Undak dio Makina-erreminta lehiakorragoa dela sektoreko elkarteek bat egin dutenetik

Araba

Industria sailburuak euskal enpresak goraipatu ditu gaur BECeko Bienalean dituzten standak bisitatu dituenean

Eusko Jaurlaritza, 01/06/2012

Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak BECen adierazi du gaur oso garrantzitsua dela bai Makina-erremintaren sektorea eta bai aste honetan antolatu den Bienala. Horrez gain, sektorearen indarra goraipatu du, zeina enpresen arteko etengabeko sinergian oinarritzen baita. Azken urte honetan bat egin dute sektoreko bi elkarte garrantzitsuenek eta horren harira adierazi du bat-egite hori “beharrezkoa zela lehiakortasuna hobetzeko” eta, sektorea nagusiki esportatzailea denez, “ezinbestekoa dela fabrikatzaile desberdinen indarrak eta interesak bateratzea”.

Horixe esan du Undak arlo honetan egiten den munduko azoka garrantzitsuenetako honen aurtengo edizioan parte hartu duen euskal enpresa bateko standa bisitatu duenean, eta AFMren (Asociación de Fabricantes de Máquina Herramienta) eta ATMren (Asociación Española de Exportadores de Accesorios, Componentes y Herramientas de Corte) bat egitetik sortutako AFM Advanced Manufacturing Technologies aipatu duenean.

Makina-erremintaren sektoreko fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiak bildu dira iragan astelehenetik bihar arte (ekainak 2) egingo den urteko industria topaketarik handienean. Guztira 25 herrialdetako 1.171 konpainiak (%46 atzerritarrak) erakutsi dituzte beren makina aurreratuenak eta fabrikazio prozesuetarako azken konponbideak, eta bost kontinenteetako bisitariak erakarri dituzte Bilbao Exhibition Centre-ra.

Industria sailburuak azpimarratu du Makina Erreminta dela euskal industriaren hazkunderako zutarri nagusia eta baita ere nabarmendu du sektore honek gaitasun handia duela teknologia berriak bultzatzeko eta kualifikazio profesional altuko langileria biltzeko, eta tradizio handia duela beren indarrak elkarte edo klusterretan batzeko.

Astebetez, Bilbao Exhibition Centre mundu mailako erreferentzia izan da makina erremintaren arloko berrikuntzan, eta hantxe ikusgai egon dira punta-puntako teknologiak, goi-mailako kalitateko ekipoak eta giltza eskuan produktuak, premia guztiei egokitutakoak.

Berrikuntza da sektore honetako lehiakortasunaren adierazle garrantzitsuenetako bat, baina gaur egun iraunkortasunean, dibertsifikazioan eta malgutasunean ere oinarritzen da elementu bereizle bezala.

Makina-erremintaren Bienala antolatzeko elkarlanean dihardute Eusko Jaurlaritzaren menpeko Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen (SPRI) bulego sareak eta Bilbao Exhibition Centre-ek atzerrian dituen eragileak, denak ere Espainiako Merkataritza Ganberek atzerrian dituzten ordezkariekin lankidetzan.

Partekatu

Beste berri batzuk