Sprilurrek salmenten % 30eko igoerarekin amaituko du urtea, Irunen 3,4 milioiko eragiketa bat itxi ondoren

Bizkaia

• Irungo Araso poligonoan lurzoru urbanizatuko 9.075 m²-ko lurzati baten salmentak kontabilitate-itxieraren aurreikuspena hobetu du. Elikaduraren sektorean diharduen Uvesco Taldeko enpresa batek Irungo poligono horretan instalatzea erabaki du.
• SPRILURREK 12,1 milioi euroko sarrerak izan ditu salmentengatik, 2012rako zituen aurreikuspenak hobetuz, 9,3 milioikoak baitziren.

SPRILUR, SAk, SPRI Taldearen (Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzoa, euskal enpresa-sareari laguntzen diotenak) azpiegitura-arean sartuta dagoenak, aurtengo kontabilitate-ekitaldia salmenten % 30eko igoerarekin itxiko du urte hasieran aurreikusitakoa kontuan izanik. Sozietateak, industrialdeekin eta Parke Teknologikoekin batera Eusko Jaurlaritzaren enpresa-areen eskaintza osatzen duenak, ekitaldi honetan 12,1 milioi euroko sarrerak izan ditu, eta aurreikuspena 9,3 milioi ziren. Hori lortzeko arrazoia izan da Uvesco Taldeari Irungo Araso poligonoan lurzati bat saldu izana, 3,4 milioi euroko zenbatekoarekin.
Egoera ekonomikoa ezegonkorra den arren, SPRILURREK ekitaldi honetan egin duen jardueraren garapenak nabarmen gainditu ditu aurreikuspenak, ustiapen- eta kudeaketa-kostuen murrizketan egindako ahalegin handiari (% 20ko murrizketa 2008arekin alderatuta) eta industria-guneen salmenta eta alokairuen suspertze eta bultzadari esker.

Irungo Araso poligonoan duela gutxi saldu den industria-lurzoru urbanizatuko lurzatiak 9.075 m²-ko azalera du. Eragiketa Uvesco Taldeko enpresa batekin egin da, eta 3,42 milioi euroko zenbatekoa izan du.

Enpresa-ekimen berri horrek, Irungo poligono horretan instalatzea erabaki duenak, erosi duen gunea biltegiratzeko plataforma logistiko gisa erabiliko du. Erositako lurzatiaren eraikuntza-aprobetxamenduak enpresari aukera emango dio behe-oinean 6.674 m² erabiltzeko, eta guztizko eraikigarritasuna 9.253 m² izango da. Enpresak nabe berriaren eraikuntza-obrak 2012. urtea amaitu baino lehen hastea aurreikusi du. Arasoko instalazioan 10 langile gehiago izateko aukera aztertzen ari da taldea.

Uvesco Taldeak bere jarduera tradizionalki elikadura-sektorerako produktuen banaketan oinarritu du. 1993az geroztik estatuko iparrean kokatu da, eta gaur egun bi plataforma logistiko zabal ditu, horietako bat Gipuzkoako lurraldean, Irunen hain zuzen ere. Elikaduraren banaketan liderra den talde horrekin lortutako akordioak, taldeak zabaltzeko eta proiektu eta establezimendu berriak irekitzeko duen estrategia berresten du.

IRUNGO ARASO POLIGONOA: INDUSTRIA AREA ESTRATEGIKOA GIPUZKOAN

SPRILURREK Irungo udalaren lankidetzarekin proiektatu zuen Araso poligonoa 2008an amaitu zuen, Bidasoa eskualdeko industria-tradizio handia historikoki osatu duten beste enpresa-arlo batzuen osagarri izateko helburuarekin.
Araso poligonoak guztira 275.000 m²-ko azalera du, eta lurzoru urbanizatuko 83.730 m² jarri zituen enpresen eskura. Orain arte, bere kokapen estrategikoari esker, A-8 eta N1 errepideetatik hurbil dagoenez, 62.000 m² inguru merkaturatu dira, eta oraindik lurzati urbanizatuen 13.400 m² eta pabiloi modularren 6.150 m² daude erabiltzeko.

Poligonoaren urbanizazio-faseari eta industrialdeari dagokion lurzatiaren eraikuntzari dagokionez egindako guztizko inbertsioa 30 milioi eurora iritsi zen. Gaur egun 16 enpresa daude instalatuta Arason, eta 223 langileri ematen diete lana.

Industria-poligono horretan bertan, duela gutxi fusionatu den Bidasoa Oarsoko Industrialdea, SAk (Irungo Industrialdea, SA eta Oarsoaldeko Industrialdea, SA) beste enpresa-area batzuk sustatzen ditu irunen (Bentak, Gabiria, Oianzabaleta eta Arretxe-Ugalde). Duela gutxi amaitu den eta arkitektura zirkularra duen Ugalde eraikinak zerbitzuetako eta merkataritza-eremuko edozein enpresaren beharrizanetara oso ondo egokitzen diren bulegoak ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk