14,6 milioi euroko irabazi garbia izan du Euskaltel Taldeak lehen hiruhilekoan, % 10,9 gehiago
- Taldearen diru-sarrerak % 26,6 hazi dira: lehen hiruhilekoan, 176,6 milioi euro.
- Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) % 23,8 igo da, eta 84,2 milioi baino gehiagokoa izan da urteko lehen hiru hilabeteetan; horrez gain, diru-sarreren gaineko marjina % 47,7koa izan da.
- Cash flow operatiboa 50,3 milioi eurokoa da (% 12,3ko igoera, aurreko ekitaldikoarekin alderatuta); sarreren marjina, berriz, % 28,5ekoa izan da, % 31,5ekoa Taldearen hedatze-plana kontuan hartu Gabe.
- Beraz, Euskaltel Taldearen irabazi garbia lehen hiruhilekoan 14,6 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldiko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 10,9 gehiago.
- Bestalde, 2,3 milioi produktutik gora dauzkate kontratatuta Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek; alegia, azken hiruhilekoan, 25.000 kontratu berri egin dira.
Gaur goizean aurkeztu ditu Euskaltel Taldeak 2018ko lehen hiruhilekoko emaitzak: diru-sarreretan % 26,6 hazi da, eta, ondorioz, fakturazioa 176,6 milioi eurokoa izan da. Emaitza garbia 14,6 milioi eurokoa izan da, alegia, aurreko ekitaldiko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 10,9 handiagoa.
Ebitda, ustiapen-irabazi gordina, 84,2 milioi eurokoa izan da; beraz, % 23,8 igo da, eta diru-sarreren marjina % 47,7koa izan da. Cash flow operatiboa (Ebitdaren eta inbertsioen arteko diferentzia) 50,3 milioi eurokoa izan da (% 12,3ko igoera, aurrekoa ekitaldikoarekin alderatuta); sarreren marjina % 28,5ekoa izan da, eta % 31,5ekoa izango litzateke baldin eta Taldearen hedatze-plana kontuan hartuko ez bagenu.
Inbertitzaileei egindako jakinarazpenean, Francisco Arteche Euskalteleko kontseilari delegatuak nabarmendu du emaitzak horiek erakusten dutela operadoreak merkatuarekin hartutako konpromisoko alderdi guztiak bete dituela: “Merkatuari iragarri geniona bete dugu: hazi egin gara bezeroetan, diru-sarreretan, Ebitdan eta emaitzetan”.
Lehen hiruhileko honetako balantzean, nabarmentzekoa da produktu eta zerbitzuen kontratazioaren gorakada, negozio-unitate guztietan: 25.000 kontratu berri sinatu dira, eta 2017ko ekitaldian hasitako goranzko joerari eutsi zaio. Une honetan, Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek 2,3 milioi produktu dituzte kontratatuak. Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiaren hitzetan, “lehen hiruhilekoan gure bezeroen aldetik produktuen kontratazioak izan duen bilakaera ona honi zor zaio: balio erantsi goreneko produktuak paketeka eta bateratuta eskaintzeko estrategiarekin asmatu izanari; gure bezeroentzat, elementu bereizgarri honek balio handia du”.
Enpresa-bezeroen alorrean, nabarmentzekoa da 2018ko lehen hiruhilekoan izandako bilakaera, aurreko ekitaldiaren amaieran abiarazitako joera positiboari eusten baitio: % 2,5 hazi da, eta 49,3 milioiko diru-sarrerak lortu dira.
Enpresaren produktuak bateratzeko estrategiaren emaitza gisa, balio erantsi handiko bezeroen kopuruak (3-4 produktu kontratatuta dituztenak) handitzen segitzen du, eta bezeroen guztizkoaren % 68,6 izatera iritsi da; bezero bakoitzak batez beste 3,6 produktu ditu kontratatuak.
Etxeko segmentuan zerbitzuen eta produktuen kontratazioan izandako bilakaera positiboaren ondorioz, inoizko bezero-kopuru handienak lortu dira: % 85,4k banda zabala du (aurreko aldian baino 44 puntu gehiago), % 78,9k mugikorra du (oinarrizko 177 puntu gehiago) eta % 69,3k ordainpeko TBa du (oinarrizko 97 puntu igo da).
Bezero-hazkundea segmentu guztietan
Lehen hiruhilekoan izandako hazkundearen oinarrian dago segmentu guztietan joera egokia izan dela. Telefonia mugikorrean, lidergotza sendotu egin dugu, 18.000 linea berri gehiagorekin (933.000 linea ditugu).
Ordainpeko telebistari dagokionez, lehen hiruhilekoan 6.000 bezero berri gehiago lortuta, 4K Android deskodetzaile berriak produktu gisa izan duen arrakasta berretsi da. Une honetan, ia 400.000 erabiltzailek dituzte Euskaltel Taldearen telebistak eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak; gainera, laster Netflixen edukietara sartzeko botoi bat egongo da telebistako urrutiko aginteetan.
Banda Zabalean kontratatutako produktuei dagokienez, 3.000 gehiago izan dira 2018ko lehen hiruhilekoan, eta 492.000 erabiltzailetara iritsi da. Telefonia finkoan, berriz, alta-kopuru garbi positiboak izan ditugu, eta, beraz, aurreko hiruhilekoan Taldeko jarduera-segmentu guztietan izandako hazkundea berretsi dugu.
Hazkunde horretan lagundu du Nafarroan hedatzen hasi izanak. Lehen denda ireki du Euskaltelek lurralde horretan, Antsoainen hain zuzen ere, eta produktu eta zerbitzu aurreratuak merkaturatzen hasi da telefonia finko eta mugikorrean, banda zabalean eta telebistan. Foru-lurraldean hasi dira lehen bezeroak alta ematen.
Lehen hiruhileko honetan, Taldeak bere sarearen kalitatea eta ahalmena modernizatzen jarraitu du (2017an abiarazi zuen prozesua), batez ere Docsis 3.0 sare estandarra DOCSIS 3.1. bertsioarekin hobetzen. Hobekuntza horren bidez, abiadura handiagoa eta produktu eta zerbitzu gehiago eskainiko dizkie bezeroei Euskadin, Galizian eta Asturiasen.
Akziodunei ordainsaria
Taldeko akziodunen ordainketa-politikari dagokionez, Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak proposatu zuen akzioko 27,8 euro-zentimoko azken dibidendu bat banatzea akziodunei, 2017ko emaitzen kontura, ekitaldi horretako irabazi garbia oinarri harturik. Hurrengo Akziodunen Batzar Orokorrak onetsi behar du erabaki hori.
Akzioko 27,8 euro-zentimoko dibidendu horrek % 3,9ko errentagarritasuna du 2017ko azken hilabeteko batez besteko kotizazioarekiko, eta irabazi garbi bateratuaren % 100eko payout-aren baliokidea da.
Administrazio Kontseiluak dibidendu bat banatzea onartu zuen, akzioko 12,7 euro-zentimokoa (22,7 milioi euro guztira), zeina otsailaren 1ean ordaindu baitzen. Administrazio Kontseiluak proposatutako dibidendu osagarria (15,1 euro-zentimo akzioko) hurrengo Akziodunen Batzar Orokorrean onartu beharko da.
Kontseilari delegatuaren balorazioa
Lehen hiruhilekoko emaitzen aurkezpenean, Francisco Artechek laburpen hauxe egin du Euskaltel Taldearen egoerari buruz: “Negozio-mota guztietan igo dira bezero-kopuruak (telefonia finko eta mugikorra, banda zabala eta telebista), eta gorakada izan du diru-sarreretan eta errentagarritasunean, Espainiako iparraldeko operadoreen bateratze-prozesua amaituta; merkatuari iragarritakoa bete da”.
“Lehen hiruhilekoko emaitzek erakusten dute jasotzen hasiak garela azken hilabeteetan merkataritza- eta antolakuntza-integrazioarekin lotuta martxan jarri ditugun lan eta ekintza guztien emaitza. Ziur gaude merkatuari iragarri genion eta orain gauzatzen ari garen eraldaketak operadore askoz lehiakorragoa izaten lagunduko digula”, nabarmendu du.
Urteko erronkei dagokienez, Euskaltelen zuzendari nagusiak hauxe aipatu du: “helburu handiak ditugu oraindik: alta garbietan eta diru-sarreretan haztea, enpresen segmentuan hazten jarraitzea, negozio-prozesuak sinplifikatzea eta bateratzea eta, batez ere, gure bezeroen esperientzia hobetzea. Eta, bereziki, telebistako zerbitzu onena eta banda zabalean esperientzia onena eskaintzea (etxeko eta kaleko WiFia barne direla). Horrez gain, enpresentzako eta erakundeentzako laguntzaile onenak izatea haien eraldaketa digitalean”.