TECNALIAk European Manufacturing Awards sarien 2012ko edizioaren “Factory of the Future” saria irabazi du

Bizkaia

  • TECNALIAk bere robot humanoideari erantsi dion adimena eta malgutasuna Europako Manufacturing onena izan da.

European Manufacturing Awards sari-banaketa urtero ospatzen da Dusseldorfen, manufaktura-arloan Europan egiten diren garapen-lanik onenak hautatzeko. Aurten, TECNALIA Research & Innovation Ikerketa Aplikatuko Zentroak irabazi du saria, Hiro robot humanoidea lantegi aeronautikoen beharretara egokitzeagatik, eta, horri esker, Tecnalia Europako erreferente bihurtu da Manufacturing arloan.

Sektorean duen esperientziari esker, TECNALIAk etorkizuneko fabriken beharrak identifikatu ditu, eta irtenbide bat aurkitu die ikerketaren eta teknologiaren bidez: robot humanoide baten erabilera da adibideetako bat. Hiro robota, Japoniako Kawada Industries-ek garatua, Europara iritsi da aurten TECNALIAren eskutik. Erantsi dion adimenari eta malgutasunari esker, Hirok aukera eskaintzen du gaur egun Airbus España lantegiko muntaia-operazioak automatizatzeko, gizakiekin batera pieza aeronautikoen errematxe-lanetan jardunez.

Horrenbestez, Hirok garai berri bati ekiten dio manufakturaren munduan, prestatuta baitago Europako instalazioen ahalmenak handitzeko eta nazioarteko merkatuetan dagoen lehiari aurre egiteko, aldi berean langileen segurtasuna bermatuz.

Hiro, barrutik eta kanpotik

Hiro robotak gorputz-enbor humanoide baten itxura du. Japoniar filosofiaren arabera, robot bati giza itxura emateak erraztu egiten du robota lan-giroan egokitzea eta langileekin interakzioa izatea. Hori dela eta, goiko partean robotak burua, enborra eta bi beso ditu, eta besoek esku-itxura dute muturrean. Gainera, lau begi ditu, guztira; bi, aurpegian, eta bat, esku bakoitzean. Haiei esker, gizakiarentzat deserosoak edo arriskutsuak diren operazioak egin ditzake.

TECNALIAk robotaren adimena eta malgutasuna garatzen dihardu industriara egokitzeko asmotan, ekintza desberdinak eta leku desberdinetan egin ditzan, lantegi bakoitzaren eta bezero bakoitzaren beharren arabera. Industriaren premia errealei erantzuten jakitea da kontua, Airbus-en ekoizpen-instalazioetan dagoeneko egiten ari diren bezala.

Robot soziala eta lankidetzazalea

Hirori esker, TECNALIAk langileen segurtasuna bermatu nahi du, eta Europako fabrikazio-instalazioen ahalmena handitu. Horretarako, gizakiaren adimena eta robot industrialen propietateak konbinatu nahi ditu eraginkortasuna eta errentagarritasuna bilatuz.

Hiroren berezitasuna da robot sozial bat dela, hau da, lan-eremua baldintza erabat seguruetan konpartitzeko prestatuta dagoela, eta, pertsonaren batekin kontaktu fisikoa izanez gero, automatikoki bertan gelditzeko programatuta dagoela. Horrez gain, esan behar da langileen osasunarentzat arriskuren bat ekar dezaketen lanak egingo dituenez zeharo bermatuko duela langileen segurtasuna.

Partekatu

Beste berri batzuk