Tapiak adierazi du Euskadi “gero eta erakargarriagoa” dela atzerriko kalitatezko inbertsioarentzat
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak INTERGUNE+ foroaren inaugurazioan azpimarratu du euskal enpresek “naturaltasunez integratu behar dutela nazioartekotzea eta, aldi berean, nazioartekotze-estrategia global eta lokalen aldeko apustua egin behar dutela”.
CAF, CIE Automotive eta Velatia euskal enpresetako zuzendaritza-kargu nagusiekin egindako mahai-inguruan erakutsi da atzerriko inbertsioaren etorkizuna Asiako hego-ekialdean dagoela.
Bi egunetan zehar INTERGUNE+ topagune bihurtzen da, euskal enpresei nazioartekotze-zerbitzuen, Europako politiken, herrialde gorakorren eta atzerrian izan ditzaketen aukeren informazio guztia emateko.
“Euskadi gero eta erakargarriagoa da atzerriko kalitatezko inbertsioarentzat. Ez gara kostu baxu edo lan-esku merke bila dabiltzanentzako herrialdea. Baina jomuga bezala nabarmendu nahi dugu Europan talentua, teknologia, enpresa kolaboratzaileak, industria-ingurune ona eta business friendly administrazioa bilatzen dutenentzat”. Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, nazioartekotzearen garrantzia azpimarratu du INTERGUNE+ foroaren inaugurazioan. Bi eguneko ekitaldi hori topagune bikaina da euskal enpresentzat, aukera dutelako nazioartekotze zerbitzuen eskaintza, Europako politikak eta herrialde gorakorrak ezagutzeko eta beren enpresek atzerrian izan ditzaketen aukerak deskubritzeko.
SPRI Taldeak -Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak- antolatu du foroa, zeinetara bertaratu baita SPRIren Kanpo Sare osoa, eta baita ere nazioartekotze produktuak eta zerbitzuak dituzten erakunde eta enpresak. Topaketa osatzeko, hainbat jardunaldi daude askotariko gaien inguruan: merkatu interesgarriak, merkatu gorakorrak, laguntza programak, kasu arrakastatsuak eta Juncker Planaren xehetasunak. Mexiko da INTERGUNE+ foroaren aurtengo edizioko herrialde gonbidatua, eta, beraz, baita ere protagonista garrantzitsuena.