Vodafone Business-ek hub bat sortu du, Covid-19aren ondoren ETEen enpresa-susperraldia sustatzeko
‘V-Hub’ek ETEen digitalizazioa sustatzeko gidak, aholkuak eta aholkularitza-zerbitzua eskainiko ditu
Vodafone Empresas-ek ‘V-Hub’ abiarazi du Erresuma Batuan, Alemanian, Espainian eta Italian. ETEei zuzentzen zaien zerbitzua da. Mundu digitalizatuagoan jarduteko orduan funtsezkoak diren alderdiei buruzko gida xehatuak eskainiko ditu; hainbat gai landuko ditu, besteak beste, webguneak sortzea, marketin digitala, telelana edo zibersegurtasuna.
ETEek sortzen dituzte lanpostu berrien % 61,3, bai eta Espainiako sektore pribatuaren enpleguaren % 71,9 ere; 3.900 milioi euroko balio erantsia egiten diote EBri. Hala ere, Vodafone Business-ek eginiko azterlan baten arabera, Espainiako ETEen % 56 inguruk espero du aurten onura baxuagoak lortzea, enpresa handien % 44ren aldean. Beraz, ziurtatu egin behar da ETEek beren ohiko jarduerari berriz heltzeko posizio sendoa izatea.
ETEei laguntza hobea emateko, Vodafone Business-ek ‘V-Hub’ espazioa sortu du. Bertan, bezeroek sarbidea izango dute online gidetara, bideoetara eta webinarretara, bai eta telefono bidezko eta txat bidezko zerbitzu batera ere; hala, enpresak zuzenean jarri ahalko dira harremanetan kontsulta bereziei erantzungo dieten adituekin. Telefono bidezko zerbitzu hori gaurtik aurrera dago erabilgarri, 900 922 990 zenbakiaren bidez; txat-zerbitzua, berriz, datozen egunotan jarriko da abian.
Zerbitzuak, halaber, tokiko bazkideen eta lider sektorialen ezagutzak eta esperientzia aprobetxatuko ditu, segmentu ekonomiko horri aurrera egiteko behar duen laguntza eskaintzeko. Edukia hainbat ulermen-mailatara egokituko da: hasiberrienen mailara, bai eta zerbitzu digitalen ezagutza zabalagoa dutenen mailara ere.
‘V-Hub’ gaur egun Vodafone Businessen bezero diren ETEei baino ez zaie eskainiko, doan, lehen 120 egunetan. Urteak aurrera egin ahala, zerbitzua zabaldu egingo da, ETEek beren artean elkarreraginean jardun ahal izateko foroa sartzeko. Foroa guztiei zabalik egongo da, eta, adimen artifizialean oinarrituta dagoenez, bezeroen funtsezko beharretara bideratzeko aukera emango du. Zerbitzu horri buruzko informazio guztia web-orrian kontsulta daiteke: www.vodafone.es/v-hub
Daniel Jiménez Vodafone Espainiako enpresen zuzendari nagusiak honako hau esan du: “ETEak Espainiako ekonomiaren bizigarria dira, eta funtsezkoa da Covid-19aren krisitik onik ateratzeko behar duten laguntza guztia ematea. Azken hilotan egiaztatu da zerbitzu digitaletan inbertitzen duten enpresek krisiari hobeto egin diotela aurre; horretarako, teknologia erabili dute, lan egiteko duten modua berehala egokitzeko. Orain digitalizatu nahi dutenei lagundu nahi diegu, aurrera egiteko bide zuzenetik doazela sinetsi dezaten”.