Sormenezko industriari buruzko Eusko Jaurlaritzaren proiektu pilotu bat aukeratu du EBk

Araba

Pro Inno Europe erkidego-ekimenerako aukeratutako zortzi planetako bat da Innova Creativy, sormenezko industria bultzatu nahi duena Eusko Jaurlaritzaren proiektuak industria-ingurunearen eta sormenezko industriaren artean dauden loturak identifikatu eta bultzatuko ditu Euskal klusterrek elkarrekin lan egingo dute zer gai indartu eta bultzatu behar diren jakiteko.

Eusko Jaurlaritza, 29/02/2012

Europar Batasunak, erkidegoko beste zazpi herrialderekin batera, Eusko Jaurlaritzak Europako Pro Inno Europe ekimenerako aurkeztutako proiektu bat aukeratu du, sormenezko industria Europan sustatzeko dena. Horri esker, Eusko Jaurlaritzak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren bitartez, +INNOVA CREATIVITY proiektua –industriaren eta sormenezko enpresen arteko harremanak identifikatzeko eta bultzatzeko dena– garatu ahal izango du. Plan hori gaur eman da ezagutzera Milanen, Sormenezko Industrien Europako Aliantza (European Creative Industries Alliance – ECIA) abiarazteko ekitaldian.

Sormenezko Industrien Europako Aliantza erkidegoko jardun aitzindaria da, sormenezko industria sustatzeko politiken garapenean esperientziak trukatzeko plataforma bat ezartzea eta 8 ekintza pilotu abiaraztea ekarriko duena, eta +INNOVA CREATIVITY Proiektua dago ekintza horien artean.

Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko erabili duen +INNOVA CREATIVITY proiektua aukeratu diren zortzi proiektuetako bat da, eta proiektu horren helburua EAEko industria-ingurunean berrikuntza-prozedura berriak txerta daitezen sustatzea da, eta sormenezko industriatik eratorritako zerbitzuak txertatuko dira horretarako.

Proiektua 2012. eta 2013. urteetan garatuko da, “Bonoen programa pilotu baten definizioan eta ezarketan” oinarrituko da eta euskarri gisa jokatuko du Europan erreferentziazkoak diren enpresek EAEko industria-enpresei sormen- eta berrikuntza-alorreko zerbitzuak eman diezazkieten.

Eusko Jaurlaritzak proiektu horretarako honako helburu hauek proposatu ditu:

Sormenezko zerbitzuen eskaeraren potentziala duten enpresen profila –beren enpresa- eta industria-prozesuetan txertatu beharrekoa–identifikatzea eta haren ezaugarriak zehaztea euskal klusterren laguntzarekin.

Sormenezko Industriaren Erregistro bat identifikatzea eta egitea Europako sormenezko industriaren alorreko bikaintasuneko zentroetatik eratorritako konpainiekin.

Sormenezko irtenbideak eta irtenbide berritzaileak bultzatzen dituen bono-programa bat definitzea zerbitzu espezializatuak emanez.

Sormenezko zerbitzuak emateko eta eskuratzeko aukera ahalbidetzea; horretarako, enpresa-arloko topaketak antolatuko dira (“matching” topaketa) sormenezko zerbitzuen hornitzaileen eta Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresen artean.

Programa pilotuaren garapenean identifikatu diren jardunbide egokienak identifikatzea eta hedatzea.

Antzeko jarduerak garatu dituzten edo gaur egun garatzen ari diren Europako beste agente batzuekin esperientziak trukatzeko nazioarteko ekitaldietan parte hartzea, betiere etorkizunean kontuan hartu ahal izango diren hobekuntzak identifikatzea ahalbidetzen badute.

Gauzak horrela, proiektuari esker, sormenezko zerbitzuen eskaeraren zati baten ezaugarriak ezarri ahal izango dira EAEko industria-enpresen artean, erreferentziazko sormenezko zerbitzuen enpresa hornitzaileak identifikatu ahal izango dira, lankidetza-esparruak identifikatzeko aukera emango duten enpresa-topaketak antolatu ahal izango dira, eta, azkenik, sormenezko zerbitzuak hartzeari dagokionez industria-sarearen euskarri izango den bono-programa bat definitu eta ezarri ahal izango da.

Partekatu

Beste berri batzuk