ZIVek 2M euro inbertitu ditu behe tentsioko sarearen operazioen kostua murriztuko duten sistema adimendunak garatzeko

Ikuskapen sistema adimendunei esker, konpainia elektrikoek kostu operatiboak murriztu ditzakete Behe Tentsioko sarearen kudeaketan; sare horretatik hornitzen die energia saltokiei eta etxeei

Behe Tentsioko ikuskapena tresna garrantzitsua da energia sistemaren aktiboak kudeatzeko eta galerak detektatzeko

ZIVek oinarrizko sistema bat eta premia desberdinetara egokitzen den beste sistema aurreratu bat diseinatu ditu

Sistema berrien errentagarritasunaren gakoa dagoen azpiegitura berrerabiltzeko duten gaitasunean datza

Milango azken azokan aurkeztu da, eta harrera bikaina izan du

Dagoeneko bigarren mailako milaka azpiestazio monitorizatzen dira teknologia horrekin

Transformadoreak dira erdi tentsioko banaketa sarearen eta behe tentsioko sarearen arteko azken muga, non milioika kontsumitzaile baitaude konektatuta, eta, beraz, elementu kritikoa dira. Horregatik, bigarren mailako azpiestazioetako erdi eta behe tentsioko transformadoreak eta behe tentsioaren aldeko karga ikuskatzea aktiboak kudeatzeko tresna indartsua da, galerak detektatzeko edo karga orekatzeko.

Erronka horri aurre egiteko, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen ZIV enpresa bizkaitarrak bi milioi euro inbertitu ditu oinarrizko soluzio bat eta soluzio aurreratu bat garatzeko. Transformazio zentroak hainbat puntutan eta mailatan monitorizatzeko ekipamendu sorta bat da, estatuan presentzia handiena duten banatzaile elektrikoak dagoeneko erabiltzen ari direna.

Galder Vizcaya ZIVeko behe tentsioko eta neurketako produktuen arduradunaren hitzetan: “enpresa elektrikoentzat, hobekuntza hori behe tentsioko sarean aplikatzeak, eskaintzen dugun kontagailuen telekudeaketa adimenduna barne, operazioaren kostua gutxi gorabehera %30 inguru murriztea ekarriko du”. Eta hau gaineratu du: “sistema berrien errentagarritasunaren gakoa dagoen azpiegitura berrerabiltzeko duten gaitasunean datza, eta inplementatzeko epea ere murrizten da. Bi soluzioak esparru nazionalera hedatuko dira datozen urteetan, eta informazio erabakigarria emango dute elektrizitate enpresen aktiboen kudeaketa hobetzeko”.

ZIVek espero du soluzioa nazioartean ere zabalduko dela. Abenduan Milango Enlit-Europe azokan aurkeztu zituen bere sistema berriak, neurketarako kontagailu adimendunen sortarekin batera, zeinak munduko erreferente bihurtu baitu behe tentsiorako soluzio adimendunetan. Daniel Herrero zuzendari komertzialak adierazi duenez: “merkatuan prestasun handia dago behe eta erdi tentsioko sareak kudeatzeko proposamen berriak hartzeko. ZIVek ikuspegi argia du zentzu horretan, eta hainbat ingurunetara egokitzeko gai diren soluzio malguak eskaintzearen aldeko apustua egiten du”.

ZIVek I+Gan inbertitzen jarraitzeko apustua berretsi du, energia sistemaren deskarbonizazioan eta jasangarritasunean lagunduko duten irtenbide berritzaileak eskaintzeko.