UPV/EHUren laborategia Bizkaiko Teknologia Parkean kokatu da
Neurogenomiks UPV/EHU laborategiak bere egoitza inauguratu zuen atzo Bizkaiko Teknologia Parkean eta bertan esklerosi anizkoitzerako terapiak aztertuko ditu. Aipatu gaixotasun kroniko neurologikoa sendagaitza da eta egun Europan 400.000 pazientek pairatzen dute, horien artean 2.000 Euskadin. Neurogenomiks laborategia esklerosi anizkoitzeko terapien farmakogenomikan –medikamentuek norbanakoetan dituzten eraginak aztertzeko informazio genetikoaz baliatzen den farmakologiaren alorra– oinarritutako ikerketa-azpiegitura da. Horrela, “medikuntza pertsonalizatuaren” bidean aurrera egingo da, droga bakoitza eta litezkeen konbinazioak paziente jakin baten genetika berezira egokituko baitira.