ZTE multinazional teknologikoak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean instalatuko du Europako hegoalderako egoitza, Euskaltelekin aliantza estrategikoa eginda

Bizkaia

  • Telekomunikazioen sektorean erreferentziazko nazioarteko konpainia den ZTEren eta Euskaltelen artean aliantza estrategiko teknologiko bat izateak aukera emango du Euskadin aberastasuna eta enplegu kualifikatua sortzeko, eta sektoreko beste industria batzuetarako eragilea izateko.
  • ZTEren Euskadiko zentro berriak bermatua du lan-kargaren hazkundea; izan ere, berehala hartuko du beste operadore batzuentzat Espainian, Portugalen eta Europako hegoaldeko beste herrialdeetan garatzen ari den zerbitzuen ardura.
  • Nazioarteko esparruan lider diren konpainiekin aliantza estrategikoak lortzeko helburua duenez, Euskaltelek lehentasuna ematen die Euskadin bikaintasun teknologikoko zentroak sortzeko konpromisoa hartzen duten enpresei, enpresa berrien eragile izan daitezen eta gure herrialdean inbertsioak egin ditzaten.
  • Hamar urteko iraupena izango duen hitzarmen honen bidez, ZTEko langile izatera pasatuko diren Euskalteleko langileei lanpostua, gaur egungo lan-baldintzak eta antzinatasuna mantentzea bermatzen zaie, bai eta parke teknologiko berean lanean jarraitzea ere.
  • Euskaltelek eta ZTEk euskal etxeetarako ahots-zerbitzua IPan jarriko dute martxan. Sistema berri onen abantailetako bat da edozein ahots-, multimedia- eta datu-zerbitzu mota sar daitekeela sarean, Interneteko konexioa duen edozein medioren bidez (finko edo mugikor) atzi daitekeen plataforma bati esker.
  • ZTEk Euskaltelen eta Euskadiren aldeko apustu estrategiko garbia egin du, konpainia hori Europan zabaltzeko eragile izan daitezen.
  • ZTE Corporation telekomunikazio-ekipoen eta sareko irtenbideen hornitzaile global liderra da; 80.000 profesionaletik gora ditu, eta 160 herrialdetan jarduten du. Munduan I+Gko 18 zentro ditu, Ikerketaren eta Garapenaren alorrean diharduten 30.000 profesionaletik gora, eta unibertsitate propioa. 10.000 profesionaletik gora ditu sarea hedatzeko eta mantentzeko proiektuetan. Mundu mailan hazkunde azkarra izaten ari da, eta datozen urteetan telekomunikazioen merkatuko 3 onenen artean egotea espero du. Europan, Alemanian du zentrorik garrantzitsuena —Dusseldorfen—, eta 1.000 langile ditu.

firma acuerdo Euskaltel-ZTE 030 Euskaltelek eta ZTE telekomunikazioen nazioarteko enpresak 10 urterako aliantza estrategikoa sinatu dute.

Hitzarmen horren ondorioz, ZTEk Euskadin jarriko du Europako hegoaldean zerbitzua emateko egoitza, eta Espainiako, Portugalgo eta kontinenteko hegoaldeko gainerako herrialdeetako telekomunikazio-operadoreei emango die zerbitzua egoitza horretatik.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologikoa Parkean  (Zamudio) egoitza izango duen ZTEren enpresa berriak bermatua du lan-kargaren hazkundea; izan ere, berehala hartuko du beste operadore batzuentzat Europako hegoaldean garatzen ari den zerbitzuen ardura. Ondorioz, lanpostu berriak sortzea aurreikusten du. Enpresak EAEn izango du egoitza fiskala; beraz, zergak Euskadin ordainduko ditu.

Europako hegoalderako ZTEren zentro berriak hasiera-hasieratik bereganatuko du Euskalteleko Sareak eta Eragiketak sailetako pertsonen esperientzia profesionala; lanpostuei eustea, oraingo lan-baldintzetan lan egitea, antzinatasunari eustea, profesionalki garatzea eta lantokia Parke Teknologiko berean izatea bermatuko die langile horiei. Jasotako eskaintza guztien artean, hauxe izan da, aliantzak bilatzeko eta behin betiko partnerra hautatzeko garaian, Euskaltelen lehentasunetako bat.

Aliantza honen bidez, euskal operadoreak eraldatu egingo du Eragiketak eta Sareko teknologiak atalaren eredua, mundu mailako merkatu lehiakor berrira egokitzeko –bezeroei zerbitzu aurreratuagoak eta kalitate handiagokoak eskaintzeko aukera izango baitu– eta, hala, merkatuko telekomunikazio-sektoreko operadore lider gisa finkatzeko.

Hitzarmen estrategiko honen sinadura-ekitaldi ofiziala gaur goizean izan da, operadorearen Derioko egoitzan (Bizkaia). Euskaltelen aldetik, Alberto García Erauzkin presidenteak eta Fernando Ojeda zuzendari nagusiak hartu dute parte. ZTEren ordezkari gisa, Xiao Ming ZTE Europako lehendakaria eta Jia Yunpeng Espainiako eta Portugalgo ZTEko zuzendari nagusia etorri dira.

Alberto García Erauzkin Euskalteleko lehendakariak nabarmendu duenez, “telekomunikazioen sektorean erreferentziazko nazioarteko konpainia den ZTEren eta Euskaltelen arteko aliantzak aukera emango du Euskadin aberastasuna eta enplegua sortzeko, bai eta sektoreko beste industria batzuetarako eragile izateko ere, eta bultzada garrantzitsua izango da gure herrialdearen industriarako. Bere aldetik, ZTEk Euskadiren aldeko apustu estrategiko garbia egin du, konpainia hori Europan zabaltzeko eragile izan daitezen. Euskaltelentzat, bidelagun egokia da ZTE, sarea eta gure bezeroentzako zerbitzuak eraldatzeko bidean.

Xiao Ming ZTE Europako lehendakariaren esanean, aliantza hau ZTErentzat “funtsezko aurrerapausoa da Europako gure inbertsioetarako, gure konpainiara Euskalteleko langile oso kualifikatuen esperientzia eta jakintza ekarriko baititugu. ZTE hazten ari da Europan, eta profesional horien beharra dugu, proiektu berriak sendotasun gehiagorekin gauzatzen lagunduko baitigute”.

Datozen urteetan, telekomunikazioen sektorea sendotu egingo da Europan, eta Xiao Mingen hitzetan, “ZTE aldaketei aurre egiteko eta gure bezeroen beharrei azkarrago eta eraginkortasun gehiagorekin erantzuteko prestatzen ari da. Gure fokua oso argia da; parte hartzen dugun proiektuek onuragarriak izan behar dute gure bezero zuzenentzat eta azken erabiltzaileentzat”.

ZTE Europako lehendakariaren ustez, “Euskadin konpainia berri bat sortzeak eta une honetan bizitzen ari garen hedatze-faseak aukera ematen digute lan-aukera hobeak eskaintzeko eta lanpostu kualifikatuak sortzeko. Konpainia multinazional bat gara, eta Bizkaiko Parke Teknologikoan egongo den egoitza berritik zerbitzua emango diegu hainbat herrialderi, iaz Alemanian sortu genuen zentrotik egiten ari garen bezala; hain zuzen ere, handik kudeatuko dituzten bi kontratu berri iragarri dituzte duela gutxi. Horixe egingo dugu zentro honetatik ere, Europan sortuko dugun bigarrena izatearen abantaila izango du. Euskaltelek gure proiektua eta langileei eskaintzen dizkiegun lan-aukerak izan ditu kontuan. Horregatik gaude gaur hemen”.

Fernando Ojeda Euskalteleko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “Aliantza honek berehalako lehiakortasun-abantailak emango dizkio Euskalteli, gure merkatuan lider izaten jarraitzeko aukera emango digu, eta, hala, mundu mailako irtenbide teknologikorik aurreratuenak izango ditugu, gure bezeroei produktu eta zerbitzurik onenak eskaini ahal izateko”.

ZTEren irtenbide teknologikoek ahalmen handiagoa emango diote Euskalteli, eta, beraz, segurtasun handiagoa izango du, mantentze-lanak egitea errazagoa izango da, eta sarearen kudeaketa eraginkorragoa. Era berean, telekomunikazio-teknologiek une oro ekartzen dituzten eskakizun berriak ezarri eta egokituko dituzte. Euskaltelentzat, bidelagun egokia da ZTE, sarea eta gure bezeroentzako zerbitzuak eraldatzeko bidean.

Aliantza honek berehalako lehiakortasun-abantailak ekarriko dizkio Euskalteli:

–       Euskaltelek zenbait eragiketa-plataforma eta -tresnatarako sarbidea izango du; plataforma eta tresna horiek dagoeneko merkatuan daude, baina ezin ditu eskuratu, haien neurriagatik edo jabetzazko irtenbide bat ezartzeak luze joko lukeelako.

–       Euskaltelek bezeroaren esperientziaren alde egin du, sarea ardatz duen eragiketa-eredu batetik (NOC: Network Operation Center), bezeroak jasotzen dituen zerbitzuak ardatz dituen eredu batera (SOC: Service Operation Center) igaroz. ZTE erreferentziazko operadorea da CEM (bezeroaren esperientziaren kudeaketa) erako aplikazioetan.

–       Hitzarmenari esker, munduko merkatuan lider den enpresa baten produktu- eta zerbitzu-bilduma osoa izango du Euskaltelek.

–       Euskaltel sareen bilakaerara egokituko da, hornitzailearekin egindako aliantza baten bidez; aliantza horretan, bilakaerak eta arauak partekatu egingo dira, eta operadoreak eragina izango du produktu berriak garatzeko politiketan.

Euskaltelen eta ZTEren arteko lehen proiektua: Ahotsa IPan etxerako

ZTErekin dugun lankidetza eta aliantza teknologikoaren lehenengo proiektuetako bat da Euskaltelek euskal etxeetan IPan eskaintzea ahots-zerbitzua. Euskaltelek ahots finkoko zerbitzuan aurrera egingo du; izan ere, orain arte ohiko kommutazio-teknologietan oinarrituta eman du zerbitzu hori, baina, hemendik aurrera, ahotsa IPan eskainiko du.

Erabiltzaileekiko garden jokatuta, datozen hilabeteetan, IMS (IP Multimedia Subsystem) oinarri duen arkitektura berri baten laguntzaz eskainiko da zerbitzua; hain zuzen, harekin funtzionatzen dute hurrengo belaunaldiko NGN sare guztiek (Next Generation Network) telefonia eta multimedia-zerbitzuak IP bidez emateko.

Sistema berri onen abantailetako bat da edozein ahots-, multimedia- eta datu-zerbitzu mota sar daitekeela sarean, Interneteko konexioa duen edozein medioren bidez (finko edo mugikor) atzi daitekeen plataforma bati esker.

Joera da zerbitzu guztiek IPa izatea oinarri (ahotsak, datuek, bideoak eta abarrek). Bilakaera horri esker, oraingo eta etorkizuneko zerbitzu guztiak emateko prest egoteko aukera du Euskaltelek. Adibide nabarmen bat 4G mugikor-belaunaldi berria da. Izatez, dagoeneko IP soilik da, eta harekin ematen diren zerbitzu guztiak ere bai.

Aliantza estrategikoak

Euskaltelek nazioartean erreferentzia diren enpresa espezializatuekin aliantza estrategikoak egiteko politika bat garatu du, komunikazio-zerbitzuen eskaintza globala indartzen lagunduko dioten abangoardiako irtenbideak eta teknologiak garatzeko eta, hartara, geroz eta lehiakorragoa eta globalizatuagoa den sektore horretan indarrez lehiatu ahal izateko.

Euskadiko telekomunikazio-sektoreko enpresa liderra denez, Euskaltelek konpromisoa hartu du trakzio-jarduera egiteko, bai telekomunikazio-sektorean, bai Euskadiko gainerako ehun industrialean, sektorean erreferentziazkoak diren enpresak aliatu teknologiko gisa hartuta. Kasu honetan, Euskaltelek eta ZTEk Euskadin bikaintasun teknologikoko zentroak sortzeko apustua egiten dute, gure herrian inbertsio berriak eta negozio-aukerak sortzeko.

ZTE

ZTE Corporation telekomunikazio-ekipoen eta sareko irtenbideen hornitzaile global liderra da; 80.000 profesionaletik gora ditu, eta 160 herrialdetan jarduten du. ZTEren teknologia nazioarteko operadore nagusietan eta Fortune 500 zerrendako mundu mailako enpresetan hedatuta dago. Munduan telefono mugikorren fabrikatzaileetatik bosgarren handiena da. Patente teknologikoen erregistroan munduko bigarren igorlerik handiena izan da 2013. urtean, eta lehena, 2011n eta 2012an. Munduan I+Gko 18 zentro ditu, Ikerketaren eta Garapenaren alorrean diharduten 30.000 profesionaletik gora, eta unibertsitate propioa. 10.000 profesionaletik gora ditu sarea hedatzeko eta mantentzeko proiektuetan. Mundu mailan hazkunde azkarra izaten ari da, eta datozen urteetan telekomunikazioen merkatuko 3 onenen artean egotea espero du. Europan, Alemanian du zentrorik garrantzitsuena —Dusseldorfen—, eta 1.000 langile ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk