Tecnaliak algekin saiakuntzak egin ditu ordezko energia-iturri gisa erabiltzeko

Bizkaia

Tecnaliak mikroalgen hazkuntza masiboaren aukerak ikertzen dihardu horiek energia bihurtzeko. Euskal zentro teknologikoaren helburua mikroorganismo horiek masiboki ustiatzea da biomasen edota bioolioen aitzindari gisa. Horretarako, genomika-azterlanez gain, leinurik emankorrenak eta erresistentzia handiena dutenak hautatzeko azterketak gauzatzen ari da.

Aldi berean, algen elikagairako CO2 xurgatzea eta industria-efluente gaziak erabiltzea aztertzen du ikerketak, baita uztarako erabilgarri dauden teknologiarik onenak ere. Momentuz, Tecnaliak energia-iturri honek “etorkizunerako perspektiba interesgarriak” dituela onartu du, nahiz eta industria-mailan prozesu osoa nahiko garatuta ez egon.

Mikroalgen abantaila nagusia elikagaien sektorearekin lehiatzen ez direla da eta, beraz, ez dira beste laboreak erregai gisa erabiltzeak berekin dakartzan arazo etikoak mahaigaineratzen. Modu berean, CO2 xurgatzearen ondorioz, onuragarria da ingurumenarentzat eta industria-efluente gaziak erabiltzeko aukera eskain dezake.

Partekatu

Beste berri batzuk