Urte ona mekanizatuaren sektoreako:%18 handitu zuen fakturazioa 2022an

Albisteak, Gipuzkoa

Mekanizatuaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreak % 18,6ko gorakada izan zuen fakturazioan 2022. urtean. Azpisektoreen araberako analisian, ia-ia antzeko igoerak ikus ditzakegu: mekanizatuarena % 18,1 hazi zen, eta galdaragintzarena eta deformazioarena, berriz, % 18,7

“Gorakada horrekin, pandemiaren aurreko kopuruetara iritsi gara, eta 2018ko eta 2019ko ekitaldietan lortutako emaitzak gainditu ere egin ditugu. Eta hori guztia, gainera, ziurgabetasun handiko egoeran; izan ere, 2022an, Ukrainako gerra egon zen, lehengaiak lortzeko zailtasunak izan ziren, eta energiaren eta intsumoen kostuak asko igo ziren”, esan du Fernando Gastaldo AFMECeko presidenteordeak.

Bestalde, esportazioak –zeinak fakturazioaren % 28,7 baitira– % 30,3 igo ziren 2022an. Helburu nagusiak Frantzia (% 22,9) eta Alemania (% 16,6) izan ziren, eta ondotik etorri ziren Italia (% 5,6), Ameriketako Estatu Batuak (% 5,3) eta Danimarka (% 4,9).

AFMECeko enpresek askotariko sektore bezeroak dituzte; besteak beste, ekipo-ondasunak eta makina-erreminta (% 22,8), energia-sorkuntza (% 19,2), automobilgintza (% 14,5), sektore aeronautikoa eta aeroespaziala (% 10,9), eta egitura metalikoak eta eraikuntza oro har (% 4,7).

Nagusiki enpresa txikiek osatzen dute sektorea. 187 enpresa daude elkartean, eta batez beste 25 pertsona ditu enpresa bakoitzak. Fernando Gastaldoren hitzetan, “sektorea ETEek osatzen dutenez, elkarlana funtsezkoa da proiektu handi samarrei heltzeko eta etengabe aldatzen ari den ingurune batean lehiakorrak izaten jarraitzeko. Elkarteak enpresen arteko elkarlana sustatzen duten zenbait lanildo ditu abian”.

Enpleguak % 1,8 egin du gora 2022ko ekitaldian; hortaz, finkatu egin da 2021eko ekitaldiko igoera (% 3,2).  Josu Riezu AFMECeko zuzendariaren hitzetan: “Oso sektore teknifikatua gara eta ondo prestatutako pertsonak behar ditugu. Gure enpresetan, pertsonen trebakuntzan inbertitzen dugu eta plantillak zaintzen ditugulako bereizten gara. Aurrean ditugun erronka nagusietako bat behar dugun talentu teknikoa izatea da. Ikasketak amaitzen dituzten gazteak ez dira nahikoak sektoreko enpresen beharrei erantzuteko. Lanean jarraitu behar dugu gure sektorea, eta oro har industria, erakargarriagoak izan daitezen ikasketak aukeratu behar dituzten gazteentzat.”

2022an, sektore enpresek % 23,1era handitu dute ekipamenduetako inbertsio-maila 2021eko ekitaldiari dagokionez. Fernando Gastaldoren arabera: “Exijentzia- eta zehaztasun-maila oso handiko sektore bezeroekin lan egiten dugu; hortaz, funtsezkoa da azken belaunaldiko ekoizpen-ekipamenduan asko inbertitzea. Gainera, elkartea enpresen digitalizazioa sustatzen ari da, eraginkorragoak eta lehiakorragoak izateko aukerak eskaintzen dituzten teknologia berriak sartuz. Hori horrela, administrazioek inbertsioa eta digitalizazioa sustatzeko martxan jartzen dituzten programak oso tresna interesgarriak dira, enpresei ekoizpen-ekipamendu onenak izateko eta lehiakortasuna mantendu eta handitzeko erraztasunak ematen baitizkiete”.

2022ko ekitaldiko datuek egoera positiboa irudikatzen dute; hala ere, badira kontuan hartu beharreko zenbait faktore, sektoreko enpresen artean kezka eragiten baitute. Fernando Gastaldoren hitzetan: “2022ko ekitaldian, lehengaiak lortzeko zailtasunak eta haien kostuen gorakada izan dira nagusi. Ondorioz, marjinak murriztu dira, lehendik ere estuak izan arren. Kezka orokorra da hau sektorean, ekonomikoki jasangarria izan behar baitu lehiakortasunean inbertitzen jarraitzeko, gizartearentzat balioa sortze aldera.”

AFMEC, ORDEZKARITZA NABARMENA SEKTOREARI LAGUNTZEKO

AFMECek mekanizatuaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreko enpresak biltzen ditu. 187 enpresa kide ditu eta haientzako jarduerak garatzen ditu, eremu hauetan: lankidetza, nazioartekotzea, prestakuntza, teknologia eta marketina.

AFM Cluster elkartearen kideetako bat da AFMEC, eta horregatik, berme handiagoekin ekin diezaieke mekanizatuaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreko erronkei, eta balio-kate barruan elkarlanean aritzeko aukerak ugaritu ditzake, 700 enpresa industrial baino gehiago biltzen dituen talde bateko kide denez.

Partekatu

Beste berri batzuk