Tecnalia maila anitzeko bi bihurgailu garatzen ari da Australiako Aeri instituturako
Tecnalia Korporazio Teknologikoa saiakuntzetarako maila anitzeko bi bihurgailu garatzen ari da, AERI Australiako Ikerketa Institutuak produktuak probatu edo I+Gko proiektuak gauzatu ahal ditzan.
Tecnaliak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin (UPC) mantentzen duen lankidetzaren ondorioz gauzatutako proiektu hau, institutu australiarrak maila anitzeko bihurgailuen ikerketan jarraitzeko, ordurarte baino bihurgailu profesionalago bat izateko zuen premiaren eraginez sortu da.
Euskal zentro teknologikoak ibilbide luzea egina du energia arloan. Horren haritik, maila anitzeko bihurketa, energia eolikoaren nahiz fotovoltaikoaren esparruan aplikazio-potentzialik handiena duten teknologietako bat da.
Maila anitzeko bihurgailuek abantaila handiak eskaintzen dituzte ohiko bihurgailuen aldean. Adibidez, energia eolikoaren kasuan, orain arte bihurgailu konbentzionalak erabili diren arren, parkeen potentzia areagotu ahala, potentzia gehitu eta tentsioak handitu beharko dira.
Testuinguru honetan, bihurgailu berriek tentsiorik handienak erarik errazenean lortzea ahalbidetzen dute.