Txinako hiru enpresa Euskadira etorri dira, ingurumen industrialaren arloko euskal esperientzia ezagutzeko

Araba

 

–       SPRI Taldearen eta Euskadiko Ingurumen Industrien Klusterraren (ACLIMA) bitartez etorri dira

–       25 euskal enpresak parte hartu zuten sektore horrek Txinan bizi duen egoera ezagutzeko antolatutako jardunaldian

–       Txinako enpresak ingurumen arloko euskal enpresa eta erakundeekin batzartu dira eta batzuk bisitatu ere egin dituzte

 

 

Ingurumenaren sektoreko Txinako hiru enpresa Euskadin izan dira hiru egunez, lehen eskutik ezagutzeko ingurumen industrialaren arloko euskal esperientzia. Ordezkari txinatarrak SPRI Taldearen (euskal enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publiko multzoa) eta Euskadiko Ingurumen Industrien Klusterraren (ACLIMA) bitartez etorri dira Euskadira.

Ordezkaritza honentzat diseinatutako egutegia iragan asteartean (hilak 11) hasi zen Txinako Ingurumen sektoreari buruzko enpresa jardunaldi batekin. Bertan izan ziren hogeita bost euskal enpresatako ordezkariak eta baita ere Cao Zhihong, Jiangsu probintziako Ingurumen zuzendaria. Jardunaldi hau Eusko Jaurlaritzak eta Jiangsu probintziako Gobernuak legealdi honetan sinatu duten lankidetza-akordioaren emaitza da.

Txinako hainbat enpresatako (hala nola, Yangzhou Chenglu Environmental Engineering, Nanjing CEC Enviro-Pro eta Suzhou Sujing Environmental Engineering) ordezkariek ere parte hartu zuten jardunaldian.

Testuinguru horretan, Txinako enpresek euskal enpresekin kolaboratzeko interesa azaldu dute zenbait esparrutan, esaterako uren tratamendurako teknologia berrietan (arazketa eta gatzgabetzea), gas isurien kontrolean, industri eta hiri hondakinen bidezko energi sorkuntzan, e.a.

Jardunaldiaren osteko bi egunetan ingurumen arloko euskal enpresa eta erakundeekin batzartu dira eta batzuk bisitatu ere egin dituzte.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk