Wattio-k Argitu proiektuan parte hartu du, Gipuzkoan energia-kontsumoa murrizteko

Gipuzkoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimenak hasiera eman dio proiektu pilotu bati Tolosan, Orendainen eta Urola Erdia eskualdean

● Gailu batek etxe bakoitzeko gastu energetikoari buruzko informazioa jasoko du, eta erabiltzaileek euren fakturetan %18ra arte aurrezteko eraginkortasun-neurriak hartu ahalko dituzte

Wattio - ArgituGipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Argitu proiektu aitzindarian parte hartzen ari da Wattio, lurraldeko etxebizitzetan energiaren kontsumoa modu errazean murrizte aldera.

Proiektu pilotu baten bidez hasiera eman zaio Argitu programari Tolosan, Orendainen eta Urola Erdian. Kataluniako Rubí udalerrian gauzatutako esperientzia izan dute abiapuntu, non kanpainan parte hartu dutenen kontsumo energetikoa %18ra murriztu den.

Argitu egitasmoaren barruan, Wattiok gailu batez hornituko ditu etxebizitzetako koadro elektrikoak, elektrizitatearen kontsumoa denbora errealean neurtzeko. Telefonogunea ere ipiniko du, Internetera konektatu eta komunikazio-pasabide gisa erabiltzeko. Biltzen den informazioa webgunean jarriko da, erabiltzaileak ordenagailu edo telefono adimendu batetik kontsulta dezan.

Aholkulari energetiko izango da Argitu. Hala, etxeko gastu energetikoaren datu konparatiboak eskura izateaz gain, erabiltzaileek kontsumoaren baldintzatzaile nagusiak zein diren jakingo dute.

Besteak beste, kontsumoen historikoa ikusiko dute, hileko kontsumo-aurreikuspenak eta baita energia-kontsumo xehatua ere: etxetresna elektriko, sukalde zein ikus-entzunezko gailuak erabiltzearen ondoriozko gastu energetikoa, argiztapenarena, etab.

Gainera, etxeko aldiuneko kontsumoa ezagut dezakete erabiltzaileek, kontratatutako potentzia egokia den edo ez baloratzeko. Azkenik, beste erabiltzaile batzuekin hartu-emanean aritzeko aukera ematen du webguneak, hala nola kontsumoak konparatu, zalantzak elkartrukatu edo energia aurrezteko proposamenak egiteko.

Argitu programan parte hartu nahi duten Tolosako, Orendaingo eta Urola Erdiko biztanleek webgune honetan izena eman behar dute: www.argitu.eus. Ondoren, neurgailu energetikoa instalatuko zaie etxeko koadro elektrikoan, eta energiaren kontsumo-ohiturei buruzko galdesorta erantzungo dute.

Une horretatik aurrera, web-orrialdera sartu ahalko dira, eta kontsumo-datuak bilduko zaizkie urte batez. Denboraldi horretan, aholku nahiz proposamenak jasoko dituzte etxeko kontsumo energetikoa murrizteari begira.

 

Partekatu

Beste berri batzuk