Zientzia eta Teknologia Parkeak 35 urtetan egindako ibilbidea ezagutzera gonbidatzen du, Bizkaiko bost udalerritan zehar egingo den erakusketa berezi baten bidez

Albisteak, Bizkaia

Burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolitok parkeak garapen ekonomikorako zentro eta I+G polo gisa duen garrantzia hurbilduko diete herritarrei, 20 argazki artistikoren, azalpen-panelen eta QR kodeen bidez.

Irudiak Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarraren lanak dira. Nazioarteko hainbat lehiaketatan aintzatespena lortu duen autodidakta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen da

Erakusketa gaur inauguratuko da Abanto-Zierbenan –Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen etorkizuneko campus berriaren egoitza Eskerraldea-Meatzaldea energiaren sektorera bideratut– eta, ondoren, Leioan, Bilbon, Derion eta Zamudion egongo da

1985ean, Parkea apustu ausarta izan zen, aitzindaria Estatuan, eta gaur egun 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu, guztira, 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioarekin, eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretan

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, erakusketak parkeak Euskadiko ongizateari, oparotasunari eta jarduera ekonomikoari egiten dion ekarpena erakutsi gura die herritarrei

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak (BPZT/PCTB), lurralde honetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ekonomiaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko zentro nagusietako batek, hiru hamarkada eta erdiko jarduera ospatu gura du, herritarrei bere historia, ibilbidea, egungo errealitatea eta etorkizuneko planak ezagutaraziz. Eta horretarako, bost hilabetez Bizkaiko beste hainbat udalerritan zehar ibiliko den erakusketa berezia antolatu du. Erakusketa gaur inauguratu da Gallartan (Abanto-Zierbena), Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia bertan zela, Maite Etxebarria herriko alkatearekin batera, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez ‘Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean”.

Bestalde, Abanto Zierbenako alkateak eskerrak eman ditu erakusketarako udalerri hori aukeratzeagatik, eta gogorarazi du Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak zeregin garrantzitsua duela gure gazteentzat inspirazio-iturri diren ekoizpen- eta begirada-inguruneen eraldaketari dagokionez.

Normalean lankidetzan aritzen den ekosistema batean lan egiten duten eta etorkizuneko enplegua sortzen duten oinarri teknologikoko enpresak. “Erakusketak gure udalerrian, Ezkerraldea-Meatzaldeko Bizkaiko Parke Teknologikoan, laster errealitate izango denera hurbiltzeko aukera emango digu, gure herrian egongo baita, baina munduari begira”, adierazi du alkateak.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, aire zabalean ikusteko diseinatutako erakusketa da, eta burdin forjatuz eta corten altzairuz egindako 10 monolito handi ditu. Bi aurpegietan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpen-bideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezagutzaren eta talentuaren ekosistema iraunkor eta berritzailea

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea, 2016an Leioako campusean inauguratua, eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.

Bost hilabeteko ibilbidea beste horrenbeste herritan

Azken azpiegitura hori Abanto-Zierbenako udal-mugartean jarriko da martxan, eta aurreikuspenen arabera, lehen instalazioak 2022an hasiko dira lanean. Hori dela eta, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 35. urteurreneko erakusketa Meatzaldeko herri horretan inauguratu da. Izan ere, erakusketa udalerriko hiru kokalekutan instalatuko da: Gallartako Meatzariaren hiribidean, bertan inauguratu da, eta, ondoren, Las Carreras eta Sanfuentes auzoetara igaroko da. Ondoren, Leioa, parkeko beste egoitza bat bisitatuko du eta, gero, Bilbon erakutsiko da. Horren ostean, Derion eta Zamudion amaituko du ibilbidea, herri horietan hasi baitzen Parke Zientifiko eta Teknologikoa, eta instalazio gehienak bertan daude.

Erakusketa bost hilabetez jarraian egongo da ikusgai bost herri horietan; izan ere, urrian itxiko du bere ibilbidea Zamudion, PZTEE/APTEren (Parke Zientifiko eta Teknologikoen Estatuko Elkartea) biltzarrarekin bat etorriz. 10 monolitoak, ondoren, BPZT/PCTBn geratuko dira modu iraunkorrean.

Nazioarteko erreferentea

Erakusketaren ekimenaren helburua Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den azpiegitura baten balioa nabarmentzea eta herritarrengana hurbiltzea da. Baina ez du bere zeregina aberastasuna eta enplegua sortzera mugatu, aldi berean, teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren polo gisa erreferentzia ere izan da.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen. Gaur egun, 35 urte geroago, apustu hori erreferentea da nazioartean. Talentu- eta ezagutza-ekosistema batean dauden teknologia handiko enpresek funtsezko berrikuntza-gune garrantzitsua bihurtu dute BPZT/PCTB Euskadiren garapen ekonomikorako.

Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu gaur egun, 3.300 milioi euro baino gehiagoko fakturazio bateratuarekin eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretarako. 11.000 pertsona inguru ari dira parkean lanean; horietatik %7k doktoretza du, % 57k unibertsitate-titulua, eta % 20k 30 urte baino gutxiago ditu.

Bertan finkatutako enpresak liderrak dira Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, aeronautikan, automozioan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste. Halaber, hauek ere presentzia garrantzitsua dute parkean: enpresa klusterrak eta elkarteak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC), berrikuntza eta inkubazioa bultzatzeko eragileak, talentuari laguntzeko zentroak, fabrikazio aurreratuko zentroak, korporazioak eta zentro teknologikoak.

 

Partekatu

Beste berri batzuk