SPRIk Hegan klusterreko 10 euskal enpresa babestu ditu Lisboako aeronautikako kongresuan
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentziak) Air Days-2014 ekitaldian parte hartu du, aeronautikaren sektoreak Lisboan egin duen kongresuan. Azoka horretan 18 herrialdetako 240tik gora lagun elkartu dira.
Enterprise Europe Network (EEN) sareak, Aeronautika eta Espazio Sektore Taldearen bidez, teknologiaren transferentziarako enpresa topaketa batzuk (Brokerage Event) antolatu ditu kongresuan. SPRIk, Basque EEN partzuergoaren koordinatzaileak, Hegan klusterrarekin lankidetzan, laguntza eta babesa eman die topaketetan parte hartu duten 10 euskal enpresa eta zentroei: Aciturri, Aernnova, DMP, IK4-Azterlan, IK4-Tekniker, LTK Grupo, Orbital-Aerospace, Sariki, Sisteplant eta Tecnalia.
Gainera, CARE (Clean Aerospace Regions ingelesez) proiektuko bilera bat egin da topaketan. Europa mailako ekimen horrek helburutzat du sostengarriago egitea aeronautikaren sektorea eta sektore horretako ETEek nahiz ikerketa zentroek garatzen dituzten I+G-ko jarduerak. Helburu horrekin sustatzen ditu aeronautikaren sektoreko eskualde klusterren arteko lankidetzak eta eskualde desberdinen espezializazio adimenduneko estrategiak (RIS3). Proiektu horretan Europako 9 klusterrek parte hartuko dute eta Hegan (Euskadiko Aeronautika eta Espazio Klusterra) da horietako bat.
Hegan klusterreko bazkideek beste topaketa bat egin zuten ekainean Frantziako hainbat enpresarekin (Aerospace Valley klusterreko bazkideak) Arcachon hirian. Ekitaldi horretan 12 antolakunde elkartu ziren eta alde biko 25 bilera egin zituzten guztira.