Zazpi euskal erakunde Elektronika 2014n, sektoreko azoka internazionalik garrantzitsuena
- Zazpi euskal konpainiak Munichera bidaiatu dute aste honetan, Elektronika 2014n parte hartzeko. Osagai, sistema eta aplikazio elektronikoen sektorean erreferentziazko azoka internazionala da, eta 50 herrialdetako enpresa bertaratzen dira.
Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioetako Klusterreko (GAIA-TEIC Klusterra) eta Ulma Embedded, ZIV Aplikazioak eta Teknologia, Farsens, Fagor Automation, Ikor Technology Centre, Ikor Sistema Elektronikoak eta Tecci Zirkuitu Inprimatuak konpainietako arduradunek Munichera (Alemania) bidaiatu dute aste honetan, Elektronika 2014 azokan parte hartzeko. Sektoreko ekitaldirik garrantzitsuena da, eta azaroaren 11tik 14ra ospatzen da.
GAIAk antolatu du misio komertziala, eta gaur bukatuko da, lau lan-jardunaldi biziren ondoren. Egonaldian zehar, euskal elektronika-konpainiek bilerak eta aldebiko topaketak izan dituzte beste erakunde eta enpresa batzuekin. Horrez gain, erakundeetako batzuk berezko standa eduki dute azokan, eta bertan aurkeztu dituzte nazioarteko industriak sistema, osagai eta aplikazio elektronikoetan gauzatu dituen azken berrikuntzak eta garapenak.
Elektronika 2014 sektoreko ekitaldi internazionalik garrantzitsuena da, eta 50 herrialdek parte hartzen dute, Alemaniako, Txinako, Taiwango, Estatu Batuetako, Britainia Handiko, Hong Kongeko, Italiako eta Frantziako enpresa ugari, horien artean.
Tomas Iriondo GAIA-TEIC Klusterraren zuzendari nagusiak Munichetik adierazi duen bezala, “enpresak berebiziko ahaleginak egiten ari dira merkatu berriak bilatzeko. Nazioartekotzea da helmuga, eta ezin dugu hazteko premian atzean geratu, merkatu globalaren eskakizunei eraginkortasun eta lehiakortasun handiagoz erantzun nahi badiegu. Enpresek espezializatzeko laguntza publikoa behar dute”, azpimarratu du. Iriondok azaldu duenez, “azokara bertaratu diren euskal profesionalek gogor lan egin dute astean zehar, gure enpresen nazioarteko negozioaren bolumena areagotu eta proiektu/produktu lehiakorragoak diseinatuko ditugulako konfiantzarekin.
Elektronikaren sektorea Euskadin
Euskal Autonomia Erkidegoko 75 enpresa aritzen dira elektronikaren sektorean, eta GAIA-TEIC Klusterrera atxikita daude. Iaz, konpainia horiek 1.630 milioi euro fakturatu zituzten, eta handienen kasuan, 2014rako aurreikuspenek % 3 eta 6 arteko hazkundea izango dutela kalkulatzen dute.