Zortzi euskal enpresak jaso dituzte ETE Tresna programako laguntza europarrak

Araba

–       Plan erakargarria da, 2.800 milioi euroko diru-hornidura baitu enpresei proiektu berritzaile baten bitartez hazten laguntzeko.

–       Onuradunek hainbat sektoretako proiektuak aurkeztu dituzte: bioteknologia, nanoteknologia, automozioa, telekomunikazioak eta energia

–       Azpimarratzekoa da planaren bigarren fasean bi euskal enpresa sartu direla Espainian hautatu diren hamabien artean.

2014an zortzi euskal enpresak jaso dituzte Europar Batasunaren ETE Tresnaren laguntzak, tresna horren helburua delarik laguntza ematea berrikuntza proiektu baten bidez hazteko, garatzeko eta nazioartekotzeko asmoa duten enpresei. Plan erakargarria da, 2.800 milioi euroko diru-hornidura izango duelako datozen zazpi urteetan; gainera, Horizontea 2020 programaren barruan sartuta dago, ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko estrategia europarrean alegia.

Hona hemen diru-laguntza horiek jaso dituzten euskal enpresak: Biolan, Graphenea, Sapa Operaciones, Bioftalmik (koordinatzaile frantses baten kolaboratzaile bezala), Artinvet, Lointek, Farsens eta Lancor. Enpresa horiek bioteknologia, nanoteknologia, automozio, telekomunikazio eta energia sektoreetan egiten dute lan.  Espainia izan da programa horretan enpresa gehien sartu dituen herrialdea, 84 guztira.

Plan europar honek faseka funtzionatzen du. Lehen fasean, ideia berri baten bideragarritasun zientifikoa edo teknikoa eta potentzial komertziala aztertzen da (kontzeptu froga), proiektu berritzaile bat garatzeari begira. Proiektuak ebaluazio horretan emaitza ona lortzen badu, hurrengo faseetan finantzaketa jasotzeko aukera izango du. Bigarren fase horretan lau euskal enpresa sartu dira eta Espainia osoan 72.

Bereziki ona izan da bigarren faserako deialdia -demostrazio eta erreplikazio komertzialarena-, zeinetan babesten baitira demostrazio jardueren (probak, prototipoak, anpliazio azterketak, diseinua, prozesu pilotu berritzaileak, produktuak eta zerbitzuak, errendimendua egiaztatzea, e.a.) eta erreplikazio komertzialaren inguruko ikerketa eta garapen lanak. Bigarren fase horretara Euskadiko bi enpresa iritsi dira Espainian hautatu dituzten 12en artean.

Badago hirugarren fase bat ere, merkaturatzearena hain zuzen, baina horrek ez dauka finantzaketa zuzenik. Aitzitik, hainbat laguntza ekintza garatuko ditu, esaterako Europako Arrisku Kapitaleko erakundeen aurrean aurkeztea.

ETE Tresna programak ETEen proiektu izarrak finantzatzen ditu, baldin eta negozio aukera bat eskaintzen badute epe ertainera hazteko. Onartutako proiektu bakoitzak gehienez 2,55 milioi euroko finantzaketa publikoa jaso dezake.

Partekatu

Beste berri batzuk