SPRIk programa berri bat jarri du martxan euskal enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzeko

Bizkaia

SPRIk berrikuntza programa berri bat jarri du martxan euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta berrikuntzarako gaitasuna handitzeko. Lehia eta Berrikuntza Ibilbideak da Programa berri honen izena eta aurreko “Berrikuntza Agendak” programa indartu eta garatzeko sortu da. Lehia eta Berrikuntza Ibilbideak programa Eusko Jaurlaritzako +Euskadi2009 ekimenen barruan sartzen da.

ETEei zuzendutako programa honen bidez, enpresako zuzendaritza taldeak enpresako lehiakortasunari eta berrikuntzari buruzko gogoeta estrategiko sakona egingo du, SPRIk eskainitako metodologian aditua den kanpoko aholkulari baten laguntzaz.

Hala, enpresa bakoitzak bere beharrizan bereziei egokitutako ibilbide propioa egingo du, indartu beharreko eremuak identifikatuko dituelako. Enpresek beste programa batzuekin osatu ahal izango dituzte beren ibilbideak, baldin eta programa horiek Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailekoak badira, SPRIk kudeatzen baditu eta Compite izeneko multzoan sartzen badira.

Programaren faseak

Programa honek hiru fase dauzka: definizioa, garapena eta berrikuspena. Lehen fasean, antolakundearen lehia eta berrikuntza ibilbidea definituko da. Horretarako, SPRIk kanpoko aholkulariak eginiko bederatzi lansaioren %50 finantzatuko du. Kopuru hori %25 gehiago haz liteke, baldin eta 12 hilabeteren buruan enpresak SPRIk kudeatutako proiektu bat egiteko laguntza lortzen badu. Edonola ere, antolakunde bakoitzak gehienez ere 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du.

Bigarren fasean ibilbidea garatuko da, eta horretarako, SPRIk kanpoko aholkulariaren kostuaren %75 finantzatuko du. Bigarren fase honetan, diruz lagundu daitekeen gehienezko zenbatekoa gauzatzen den jarduera motaren araberakoa izango da:
– 3.000 euro gaikuntza proiektuak ezartzeko, hots, antolakundeak lehiakor izan daitezen garatu behar dituzten proiektuak garatzeko.
– 1.950 ondoko arloetakoren bateko proiektuak definitzeko: prozesuak, produktu eta zerbitzuak, merkatua edota antolakuntza.
Hirugarren eta azken fasean, kanpoko aholkularitzak ibilbidea berrikusiko du. SPRIk aholkulariaren kostuaren %75 finantzatuko du, eta gehienezko laguntza 2.250 eurokoa izango da.

Aurreko ekitaldietan Berrikuntza Agendak programa hasi zuten enpresek beren agenda berrikustea eskatu ahal izango dute eta berrikuntza ibilbidearekin jarraitu, baldin eta parte-hartzaile guztiek bete beharreko baldintzak betetzen badituzte.

Partekatu

Beste berri batzuk