SPRIk 6 milioi euroko diru-laguntzak emango ditu euskal enpresetan berrikuntza proiektuak ezartzeko

Bizkaia

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe dagoen SPRI Sozietate Publikoak Aldatu Berrikuntza Bikaineko Programaren beste edizio bat jarri du martxan. 6 milioi euroko aurrekontua duelarik, euskal ETEetako lehiakortasuna sustatzea da bere helburua, eta horretarako, antolakuntzako eta merkatuko berrikuntza proiektuak ezartzen lagunduko die euskal enpresei. Programa hori Eusko Jaurlaritzako +Euskadi ekimenen barruan sartzen da.

Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 30era arte dago zabalik, aurrekontua arinago amaitzen ez bada behintzat. Aldatu Berrikuntza Bikaineko Programan bidez laguntzak ematen zaizkie enpresei berrikuntza proiektuak burutu ditzaten arlo hauetan: berrorientazio estrategikoan, merkatuan, antolakuntzan eta kultura berritzailearen sustapenean.

Berrorientazio estrategikoaren bidez aldaketa esanguratsuak bilatu nahi dira, negozio eredua aldatzen dutenak alegia. Merkatuko berrikuntzan, enpresak merkatuan daukan presentzia aldatzeko ekintzak sartzen dira. Berrikuntzarako antolakuntzari dagokionean, berrikuntzan oinarritutako eta hark zuzendutako kudeaketa sistema bat bilatu eta garatu behar da. SPRIk aurreikusi duenez, 2010. urtean zehar Aldatu Berrikuntza Bikaineko ekimenari atxikiko zaizkion euskal enpresetan 250 berrikuntza proiektu garatuko dira guztira.

Ekimen honen onuradun izan daitezke 10 enplegatu baino gehiago dituzten euskal ETEak, baldin eta aldez aurretik berrikuntzarako dauzkaten gaitasunei buruzko (berrikuntza agenda bat edo antzekoren bat eginez) hausnarketa bat egin badute eta geroago prozesu horretatik eratorritako ekintza plan bat definitu badute.

SPRIk Berrikuntza Bikaineko Aldatu programaren bidez ematen dituen laguntzak, diru-laguntza ez itzulgarriak dira eta gehienez ere 90.000 eurokoak izango dira enpresa bakoitzeko. Diru-laguntza horrekin, kanpoko aholkulariek gauzatu beharreko lanaren zati bat ordainduko da.

Berrikuntza Bikaineko Aldatu programa diseinatzeko, abiapuntutzat hartu dira 2009an zehar 461 enpresak aurkeztu dituzten 371 Aldatu proiektuetako esperientziak eta ondorioak. Ia bostehun enpresa horietatik, %55 industriaren sektorekoak dira eta %29 berriz zerbitzuen sektorekoak. Guztira, enpresa horiek 5,2 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntzak lortu zituzten, bakoitzak batez beste 22.373 euro jaso zituelarik.

Partekatu

Beste berri batzuk