Txinak eta Estatu Batuek berrikuntzari eta enpresen posizionamenduari buruz hausnartuko dute Bilbon, merkatuko arau berriak kontuan hartuta

Gipuzkoa

 

• Bilbon ospatuko den Business Global Conference+i Biltzarrean  AEBetako eta Txinako adituak  eta arrakasta izan duten enpresa batzuk elkartuko dira, bertaratutako guztiei azaltzeko zein estrategia erabili duten krisia aukera bihurtzeko.

• Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez antolatu duen biltzar hau BECen ospatuko da datorren azaroaren 10ean.

 • Michael Schrage-k, MITeko irakasleak eta berrikuntzaren arloko munduko aditu handienetakoak, enpresaren barruan berritzeko giltzarriak emango dizkigu.

 • Leslie Young adituak, Asia- Pacific Institute of Business erakundeko zuzendariak, Txinako berrikuntzari buruz duen ikuspegia azalduko du.

 • Parte hartu nahi dutenek www.ibgconference.com web orrian eman dezakete izena.

 

Munduko bi potentzia handienetako (hots, AEBetako eta Txinako) adituak Bilbon elkartuko dira, berrikuntzaren bitartez, krisia aukera nola bihurtu azaltzeko. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez antolatutako Business Global Conference+i Biltzarrean izango da hitzordua, datorren azaroaren 10ean (BEC-en).

Michael Schrage-ek, MIT Sloan Management’s Center for Innovation Massachusetts (EE.UU) erakundeko irakasleak eta berrikuntzaren arloko munduko aditu handienetakoak, enpresaren barruan berritzeko giltzarriak emango dizkigu. “Berritu ala gelditu” izenburupean, Schrage-k berrikuntza prozesuetan murgilduta dauden enpresen aholkulari bezala daukan esperientzia partekatuko du bertaratutako guztiekin eta hainbat teknika azalduko ditu: esperimentazio azkarra, simulazioa, diseinu digitala eta, bereziki, nola garatu konpainia baten produktu edo zerbitzu berriak kontsumitzaileengana helarazteko estrategiak edota nola sartu produktuetan bezeroen beharrizanak.

Estatu Batuetako ikuspegiari kontrajarriz, Leslie Young, Asia- Pacific Institute of Business erakundeko zuzendariak Txinako berrikuntzaren eta lehiakortasunaren nondik norakoak azalduko ditu. Hainbat gobernu eta erakundetako aholkulari izan den irakasle honek Txinako ekonomiaren eta enpresen hazkundeari buruzko analisiak egin ditu, eta produktuak, prozesuak eta kudeaketa garatzeko erabiltzen dituzten berrikuntza sistemak ere aztertu ditu.

Bestalde, gaur egungo erronkei erantzuten jakin duten enpresa batzuek beren kasu praktikoak azalduko dituzte. Hona hemen erronka horien zenbait adibide, gutxi batzuk aipatzearren: gero eta exijenteagoak diren merkatu eta kontsumitzaileak; eraginkortasunaren erronka edo enpresa fitness-a; globala izateko berrikuntza eta talentu berritzailea dinamizatzea, dena etengabe zalantzan jarriz ideia berriak sortzeko.

Kongresua ixteko, mahai-inguru bat egingo da, non hainbat tamainatako enpresa berritzaileek (Bizintek innova, Anboto Group, Ibermática, Fundació Hospital Clínic etab.) “garajeko” ekintzaileen berrikuntza eta ekintzailetza dinamikak alderatuko baitituzte erakunde handiek garatzen dituztenekin.

Biltzarrera joan nahi dutenek www.ibgconference.com web orrian eman dezakete izena.

Partekatu

Beste berri batzuk