Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Foro Europarrean parte hartuko dute Euskadiko Teknologia Parkeek
Euskadiko Parkeen Sareko presidente Itziar Epalza bertaratuko da asteazkenean Malagan egingo den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Foro Europarrera. Europako 20 herrialde baino gehiagotako 2.500 ordezkari baino gehiagok ere parte hartuko dute. Horrenbestez, Euskadiko Teknologia Parkeak Transfiere Foroan egongo dira eta hitzordua izango dute I+G+B ekosistemako eta ezagutza eskualdatzearen arloko ordezkaritzarik handienarekin.
Europako hogei herrialde inguruk parte hartuko dute Transfieren, baita munduko beste kontinente batzuetakoak ere, hala nola: Argentina, Brasil, Txina, Kolonbia, Estatu Batuak, Iran, Maroko, Paraguay, Puerto Rico eta Dominikar Errepublika. Foroan, besteak beste, sistema berritzaileari eragiten dioten oraintsuko gaiak jorratuko dira, hogeita hamar mahai-inguru eta aurkezpen baino gehiago jasotzen dituen programaren barruan.
1.300 enpresa eta erakunde baino gehiagok baieztatu dute Transfiere Foroan parte hartuko dutela, eta, guztira, 2.265 proiektu teknologiko erakutsiko dira. Nabarmentzekoa da, aurten, 49 unibertsitatek parte hartuko dutela −hau da, %20 gehiago 2016arekin alderatuta− eta 275 ikerketa-talde. Era berean, 39 plataforma teknologiko egongo dira.