Zientzia eta Teknologia Emakumeen Ikuspegitik aurrez aurre itzuliko da Espainiako zientzia- eta teknologia-parkeetara, STEM ikasketetan dagoen genero-arrakala txikitzeko
Zientzia eta Teknologia Emakumeen Ikuspegitik izeneko ekimenaren helburu nagusia da bigarren hezkuntzan STEM diziplinak aukeratzen dituzten emakumezko ikasleen ehunekoa handitzea
Proiektuaren 4. edizioan, APTEko kide diren 19 parke zientifiko eta teknologikok eta Espainia guztiko bigarren hezkuntzako zentroek hartuko dute parte
Proiektuaren lehen hiru edizioetan, bertaratutako nesken % 7k iritzia aldatu eta STEM ikasketaren bat aukeratu zuten
Iazko edizioa online formatura egokitu behar izan zen bere osotasunean, baina Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteak (APTE) sustatzen duen Zientzia eta Teknologia Emakumeen Ikuspegitik proiektua aurrez aurreko formatuan itzuliko da gaur, bigarren hezkuntzako ikasleen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetako ikasketak ikusarazi eta bultzatzen jarraitzeko.
Programa DBHko 1. mailatik 3. mailara bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta 2022ko apirilera bitarte izango da. Bazkide diren parkeetara bisitak, tailer praktikoak, eta “Mundua aldatu zuten emakumeak” eta “Mundua aldatzen duten emakumeak” erakusketetatik ibilaldia egingo dira programaren barruan eta, horrez gain, ikasleek nazio mailako lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute eta STEM ikasketen irteera profesionalen adibideekin ilustratutako gidak emango zaizkie: “Zer izan nahi dut handitzean?” eta “Zer dira teknologia disruptiboak?”.
Zientzia eta teknologiaren arloari lotutako jarduera profesionala bazkide diren parkeetan edo haien inguruan garatzen duten emakumeen hitzaldiak izango dira jardunaldietan.
Ekimenaren xehetasun guztiak eta gaurtik aurrera zenbait parke zientifiko eta teknologikotan egingo diren jardunaldietako egitarauak proiektuaren webgunean kontsulta daitezke; https://www.apte.org/ciencia-tecnologia-en-femenino, baita haien sare sozialetako profiletan ere.
Erakusketak
“Mundua aldatu zuten emakumeak” erakusketak zientzia eta teknologiaren historiako 31 emakume esanguratsu biltzen ditu. Bestalde, “Mundua aldatzen duten emakumeak” erakusketaren protagonistak zientzia eta teknologiarekin zerikusia duen jardun profesionala parke zientifiko eta teknologikoen inguruan garatzen duten emakumeak dira. Edizio honetan, 18 profil berri gehitu dira eta 134 emakume daude dagoeneko.
Gida ilustratuak
“Zer izan nahi dut handitzean?” gida ilustratuak STEM ikasketek dituzten irteera profesional batzuen adibideak ematen ditu. Bestetik, Teknologia Disruptiboen Espainiako Euskarri Teknologikoarekin (DISRUPTIVE) elkarlanean edizio honetarako sortutako “Zer dira teknologia disruptiboak?” dokumentuaren helburua da plataformak ardatz dituen 5 euskarriak ikusaraztea, eta arlo horiekin lotuta egon daitezkeen irteera profesionalen eredu batzuk ematea.
Lehiaketa
Proiektuak ikasle guztiak animatzen ditu “Garapen jasangarrirako erronken proposamen berritzaileak” lehiaketan parte hartzera, Nazio Batuetako 2030 Agendan zehazten diren garapen jasangarrirako helburuekin lotutako ekarpenak egiteko parke zientifiko eta teknologikoek abian jar ditzaketen ekimenetarako proposamenak bidalita.