SPRIk Barnetegi Teknologiko baten bidez hurbilduko dio enpresari IKTen balio estrategikoa, krisiari aurre egiten laguntzeko

Bizkaia

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRIren bitartez eta INNOVANET SAREAren laguntzarekin, 68 Barnetegi Teknologiko antolatu ditu hemendik eta urte bukaerara arte. Bi eguneko ikastaro horietatik lau, aste honetan antolatuko dira Aiarako Arcos de Quejana Hotelean (Araba).

Barnetegi Teknologikoa enpresa txiki eta ertainetako (edozein dela ere jarduera sektorea) 12 kudeatzailez osatutako taldeentzat diseinatuta dago, eta bere helburua da enpresa baten etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituzten kudeatzaileei ikusaraztea IKTei esker produktibitatea, eraginkortasuna eta merkatuko posizionamendua hobetu ditzaketela eta IKTak ez direla kanpoko gailu konplexuak.

Gaur egun bizi dugun krisi garaian, gero eta garrantzi handiagoa dauka baliabide eta tresna teknologiko berriei buruzko ezagutza izateak, teknologia horiek merkatuan daukagun posizionamendua hobetzen lagunduko baitigute. Egungo Informazio Gizartean, dagoeneko ezagutzen ditugun gauzen bertsio digitalak agertzen dira, baina baita errealitate berriak ere. Gertatzen ari diren aldaketak ezagutzeko eta enpresa baten estrategiak nola egokitu behar duen identifikatzeko, ez da beharrezkoa teknologiak menperatzea, baina eman dezaketen balioaren garrantzia ezagutu behar da.

Barnetegi Teknologikoa ikastaro trinko bat da eta ingurune isolatu batean antolatzen da, denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Bereziki pentsatuta dago IKTen balioa zein den transmititzeko, parte-hartzaileen ikuspegiarekin konbinatzeko, sinergiak, ideiak eta proiekzioak sortzeko eta antolakundeen mugimendu-ildo estrategikoak zehazteko.

Hona hemen, Barnetegi Teknologikoan zehar landuko diren gaiak:
• Web 2.0 eta enpresa
• Bezeroak eta proiektuak kudeatu
• Interneten daukagun irudia zaindu. Aztarna digitala
• Onarpen kolaboratiboa
• Gure merkatuaren zaintza eta behaketa sistematikoa.
• Geoposizionamendua
• Interneteko publizitatea
• Sare sozialak
• Informazioa lortu edo norbaitengandik jaso
• Nola komunikatu Web 2.0 aroan:
• Lan kolaboratiboa eta online edukiak partekatu
• Ezagutza partekatu

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak diseinatu eta bultzatutako +Euskadi09 Planaren barruan sartzen da.

Partekatu

Beste berri batzuk