Txorierriko 31 herritar izan ziren Btek 2016 jardunaldian

Bizkaia

Abenduaren 13an egin zen Btek 2016 jardunaldia, Ezagutu Aukeratzeko programaren barruan. Programaren helburua da Txorierriko Mankomunitateko ikasleei beren etorkizun akademikoa aukeratzeko behar duten informazioa ematea

Ezagutu Aukeratzeko programak ikasleentzako hainbat jarduera barne hartzen ditu, baina Btek jardunaldia gurasoentzat da; izan ere, haien rola funtsezkoa da seme-alabei laguntzeko eta aholkuak emateko. Hain zuzen ere, hiru alderdiri buruzko informazioa jaso zuten: heziketa-zikloak, unibertsitatea eta enplegua

IMG_3997 (1)Mankomunitateko Gazteria Saileko teknikari Fernando Gardeazabalek eman zion hasiera jardunaldiari, eta haren atzetik Ezagutu Aukeratzeko programaren koordinatzaile Isabel Pintor aritu zen; azken horrek programa jendaurrean aurkeztu zuen.

Politeknika Ikastegia Txorierriko orientatzaile pedagogiko Ainhoa Sanzek ikasleek beren ikasketetan har ditzaketen askotariko bideak azaldu zituen. Politeknika Ikastegia Txorierriko ekintzailetza-arduradun Marivi Cuartangok, berriz, bide horietako bakoitzeko zikloen eta lan-irteeren berri eman zien. Esteban Laraudogoitiak, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako enpresekiko harremanetako eta komunikazioko zuzendariordeak, unibertsitateko eskaintzari buruz hitz egin zuen, eta eskualdeko Tokiko Garapen eta Enplegu Agentziako zuzendari Alex Loustaunauk eman zion amaiera jardunaldiari, lan-eskaintzari buruz hitz eginez.

Gaur egungo gazteen langabezia-tasa altuak arriskuan jartzen du euren etorkizuna; hori aintzat hartuta, arazo horri aurre egiteko funtsezko hiru alderdi hauek landu zituzten jardunaldian: zertan garen onak jakitearen garrantzia, gaitasun pertsonalen eta profesionalen garapena eta hainbat hizkuntza ezagutzeko beharra.

Jardunaldiari amaiera emateko, bisitaldia egin zuten BTEK teknologiaren interpretazio zentroan.

 

Partekatu

Beste berri batzuk