Teknologia Parkeen Sarea berrikuntzarako eta teknologia-garapenerako eta Euskadira proiektu estrategikoak biltzeko eragile nagusia bihurtuko da

Bizkaia

Proiektuaren asmoa da parkeak zabaltzea eta handitzea, Ezkerraldea/Meatzaldean teknologia- eta industria-parke bat irekitzea eta erakunde, unibertsitate eta enpresen arteko lankidetzari bultzada ematea

 Euskadiko Parkeen Sareak nazioarte mailan punta-puntakoak diren sektoreetan, hala nola biozientzian, aeronautikan, manufaktura aurreratuan eta 4.0 industrian diharduten 511 enpresa, ikerketa-fundazio eta berrikuntza-zentro biltzen ditu

 Sareak 4.600 milioi euro fakturatzen ditu urtean, 16.177 pertsona enplegatzen ditu eta urtean 494 milioi euroko gastua egiten du ikerketa eta garapenean; hau da, euskal enpresek I+G arloan egiten duten guztizko gastuaren %40  

Euskadiko Parkeen Sarearen azken aldiko eta etorkizun hurbileko mugarrien artean, Viralgen, terapia genetikoan erabiltzen diren bektore biralen garapenean diharduen Europako lehen azpiegitura inauguratu da berriki Gipuzkoako Teknologia Parkean; datozen asteetan inauguratuko da Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa; Arabako Teknologia Parkeko instalazioetan azaroan Zientzia eta Teknologia Parkeen Nazioarteko XV. Biltzarra egingo da Donostian; eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, Sare guztia ordezkatuz, Inspiring Solutions Program nazioarteko saria jasotzeko hautagaien artean dago

IMG_1837Euskadiko Teknologia Parkeen Sarea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Parkeek osatua, asmo handiko 2017-2020 Plan Estrategikoa abian jartzera doa. Euskadin berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren eragile eta bizkarrezur bihurtzea eta I+G+b arloan nazioarteko erreferentzia izatea, horiek dira planaren helburu nagusiak. Hori lortzeko, enpresen, eragile teknologikoen eta unibertsitateen artean teknologia-ezaguerak trukatzeko ekimen gehiago bultzatuko dira, parkeetan enpresa berritzaileak sortzeko eta hazteko proiektuak sustatuko dira eta Euskadirako enpresa-proiektu estrategikoak erakartzeko eta parkeen euskal sarea nazioarteko erakusleihoan nabarmentzeko ekimenak sendotuko dira.

Euskal erakunde guztietako, unibertsitateetako eta enpresa garrantzitsuenetako ordezkariak aritu dira lanean plan hau osatzeko, baita Euskadiko Zientzia eta Teknologia Parkeen Sarea osatzen duten 66 enpresa ere. Jomuga 2020. urtean jarririk, plan estrategiko berria gaur aurkeztu dute prentsaurrean, Bizkaiko Teknologia Parkean (Zamudio), Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, eta Itziar Epalzak, Euskadiko Teknologia Parkeen zuzendari nagusiak.

Asmo handiko proiektu hau hiru ardatz hauen inguruan hezurmamitzen da:

– Enpresa- eta zientzia-jarduerarako ekosistema onena sortzea, euskal enpresaren dibertsifikazioan lagunduz eta jakintza-trukerako eta networking-erako eremu gehiago sortuz.

– Negozioa garatzeko funtzioa sendotzea, euskal parkeek eta gainerako erakundeek lankidetzan egin beharreko lanean, enpresa berriei haztegietatik parkeetara bidea egitea bermatzeko, proiektu estrategikoak Euskadira biltzeko, eta, orobat, lehendik parkeen sarean dauden enpresen gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko.

– Geografikoki modu ordenatuan hedatzeko prozesu bati ekitea, sareko eragile publiko eta pribatu guztien arteko antolaketa berri bat aplikatuz eta balio erantsi handiko zerbitzuen zorro zabala handituz, modu horretara enpresen eskakizunei eraginkortasunez erantzuteko.

Euskal I+G-aren %40 ordezkatzen duen ekosistema

Parkeen Euskal Sarea zientzia eta teknologia jakintzaren eta garapenaren egiazko ekosistema da. 511 enpresa, ikerketa fundazio eta berrikuntza-zentro biltzen dira bertan, korporazio handiekin eta hainbat startup-ekin batera. Parkean finkatutako enpresen %22 (114) Euskadiko haztegien eta elkartegi-en babes eta segimenduari esker sortua da, hor bideratzen baitira enpresa berritzaileak sortzeko gogoa duten gazteen talentua eta espiritu ekintzailea. 2016an, parkeen sarean kokatutako enpresek Euskadi osoko enpresek I+G jardunean inbertitutako guztizko gastuaren %40tik gora inbertitu zuten (urtean 494 milioi euro) eta 4.633 milioi euroko fakturazioa lortu zuten. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Teknologia Parkeek, osotara, 16.100 pertsona baino gehiago enplegatzen dute.

Sare honetako teknologia-parkeetan, berrikuntza babesteko azpiegiturak jartzen dira ekintzaileen esku, jakintza zientifiko-teknologikoaren eta enpresa-jakintzaren arteko zubi-lanak egiten dira, euskal enpresen nazioartekotzea laguntzeko bideak diseinatzen dira eta jakintza teknologikoa gizartera hurbiltzeko lan egiten da.

Hogeita hamar urteko bizitzan, Teknologia Parkeen Euskal Sarea unean uneko erronketara egokitzen joan da, eta Euskadiko ekonomia- eta gizarte-garapenaren katalizatzaile bihurtu da. Helburu hori, bistan da, iraultza digitalarekin loturik dago gaur egun inoiz baino gehiago. Laugarren industria iraultza deritzona dela medio, erakundeak eta enpresak behartuta daude etengabe ekimena hartzera eta informazio- eta komunikazio-teknologia berrietara egokitzera; izan ere, teknologia horien eraginez goitik behera aldatzen ari dira industria-, ekonomia- eta gizarte-prozesuak. Egoera honetan, teknologia eta zientzia ezinbestekoak dira enpresen lehiakortasuna bermatzeko, gazteen artean bokazio zientifikoa eta teknologikoa sortzeko eta horri bultzada emateko eta gizarte osoaren garapen ekonomikoa lortzen laguntzeko.

Jarduera-ildo estrategikoak

Gaur aurkeztutako Plan Estrategikoak parke teknologikoen misioa du ardatz nagusi; hau da, Euskadin berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren eragile katalizatzaile izatea, enpresen, teknologia-zentroen eta unibertsitateen artean jakintza-trukea eta transferentzia teknologikoa bideratuz eta lagunduz, enpresa berritzaileak sortzea eta haztea bultzatuz, eta kalitatezko espazio eta instalazioak eta balio erantsia duten zerbitzuak modu iraunkorrean eskainiz.

Helburu nagusi hau hainbat jarduera-ildotan zehazten da:

–           Euskadiko industria- eta teknologia-politikaren helburuak lortzen laguntzea, bezeroei balioa emanez eta bezeroak berak parke-sarearen estrategiaren erdigunean jarriz.

–           etorkizuneko sektoreetan diharduten eta teknologikoki aurreratuen dauden enpresak kokatzea,

–           parkeek betetzen duten bitartekari-funtzioa bultzatzea, enpresen, unibertsitateen eta teknologia-zentroen arteko lankidetza sustatzen eta optimizatzen jarraitzeko,

–           negozio-aukeren arteko lotura egitea eta lan-komunitateak eta proiektuak egituratzea

–           oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzen laguntzea,

–           Euskadiren eta bertako enpresa-sarearen kanpo-proiekzioa indartzea

–           eta lanerako bikaintasun-ingurune bat sortzea, talentua erakartzeko.

Transferentzia enpresara eta gizartera

Jomuga 2020. urtean dela, Euskal Parkeen Sareak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Euskadiko bizkarrezur eta eragile nagusi gisa sendotu nahi du, eta enpresei I + G arloko transferentzia handiena bermatu nahi die, haien lehiakortasuna hobetzeko eta gizarte osoaren ongizatea lortzen laguntzeko. Parkeen plan estrategikoa uztarturik dago Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020 Planarekin. Azken honek espezializazio adimentsuko hiru lehentasun jorratzen ditu: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientzia-osasuna.

Parkeek elkarlanerako sare indartsuak eta espezializatuak sortuko dituzte bertan instalatutako enpresei balioa emango dieten joerak eta aukerak biltzeko; zerbitzu-zorro dinamikoa eskainiko dute, parkeetako bezeroen beharrizanak betetzera bideratua; hainbat estrategia abiaraziko dituzte enpresei beren garapenerako funtsezkoak izan daitezkeen programa eta ekimenei buruzko intereseko informazioa emateko eta informazio hori identifikatzeko, merkatuak, joerak eta negozio-aukerak etengabe aztertuz. Helburua da Euskadirako enpresa-proiektu estrategikoak modu aktiboan bilatzea eta erakartzea, bereziki erakundeen lehentasunekin bat datozen sektore eta merkatuetan, eta, aldi berean, berrikuntzaren, zientziaren eta transferentzia teknologikoaren arloan parkeak nazioarteko erreferentzia gisa sendotzea.

Helburu estrategikoak

Plana 8 helburu estrategikotan hezurmamitzen da. Horiek izango dira Euskadiko teknologia-parkeen sarearen jardunerako ardatz nagusiak datozen urteetan, eta 2020. urtera bitartean egingo diren 62 ekimenetan zehaztuko dira.

•       Gobernantza-eredu sendotua

•       Enpresak erakartzea eta bezeroak fidelizatzea

•       Hedapen geografiko ordenatua

•       Berrikuntzarako eta enpresa-garapenerako ingurune optimoa

•       Parkeak ikusgai egitea Euskadin bertan, estatuan eta nazioartean

•       Sarean lan egitea eta antolaketa eraginkorra eta arduratsua

•       Ilusioz eta inplikazioz jardungo duten pertsonen lantaldea

•       Ekonomia- eta finantza-iraunkortasuna

Epe motzera eta luzera egin beharreko ekintza sorta horretan, hauek dira nabarmentzekoak: 4.0 sektoreko fokoak sortzea; pizgarrien eta finantzazio-formula alternatiboen politika bat garatzea enpresa berriak erakartzeko; Arabako parkean merkaturatze-plan espezifikoak lantzea Marie Curie eraikinerako eta Haizearen Tunelaren azpiegiturarako; BIC-ekin (enpresa-habiak) etengabeko lankidetzan jardutea enpresa berriak sortzen eta ondoren parkeetan ezartzen laguntzeko; tresna berriak sortzea teknologia eta enpresa-errealitatea gazteenei hurbiltzeko; parkeetan sormenerako eta jakintzaren transferentziarako guneak sortzea; eta, azkenik, intereseko nazioarteko foro eta sareetan parte-hartzea bultzatzea eta nazioarteko bisita gehiago egitea.

Gaur egungo eta etorkizuneko espazio-eskakizuna parkeen Sare osoan

Plan Estrategikoak, besteak beste, asmo hauek ditu: parkeen Sarean eskueran dauden espazioak modu aktiboan merkaturatzea eta hainbat proiektu hiru lurraldeetara hedatzea modu ordenatuan eta iraunkorrean. Proiektu nagusietako bat teknologia-parke berri bat martxan jartzea da: Ezkerraldea/Meatzaldeko campusa, 4.0 industriara bideratutako parke-eredua. Campus horri begira, proiektu eragile bat biltzea aurreikusten da, berrikuntza teknologiko eta industria aurreratuko esparru berri hori bultzatuko duena.

Bizkaian bertan, Planaren xedea da Zamudion eta Derion Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikuntza-ahalmena handitzea, batez ere Geldoko eta Arestiko lursailetan, lehenean hirigintza-prozesua martxan jarriz, eta bigarrenean, hirigintza-kudeaketa abiatuz. Horrez gain, aurrerapausoak emango dira Leioako campusa garatzeko, EHUrekin elkarlanean, lehendik dauden eraikinetara enpresak erakartzeko, eta enpresen eta unibertsitateko ikerketa-taldeen hazteko beharrizanei erantzuteko, eta, orobat, Zorrotzaurreko teknologia-parke urbanoaren proiektua bultzatuko da.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Plan Estrategikoak bi asmo nagusi jasotzen ditu: batetik, Miramongo gunea handitzea, eraikin berri bat eginez eta eskueran dauden partzelak zatitzeko aukera aztertuz, eta bestetik, Galarretako campusa garatzea, Gipuzkoako parkearen hedapen naturala den heinean, erakundeekin lankidetzan proiektu eragile bat sustatuz.

Araban, hauek izango dira Teknologia Parkearen egitasmo behinenak datozen hiru urteetarako: enpresa eta proiektu estrategiko berriak biltzea, eta hala, parkearen gaur egungo okupazio-maila handitzea; merkatuaren beharrizanetara egokitutako eraikin berri bat eraikitzen hastea; eta ondoko lursailei loturiko hirigintza-izapideen prozesua amaitzea, espazio gehiago izateko eskaera posibleei aurrea hartzeko.

Euskadiko Parke Sarearen neurri egokia eta iraunkorra bermatzeko, azterlan bat egingo da parkeen gaur egungo neurriari eta neurri egokiari buruz, sor daitezkeen espazio-gabeziei aurre hartzeko, eta, orobat, sareari atxikitako campusekin (Eibar, Armentia eta Arkaute) lankidetzan jarduteko hitzarmenak eta eredua berrikusiko dira.

Epe motzerako mugarri handiak

Plan Estrategikoa gaur, irailak 18, eman da ezagutzera, hiruhileko bete-betea hasi besterik egin ez den honetan; izan ere, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak hainbat erronka garrantzitsuri egingo dio aurre datozen asteetan. Urrutira gabe, aurreko ostiralean, irailak 15, Viralgen egitasmoaren aurkezpena izan zen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Viralgen joint venture bat da, eta bi hauek elkartu dira proiektua martxan jartzeko: batetik, Columbus Venture Partners (medikuntza eta bioteknologiaren sektoreko enpresetan inbertsioak egiten espezializatutako arrisku-kapitaleko funtsa), eta bestetik, AskBio (Asklepios), bioteknologiaren arloko Amerikako enpresa bat, bektore biralen ekoizpenean 10 urtetik gorako esperientzia duena eta bere ekoizteko metodoaren jakintza eta patenteak ekarriko dituena. Terapia genetikoan erabiltzen dira bektore biralak, eta Viralgen da Europako lehen azpiegitura bektore horiek garatzeko. Proiektua, beraz, garrantzitsua da, egiaztatzen ari baita terapia genetikoak etorkizun handikoak direla gaixotasun genetikoak tratatzeko.

Datozen asteetan inauguratuko da, halaber, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa, Arabako Teknologia Parkeko instalazioetan. Zentro hau bi helbururekin sortu da: batetik, Euskadi Europako erreferentzia bihurtzea informazio- eta komunikazio-teknologia berrien aplikazioan, euskal enpresetan eta gizartean iraultza digitala ezartzeko, eta, bestetik, azpiegitura kritiko nagusiei eta enpresa-sareari babes eraginkor eta fidagarria ematea sor daitezkeen mehatxu eta eraso informatikoen aurrean prebentzioa lantzeko eta erantzuteko. Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa urrian hasiko da lanean hiru zerbitzu eskaintzen: alerta goiztiarra, gorabeheren kudeaketa eta sentsibilizazioa. Proiektua Eusko Jaurlaritzarena da, SPRI Taldearen bidez kudeatuko da eta Parkeen Sarea laguntzaile izango da.

Bestalde, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Nazioarteko XV. Biltzarra hartuko du azaroaren 22-23an. “2020tik harago: Teknologia Disruptiboak” goiburupean, hainbat aditu eta puntako enpresa bilduko dira bertan, besteak beste, honako gai hauek jorratzeko: teknologia horien funtsezko alderdiak, eta merkatu berriak eta balio-sareak sortu eta aurreko teknologiak alde batera uzten dituzten berrikuntzak. Orobat, teknologia horiek kontsumitzaileengan, langileengan eta ekonomia-jardueretan izan ditzaketen eraginak ere aztertuko dira, modu horretara datozen urteetan teknologia-parkeetan izan dezaketen eraginari aurre hartzeko. Euskadiko Parke Sarea 4.0 Industriaren erdigune izango da egun horietan, Euskadik sektore estrategiko horretan gero eta leku nabarmenagoa duen adierazle.

Horrez gain, ‘Erronka Parkearentzat’ berrikuntza arloko ekimena, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak landua, hamar ideia finalisten artean dago Zientzia
Parkeen eta Berrikuntza Esparruen Nazioarteko Elkarteak (IASP) sustatzen duen Inspiring Solutions Program sariketan. ‘Erronka Parkearentzat’ ekimena duela hiru urte jarri zen martxan, helburu nagusi honekin: parkeak eta haietan ezarrita dauden enpresak hobetzen lagunduko duten ideiak identifikatzea. Langileak berak dira programa berritzaile honen protagonistak. Erronka horretatik hainbat proiektu arrakastatsu sortu dira; esate baterako, ParkeApp Euskadiko Teknologia Parkeen mugikorretarako aplikazioa, Parkea Musik Fest jaialdia eta Kirol eta Elkartasun Jardunaldia. Euskadiko teknologia parke bat lehen aldiz heldu da mundu mailako programa honen finalista izatera. Kanada, Hego Afrika, Brasil, Suedia eta beste zenbait herrialdetako bederatzi finalistekin lehiatuko da Euskadiko Parkeen Sareak bultzatutako proiektu hau. Irailaren 28an, Istanbulen (Turkia), IASP (International Association of Science Parks and Areas of Innovation) Elkartearen 34. Nazioarteko Biltzarraren harira egingo den ekitaldian emango dira jakitera hiru ideia irabazleak.

Hiru hamarkada berritzen

Hiru hamarkada dira jada Euskadiko Teknologia Parkeak martxan jarri zirela, eta ibilbidea oparoa izan da. Parkeetako instalazioetan askotariko sektoreetan diharduten enpresak daude finkatuta: besteak beste, IKT, elektronika, aeronautika, I + G, biozientzia, energia eta ingurumena, ingeniaritza eta automozio sektoreetakoak. Informazio-teknologien sektoreko konpainiek enplegatzen dituzte langile gehien parkeetan; zehazki, eremu horietan diharduten langileen %27. Sektore horren eragina oso nabarmena da Bizkaiko Parkean, IKTen arloko enpresetan ari baita lanean langile guztien %30. Langile kopuruari dagokionez, Euskadiko Parke Sareko bigarren sektorea I+G arlokoa da; hain zuzen, euskal teknologia parkeetako bost langiletik bat (%21) ikerketa eta garapenean ari da lanean. Hirugarren lekuan, biozientzien eta elektronikaren sektoreak daude; hurrenez hurren, Euskadiko Parke Sarean diharduten langile guztiak (16.177) aintzat hartuta, %11 enplegatzen dute bi sektore horiek.

ARABAKO TEKNOLOGIA PARKEA, TEKNOLOGIAREN TRANSFERENTZIARAKO ERAGILEA

Parkeak 623 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2016an, eta 140 enpresa biltzen ditu guztira, horien artean nazioartean entzute handia duten hainbat teknologia-zentro eta I+G-ko unitate. Zentro eta unitate horiek teknologiaren transferentziarako eragile lana egiten dute, eta balio erantsi handiko zerbitzu-sorta zabala eskaintzen diete enpresei, horien bidez 4.0 industrian lekua hartzeko. Hauek dira teknologiaren trukean diharduten egiazko erreferenteak: Tecnalia, Aernnova Aerospace, Teknologia Aeronautikoen Zentroa, Siemens Guascor I+G, Neiker eta CIC energiGUNE. Horiei gehitu behar zaie Biotechnology Institute (BIT) I+G, 2016an argitalpen zientifiko gehien egin duen Estatuko enpresa, 33 guztira, Bioenpresen Espainiako Elkartearen (ASEBIO) 2016ko txostenak jasotakoaren arabera. Parkean 2.833 langile ari dira guztira, horietatik 954 I+G arloan; 976 goi-mailako tituludunak dira, 115 doktoreak eta 52 bekadunak. Iaz, 100 milioi euroko gastua egin zuten Arabako parkeko enpresek Ikerketan eta Garapenean, eta 141 patente erregistratu zituzten guztira.

https://parke.eus/alava/

BIZKAIKO ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA PARKEA, ESTATUKO LEHENA

Bizkaikoa 1985. urtean jarri zen martxan, eta Estatuan sortutako lehen teknologia parkea izan zen. Hainbat sektoretako 240 enpresa biltzen dira bertan, hala nola aeronautika, automozio, elektronika, energia, ingurumena, ingeniaritza, medikuntza eta biozientziak eta informazioaren teknologien arloan dihardutenak. 4.0 industriaren eta manufaktura aurreratuen esparruetan erreferentzia da Bizkaiko parkea. Berriki, Espainiako Teknologia Parkeen Elkarteak (APTE) ematen duen ‘Jardun onena’ saria irabazi du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak. Zehazki, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak jaso du saria. Parkeak berak, Eusko Jaurlaritzaren SPRI Taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak, EHUk eta aeronautika eta makina-erraminta sektoreetako 40 enpresek bultzatu eta eratu dute zentro hori.

Saritutako zentroak, APTE osatzen duten 60 parke baino gehiagoren artean lortu du saria, eta fabrikaziorako teknologia aurreratuak garatzen ditu berehala industria-sarera transferitzeko. Bizkaiko parkean 240 enpresa daude finkatuta eta 8.605 pertsona ari dira horietan lanean. Aurreko ekitaldian 3.002 milioi euroko fakturazioa lortu zuten enpresa horiek guztiek batera. Enpresa horien erdiak I+G egiten du eta horrek 266 milioi euroko gastua ekarri zuen ikerketan eta garapenean, 2016. urtean.

http://parke-eus.net/prueba_bizkaia/

GIPUZKOAKO ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA PARKEA, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA BIOZIENTZIAN

Hainbat sektoretako 130 enpresa baino gehiago ari dira lanean Gipuzkoako parkean, eta berrikuntzak eta talentuak bor-bor egiten du bertan, bereziki biozientziaren esparruan; izan ere, sektore estrategiko horrek Miramongo parkean du erdigunea, eta nazioartean arlo horretako egiazko erreferentzia bihurtzea lortu du. Parkean finkatuta dauden 131 enpresetatik 34 2016an sortu ziren, enpresa-habietatik, talentuaren eta berrikuntzaren zerbitzura dauden haztegietatik. Guztira, 4.739 langile ari dira lanean Gipuzkoan, horietatik 1.807 I+G esparruan. Parkeko enpresak eta ikerketa-zentroek 1.008 milioi euroko guztizko fakturazioa lortu zuten 2016an, eta 344 patente erregistratu zituzten. Gipuzkoako Parkean, berrikuntzarako eta jakintzaren transferentziarako 18 eragile biltzen dira gaur egun, sektore askotakoak. Horien artean, Basque Culinary Center, ikerketa gastronomikoaren tenplua; BioDonostia, Osasun Ikerketako Institutua; Inbiomed, birsortze-medikuntzaren arloko ikerketa-zentroa; eta Nanobasque.

https://parke.eus/gipuzkoa/

Partekatu

Beste berri batzuk