Tronboia izango da instrumentu protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean
Hiru tronboiez eta piano batez osatutako Tronboi-trifekta taldeak metalezko instrumentu honen bertuteak erakutsiko dituen garai eta estilo ezberdinetako errepertorioa eskainiko du larunbat honetan, otsailak 8, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan
Larunbat honetan, otsailak 8, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen 24/25 Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Tronboi-trifekta taldeak ‘Soinu metalikoa’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldeko lau interpreteetatik hiru Euskadiko Orkestraren kideak dira: Sergio Manteiga (tronboia), Christophe Sanchez (tronboia) eta Daniel Ruibal (tronboi baxua). Itxaso Sainz de la Mazak osatuko du taldea pianoan.
Tronboi-trifektak proposatzen digun Miramongo Matinée honetan tronboia bihurtuko da instrumentu protagonista, eta hau ez da oso ohikoa izaten. Oso soinu bereizgarria duen musika-tresna da, tonu metaliko, sakon eta durunditsukoa, kalitate distiratsukoa, nota altuetan bereziki hauteman daitekeena. Talde honetako tronboi hirukoteko bat tronboi baxua izango da, nota-mailagatik bereizten dena eta tronboi tenorra baino erregistro baxuagoetan jotzeko diseinatua dagoena.
Kontzertu honek hainbat garai eta estilotako lanen bidez tronboiaren aldakortasuna nabarmentzen duen errepertorioa aurkezten du. Pergolesiren sonata barroko dotoreetatik hasi eta Steven Verhelsten Fire Horse bezalako konposizio garaikideetaraino, tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu programak.
Pieza aipagarrienen artean, David Popperren Requiemaren tronboi eta pianorako moldaketa entzungo dugu, instrumentuaren hunkigarritasuna nabarmentzen duena, eta baita André Lafosseren Suite impromptu ere, obra dinamikoki eta teknikoki desafiatzailea. Gainera, Brian E. Lynnen Bachy Thingsek Johann Sebastian Bach maisu barrokoari ukitu modernoa eskainiko dio.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.