuetan duen esperientzia jarriko du ahalegin horretan laguntzeko.

Òscar Julià Senerreko Berrikuntzako zuzendariak zera nabarmendu du: “Hitzarmen hau Senerren beste urrats bat da eremu teknologikoki konplexuetan berrikuntzaren lider izateko duen xedean. Irrikaz gaude lankidetza honek soluzio teknologiko aurreratuak garatzen jarraitzeko eta eremu honetan dugun posizioa indartzeko ekarriko dizkigun aukerak ikusita”.

Agustín Sáenz Tecnaliako Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariak, bestalde, zera esan du: “Hitzarmenak duela zenbait urte hasi genuen lankidetza sendotzen du, eta Senerren partner bihurtzen gaitu etorkizuneko erronken aurrean soluzio teknologiko berriak garatzeko. Tecnaliaren xedea da enpresen beharrei aurrea hartzea eta, horri esker, enpresekin batera produktu eta prozesu berriak garatzea, eta lankidetza hau oso lagungarria izango da haiekin batera eremu industrialean eta gizartean oparotasuna sortzeko”.

Lankidetza indartzeko, aurreikusita dago enpresa bietan lantalde batzuk sortzea, proiektuen zeharkakotasuna bultzatuko duten arloetan adituak diren profil eta profesionalez hornituak. Gainera, jarraipen-batzorde bat izango dute, ekimen berriak hastea, ebaluatzea eta doitzea ahalbidetuko duena industriaren beharren arabera. 

Partekatu

Beste berri batzuk