SPRIk sare sozialei eta bideojokoen garapenari buruzko prestakuntza eskainiko du Euskal Encounter ekitaldian

Araba

  • Ikastaroak publikoarentzako eremuan emango dira, uztailaren 24 eta 28 bitartean; ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea www.euskadinnova.net webgunean.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurten ere parte hartuko du Euskal Encounter ekitaldiaren 21. edizioaren antolakuntza-lanetan.  Nobedade gisa, SPRIk tailerrak eta hitzaldiak eskainiko ditu, gai ezin erakargarriagoak lantzeko: bideojokoen diseinua, onlineko ospea sortzeko eta zaintzeko giltzarriak, lainoko tresna bidezko kudeaketa komertziala edota Twitter aprobetxatzeko aholkuak, besteak beste.

Ikastaro eta jardunaldi horiek uztailaren 24tik 28ra egingo dira Euskal Encounter ekitaldian, Estatuko informatikako zaletu eta profesionalen topagune handi eta beteranoenean. Edizio honetan Euskal Encounter ekitaldiak Knowledge sharing (jakintza partekatuz) leloaren inguruko hainbat jarduera garatuko ditu, eta prestakuntza eskaintza indartuko du, 50 hitzaldi, solasaldi eta tailer baino gehiago eskainiko direlarik (guztiak doakoak eta publikoari irekiak). SPRIk Enpresa Digitalaren bidez antolatu dituen ikastaroetan parte hartzeko, euskadinnova.net atarian eman behar da izena. Esan bezala, jarduerak doakoak dira eta Euskal Encounter ekitaldian parte hartzen dutenei nahiz bisitariei zuzenduta daude. Iaz 20.000 lagun bildu ziren guztira.

Ekonomiaren Garapen Sailak nazioarteko proiekzioa duen topaketa digital handi honetan parte hartzen du duela 21 urtetik, eta hala Jaurlaritzak helburu bikoitza betetzen du. Lehenik eta behin, IKTak eta Euskadin teknologia horiek sendotzeko prozesua babesten du, teknologiaren erabilpenari eta teknologian oinarritutako negozioei buruzko ezagutza partekatzen duten parte-hartzaileentzako foro honetan. Bigarrenik,  oso profil definitua duten bisitariak erakartzen ditu Euskadira sare sozialetan garatzen duen jarduera handiari esker; horietako asko erreferentziazko preskriptoreak dira eta Euskadi negozio eta turismo jomuga gisa kokatzen lagundu dezakete. Datu esanguratsu bezala azpimarratzekoa da Euskal Encounter ekimenaren barruan Gamegune bideojoko lehiaketa ospatzen dela, non munduko profesional talde onenak elkartzen baitira, eta iaz planeta osoko 200.000 lagun baino gehiagok jarraitu zuten Internet bidez.

Aurtengo Euskal Encounter-a uztailaren 24tik 28ra izango da BECen; 4.096 parte-hartzaile bilduko dira 6.000 ordenagailurekin eta segundoko 20Gb-eko abiaduran nabigatuko dute. Hori guztia 35.000 metro koadroko areto batean, lau egunetan 20.000 bisitari baino gehiago elkartuko direlarik bere eremu irekian.

Jarduera horiez gain, hardware eta software libreko lehiaketak egingo dira, urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa dutenak. Aipatzekoa da Euskal Encounter-aren pasa den edizioan HiCookie taiwandarrak munduko lau abiadura errekor lortu zituela ordenagailu bidezko kalkulu matematikoak egitean eta ikusmin handia piztu zuela.

Partekatu

Beste berri batzuk