SheepNet-en arabera, nutrizioa, haurdunaldiaren diagnostikoa eta kontrola eta abortuen prebentzioa dira ardi aziendaren produktibitatea hobetzeko eginkizun nagusiak

Albisteak, Araba, Bizkaia

Haurdun dagoen ardiaren nutrizioa, erditzea aurrez prestatzea eta ukuiluaren kudeaketa izan ziren gehien aipatu ziren alderdiak arkumeen hilkortasuna murrizteko

Arkumeak jaiotzean duen pisua eta sasoia eta oritzaren kantitatea eta kalitatea jo dira arkumearen hilkortasun baxua lortzeko zaindu beharreko alderdi nagusitzat

Europako SheepNet proiektuaren arabera, zeinean NEIKER-Tecnaliak parte hartzen baitu, ardi aziendaren produktibitatea hobetzeko eginkizun nagusiak nutrizioa, haurdunaldiaren diagnostikoa eta kontrola eta abortuen prebentzioa dira. Haurdun dagoen ardiaren nutrizioa, erditzea aurrez prestatzea eta ukuiluaren kudeaketa izan dira gehien aipatu diren alderdiak arkumeen hilkortasuna murrizteko. Arkumeak jaiotzean duen pisua eta sasoia eta oritzaren kantitatea eta kalitatea jo dira arkumearen hilkortasun baxua lortzeko zaindu beharreko alderdi nagusitzat.

SheepNet Europar Batasunak finantzatzen duen proiektu bat da, eta helburua ardien produktibitatea hobetzea da. Ardiaren produktibitatean (estalitako ardi bakoitzeko hazten diren arkumeen kopurua) uztartu egiten dira ugalketaren arrakasta, emankortasuna, enbrioien biziraupena eta arkumearen biziraupena. SheepNetek ikertzaileen eta alde interesdunen –abeltzainak, teknikariak eta albaitariak– arteko ezagutzen trukea bultzatzen du, abeltzaintzako praktikarik eta berrikuntzarik onenak ahalik eta gehien zabaltzeko. Proiektuan EBko ardi ekoizpenaren sei herrialde nagusiek parte hartzen dute (Erresuma Batua, Espainia, Errumania, Italia, Frantzia eta Irlanda), baita Turkiak ere.

Europako ardi ekoizpenaren sei herrialde nagusien inkesta

Beharrak eta erronkak identifikatzeko, inkesta bat egin zen Europako ardi aziendaren ekoizpenaren sei herrialde nagusietan (Irlanda, Frantzia, Erresuma Batua, Errumania, Espainia eta Italia) eta Turkian. Inkestaren helburua zen erronka eta behar nagusiak identifikatzea, baita praktikarik onenak ere, ardien produktibitatea hobetzeko (ugalketa, haurdunaldia, arkumeen hilkortasuna murriztea). Parte hartzaileei eskatu zitzaien 5 erronka hautatu eta sailkatu zitzaten, garrantziaren arabera, hobetzeko emankortasuna (16 aukerako zerrenda batean), haurdunaldia (13 aukera), arkumeen hilkortasunean inplikaturiko faktoreak, kudeaketako faktoreetan banatuta (11 aukera) eta animali faktoreak (11 aukera).

Inkestatuen banaketa hau izan zen: Frantzia %31, Italia %17, Turkia %14, Irlanda %13, Espainia %11%, Errumania %8 eta Erresuma Batua %6. Inkestatutako abeltzainen %69k haragitarako ardi sistemak lantzen dituzte, eta %31k esnetarakoak.

Ardien produktibitatearen hobekuntzak antzeko erronkak planteatu zituen Europa osoan, baina garrantziaren hurrenkera pixka bat aldatzen zen eskualde batetik bestera.

Irtenbide praktikoak ardi aziendaren produktibitatea handitzeko

Herrialde eta ardi ekoizpeneko sistema bakoitzean identifikatutako beharrei eta erronkei erantzuteko, SheepNetek 42 irtenbide eta 73 gomendio praktiko (aholkuak eta trikimailuak) zehaztu zituen. Irtenbide eta gomendio horiek abeltzainen eta sektorean diharduten eragileen parte hartze aktibotik abiatuta bildu ziren, herrialde kide bakoitzean antolatutako tailer nazionaletan. Irtenbideen eta aholku eta trikimailuen bildumak agerian utzi zuen arazo askoren soluzioak oso eskuragarriak zirela beste herrialdeetan ere.

Interesdunek irtenbide hauek baloratu zituzten bereziki: nutrizioari eta larreak kudeatzeari buruzko jarraibide praktikoak, gorputz egoera puntuatzeko hainbat eredu, abortua kudeatzeko ohar teknikoak, etxaldeetako arkumeen hilkortasunaren erregistroa, eta gomendio praktikoak jaiotzean arkumeek pisu ezin hobea edukitzeko eta hilkortasuna murrizteko.

Ikusi da hurrengo aholku eta trikimailu hauek oso zabalduta daudela erabiltzaileen artean. Adibidez, maneiuko mahuka batean ardien gainetik igo eta jaitsi daitekeen ate bat jartzea, ur tutuak erabiltzea erditzeko gelaxka ugaritan ura hornitzeko, elikadurarako barrera mugikor bat jartzea, arkumeak ez daitezen elikadurako pasilloetan sartu, identifikazio elektronikoaren bidezko teknologia erabiltzea, esaterako, telefono adimendunak, datuak erregistratzeko, edota barra soil bat erabiltzea maneiuko mahukan, belaunpearen parean, ardiak atzerantz mugitu ez daitezen.

Irtenbide eta aholku eta trikimailu guztien deskribapen erraz eta zehatza aurkitu daiteke SheepNeten webgunean (www.sheepnet.network), parte hartu duten herrialdeetako hizkuntzetara itzulita.

SheepNetek Frantzian egingo du bere azken mintegia, 2019ko irailean; interesa dutenak SheepNeten webgunean erregistratu daitezke. SheepNet zabalik dago EBko herrialde guztietara, ardi aziendaren interesdun eta ekoizle guztientzat.

Partekatu

Beste berri batzuk