400 aditu baino gehiago izango dira Espainiako Senologia eta Bular Patologia Elkartearen XXX. Biltzarrean
• Topaketa Onkologikoa – Kutxaren Institutu Onkologikoak antolatu du, eta urriaren 20tik 22ra izango da. • Miramonen izango da, eta, horrekin batera, Senologiako Erizainen eta Teknikarien Atalaren VI. Bilera egingo da
Azken hamar urteotan bigarren aldiz, Onkologikoa – Kutxaren Institutu Onkologikoak Espainiako Senologia eta Bular Patologia Elkartearen Biltzar Nazionala egingo du. Aurtengoa XXX. Biltzarra izango da, eta urriaren 20tik 22ra egingo da. Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du, arloko profesionalek elkartasuna adierazi nahi baitiete gaixotasun hau duten emakumeei.
Diziplina anitzeko biltzar honekin batera, zirujauak, onkologoak, ginekologoak, kirurgia plastikoko, anatomia patologikoko eta medikuntza nuklearreko espezialistak, psikologoak eta erradiologoak bilduko dituena, Senologia eta Bular Patologiako Erizainen eta Teknikarien VI. Biltzarra izango da. Guztira, 400 aditu baino gehiago bilduko dira, eta, besteak beste, Bular Unitateek minbizi mota honen diagnostikoan eta tratamenduan duten eginkizun estrategikoari buruz eztabaidatuko dute hiru egun horietan.
Onkologikoa, zentro aitzindari bat
Biltzarra Miramongo Teknologia Parkean izango da. Batzorde antolatzailea Onkologikoko Bular Unitateko kide guztiek osatzen dute. Presidentea José Antonio Alberro doktorea da, eta presidenteordeak, berriz, Jesús Alfaro eta María Jesús Michelena doktoreak. Denek Onkologikoan dihardute, zentro mediko aitzindari eta berritzailean, eta bertako Bular Unitatea Estatu espainoleko zaharrenetako bat da.
Alberro doktorearen hitzetan, “XXX. Biltzarraren ideia nagusia Bular Unitateen garrantzia nabarmentzea da, baita horien eginkizuna ere tokiko planteamendu terapeutikoak –kirurgia eta erradioterapia– hain erasotzaileak izan ez daitezen eta sistemikoak, berriz, gero eta zuzenduagoak eta banan banakoagoak, profil genetikoaren edo jomuga terapeutiko berrien arabera”.
“Gaixotasuna diagnostikatuta duten lau emakumeetatik bat 50 urtetik beherakoa da”
Topaketan, besteak beste, “tratamenduak pertsonalizatzeko erabiliko diren” test genetikoetan eta bularraren irradiazio partzial azeleratua lortzeko terapia aurreratuenetan sakonduko da (terapia horiei esker, tratamenduak “orain artekoak baino laburragoak dira, eta ez hain erasotzaileak, eta emaitzak berberak dira”). Gainera, hiru egun horietan, kimioterapiaz kanpoko tratamendu sistemiko berriez, bular patologiaren irudi bidez diagnostikatzeko ikuspegi berriez, eta, nola ez, bularreko minbizia izan duten gaixoen bizi kalitatea hobetzeko moduaz hitz egingo da.
Bularreko minbiziak emakume gazteengan duen eragina ere aztertuko dute Biltzarrean. Alberro doktoreak azaldu duenez, “Bularreko minbizia diagnostikatuta duten lau emakumeetatik bat 50 urtetik beherakoa da”. Alberrok ere adierazi du tratamenduen helburu nagusia “gutxiagorekin gehiago lortzea” dela: eraso txikiagoa, kirurgia gutxiago, erradioterapia gutxiago, eta tratamendu sistemiko gutxiago, errendimendu handiagoa izateko, bai biziraupenari bai gaixotasuna sendatzeari eta bizi kalitateari dagokienez”.
Espainiako Senologia eta Bular Patologia Elkarteko (SESPM) presidente Carlos Vázquez doktorearen hitzetan, biltzar hau “topaketa bat da, ekarpen zientifikoetan oinarrituta ezagutzak eguneratzea eta Bular Unitateen bidez laguntza estrategiak eta SESPMko Ikasketa Senologikoen Taldearen bidez ikerketa estrategiak antolatzea ahalbidetuko duena”.
Nabarmentzekoa da programa zientifikoan lehen mailako arretako medikuentzat eta BAMEentzat ikastaro bat egongo dela Biltzarraren aurretik, profesional horiek senologian eta bular patologian izandako azken aurrerapenetan trebatzeko, gaixoek lehendabizi eurekin hitz egiten baitute, bai anbulatorioetan bai ospitaleetan.